Jaurlaritzak parke eoliko bat jarri nahi du aurten, Iturrietako mendietan

Haize errotak kokatzeko zortzi leku aztertzen ari dira, eta bostetan jartzea espero dute. Aixeindar arduratuko da, EEEk eta Iberdrolak sortutako enpresa

Gipuzkoa eta Araba artean dagoen Elgea mendilerroan jarri zituen Eusko Jaurlaritzak lehen haize errotak, 1994an. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iker Aranburu - Jokin Sagarzazu
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Ia hamabost urteko etenaldiaren ondoren, energia eolikoari bultzada bat emateko zorian dago Eusko Jaurlaritza. Parke eoliko bat jarri nahi du aurten bertan. Iturrietako mendietan izango da ziurrenik, Erroetako lurretan (Araba). Aixeindar enpresa da sustatzailea, Jaurlaritzaren menpeko EEE Energiaren Euskal Erakundeak Iberdrolarekin batera sortutako sozietatea. Energia konpainiak Aixeindarren %60 izango du, eta gainontzeko %40 EEEren esku izango da.

Aixeindarren aurkezpen publikoa atzo egin zuten, EEEren Bilboko egoitzan. Han, Iñigo Ansola EEEko zuzendariak eta Julio Castro Iberdrola Renovablesko kontseilari ordezkariak azaldu zuten zortzi kokaleku aztertzen ari direla haize errotak jartzeko, eta, esan zutenez, horietatik «bost-edo atera daitezke». 500 milioi euroko gastua aurreikusten dute 2030era bitartean. Ansolak azaldu zuenez, ekoizten den energiaren araberakoa da aurrekontua: bere kalkuluen arabera, azpiegiturak produzituko duen megawatt (MW) bakoitzeko milioi bat euroko inbertsioa egin behar da obretan. Egungo produkzioa bost bider handituko luke Jaurlaritzak.

Atzoko aurkezpenean, leku bakar bat aipatu zuten izenez: Iturrietako mendiena. Han haizea neurtzeko dorre bat jarri zuten, baina gaur egun ez dabil lanean, norbaitek txikitu egin duelako. Egitasmoaren sustatzaileen arabera, azpiegitura konpontzen ari dira. Erroetako lurretan dago estazioa, eta hango udal agintarien «babes osoa» jaso dutela azaldu zuen Ansolak.

Beraz, aurten nonbait parke bat jartzekotan, han jarriko dute, haizearen indarra eta norabidea neurtzeko saioek urtebete inguru irauten baitute. Eta beste horrenbeste ingurumen eta administrazio baimenek. Emaitza positiboak izanez gero, Iturrietako mendietako haize errotak 2020 amaiera edo 2021aren hasierarako egon daitezke argindarra produzitzen.

Nafarroan, aurreratuago

Ez da lehen aldia EEEk eta Iberdrolak elkarrekin lan egiten dutela energia eolikoa sustatzeko. Eolicas de Euskadi erdibana sortu zuten, eta haren bitartez egin zituzten bost parke eoliko: 1994an, Elgean (Araba-Gipuzkoa); 2003an, Oiz mendian (Bizkaia); 2005ean, Badaian (Araba); eta 2006an, Luzuero-Bilboko portuan. 2007. urtean, ordea, behin parkeak martxan zeudela, EEEk bere zatia saldu zion Iberdrolari, eta hark Renovables adarrean sartu zituen.

Orduz gero, ez da haize errotarik jarri Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko parke sektorialak hamabost parke gehiago egitea aurreikusten zuen, baina, herritarren eta ekologisten protesten ondorioz, proiektuak etetea erabaki zuten Jaurlaritzak eta hiru aldundiek. Espainiako Gobernuak 2012an energia berriztagarrien aldeko laguntzak kendu izanak eragina izan zuen asmo guztiek bazter batean jarrai zezaten.

Horren ondorioz, gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan argindar kontsumoaren %14 besterik ez da energia berriztagarrien bidezkoa, eta Parisko Hitzarmenak ezartzen du %32koa izatea 2030. urtean. Eusko Jaurlaritzak eolikoaren zein fotovoltaikoaren instalazioak bikoizteko xedea du, eta helburu gisa jarri du 2030erako kontsumoaren %21 izatea bi energia iturri horietatik. Eolikoari dagokionez, apustua bost bider indartzeko gertu dago Jaurlaritza: 153 MWetik 783 MWera. Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialean jasoko dituzte proiektuak.

Gauzak askoz aurreratuago daude Nafarroan. Euskal Herrian ezarritako 45 parkeetatik 41 lurralde horretan daude, eta uneotan beste 650 MW gehitzeko hamasei proiektu daude bidean: horietatik hamarri jada baimena eman die Nafarroako Gobernuak, eta, ondorioz, 224 MW ezartzeko lehen urrats erabakigarria egin dute jada. Ipar Euskal Herrian ez dago haize errotarik, ezta jartzeko proiektu sendorik ere.

Azken hamar urte luzeetan haize errota gehiago instalatu ez diren arren, energia eolikoari buruzko industria sendo bat dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iñigo Ansola EEEko zuzendariak azpimarratu duenez, lurralde horiek «teknologiaren abangoardian» daude energia eolikoaren eremuan. Hark emandako datuen arabera, 105 enpresak baino gehiagok dihardute, 15.000 pertsonari lana ematen die, eta 7.322 milioi euro fakturatzen dituzte urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.