Jaurlaritzak parke eolikoetan jauzia egin nahi du, Araban lau jarrita

Aixeindar sozietatearen bidez garatuko luke egitasmoa, eta EAEn instalatutako ahalmena %163 handituko litzateke. Iturrietako naturgunekoari eusten dio, protesta handiak sorrarazi dituen arren

Jaurlaritzak parke eolikoetan jauzia egin nahi du, Araban lau jarrita.
jokin sagarzazu
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak erronka handi bat jarri dio bere buruari: 2030erako haize errotekin loturiko energia egungoaren halako lau izatea. Helburu horri begira, Aixeindar sozietate publiko-pribatua sortu zuen iaz, Iberdrolarekin batera, eta atzo eman zituen ezagutzera bere lehen asmoak. Arabako mendietan lau parke eoliko jartzeko baimena eskatuko du, 250 megawatteko potentziarekin. Aurrera egingo balute, nabarmen handituko litzateke gaur egungo ahalmena (%163 gehiago), Jaurlaritzaren menpeko lurraldeetan, 153 megawatteko (MW) potentzia baitago instalatuta orain.

Zehazki, Arkamon, Iturrietako mendietan, Azazetan eta Labrazan jarri nahi dituzte haize errotak. Arkamokoa litzateke handiena, 95 MWeko ahalmenarekin. 75 MWekoa izango luke Iturrietako mendietakoak, eta 40 MWkoa Azazetakoak eta Labrazakoak.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak atzo adierazi zuenez, parke horiek martxan jarriko balira. «urrats garrantzitsua» egingo litzateke energia berriztagarrien produkzioa eta kontsumoa handitzeko. «Urrats txikia badirudi ere, mugarri historikotzat hartzen dugu», azpimarratu zuen.

Ezustekoa aldundiarentzat

Hori esan eta ordu gutxira, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak aitortu zuen ezustean harrapatu zuela albisteak, eta esan zuen ez zuela iragarritako tramiteen berri. Oro har «halako egitasmoen» alde dagoela adierazi zuen, baina ohartarazi zuen ezinbestekoa dela ingurumen eta bestelako lege eskakizunak errespetatatzea.

Izan ere, proiektuok ez daude polemikatik salbu. Iturrietako mendiak, adibidez, 2015ean sartu zituzten Natura 2000 sarean, eta hegazti nekrofagoak kudeatzeko EAEko planean ere azaltzen da, interes bereziko eremu gisa. Aurtengo otsailean, Arabako Ingurumen eta Hirigintza diputatu Josean Galerak iradoki zuen aldundiak ez zuela babestuko han haize errotak jartzea. «Ezin dut argiago izan: mugak dituen kokaleku bat da», azpimarratu zuen EH Bilduren galderei erantzunez. Hilabete batzuk lehenago hasi zen Aixeindar proba batzuk egiten inguru horretan, baina 2020ko urtarrilean ezezagun batzuek bota egin zuten horretarako instalatutako dorre bat; ekainean, Arraia-Maeztuko udalak (EAJ) bertan behera utzi zuen baimena, sozietateak ingurumen lizentziarik ez zuelako.

Aurreko hamarkadan ere Eusko Jaurlaritzak eginak zituen saioak inguru horretan. 2002ko Energia Eolikoaren Plan Sektorialean jaso zuen kokapen posible gisa, baina erabakiak hautsak harrotu zituen, eta, herritarren eta ekologisten presioen ondorioz, proiektua eten zuten. 2008an, aldundiak han parke eoliko bat egitearen aurkako txosten bat kaleratu zuen.

Aixeindar ez da afera horiei buruz mintzatu, eta ez du epeei buruzko xehetasunik eman, baina baimenen inguruan jakinarazi du Espainiako Ekologia Trantsizio eta Erronka Demografiko Ministerioan eskatuko duela Iturrietan parke eolikoa eraikitzekoa, eta gauza bera egingo duela Arkamokoarekin eta Labrazakoarekin. Azazetakoa, berriz,Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapenerako, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean eskatuko du. Aixeindarrek azaldu duenez, tramitazioa leku ezberdinetan aurkeztearen arrazoia hauxe da: batetik, proiektuaren potentziaren arabera egin behar dela (50 MWetik aurrera Estatuko erakunde eskudunaren aurrean); eta, bestetik, proiektuak autonomia erkidego bati baino gehiagori eragiten dielako —Labrazakoak Nafarroa ere ukitzen du—.

Baina Arabako mendialdean ez ezik, beste eremu batzuetan ere haize errotak jartzeko lekuen bila ari da konpainia. Jakinarazi du neurketak egiten ari dela, «tokian tokiko potentziala ezagutu nahian eta egitasmo berriak abiarazteko aukera ebaluatzeari begira». Aixeindarrek justifikatu duenez, «kontsentsu erabatekoa» dago energia eolikoa sustatzeko, «ekonomiaren deskarbonizazioari eta klima aldaketari aurre egiteko tresna edo palanka gisa». Eta nabarmendu du euskal industriak «punta-puntako enpresak» dituela parkeen diseinua, prestaketa eta ekoizpen osoa aurrera eramateko. Antzera mintzatu zen Tapia. Azpimarratu zuen Aixeindarrek aurkeztutakoa «Euskadiko eta Euskadirako energia sortzea eta kontsumitzea ahalbidetuko duen» egitasmo bat dela eta «enplegua sortzeko aukera bat».

Nafarroan bizkorrago

Koronabirusaren krisiak beste etenaldi bat eragiten ez badu, hurrengo hilabeteetan eta urteetan energia eolikoak beste suspertze bat izango du Hego Euskal Herrian —Ipar Euskal Herrian ez da proiekturik martxan—. Ohi bezala, Nafarroan doaz bizkorrago proiektuak —han dago Euskal Herrian instalatutako potentziaren %80tik gora—, eta ekainetik martxan da Euskal Herriko parke eoliko handiena, Cavarrekoa. Valtierrako eta Cadreitako lurretan dago, eta Iberdrolaren proiektua da. Berez, lau parke biltzen ditu, eta 32 haize errota, Siemens Gamesak egindakoak.

Orain arte, parke gehienak Iruñerritik behera kokatu badira ere —Leitzako Aritz-Kornieta da salbuespena—, iparraldean ere badira orain proiektu batzuk. Lesakako Agiña eta Gardelegi mendien inguruan, adibidez, tramiteak hasi dituzte Nordexek eta Accionak, 11 haize errota jartzeko. Bizilagun batzuk Endara Bizirik plataforman batu dira, eta aurkako kanpaina bat abiatu dute: salatu dute parke eolikoak «ingurumen balio eta ondare arkeologiko eta historiko handiko» inguru bat suntsituko lukeela. Inguru hori Gipuzkoako Aiako Harriko parke naturalaren mugan dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.