«Paper errea» da lehen sektoreari bultzada emateko zenbait konpromiso jaso zituen dekalogoa. Eusko Jaurlaritzari hori aurpegiratu dio gaur ENBA sindikatuak, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburua zenak agiri hori aurkeztu zuenetik zortzi hilabete bete diren egunean. «Tamalez, han jasotako neurri gehienak martxan jarri gabe daude».
Dekalogoa nekazarien protesta betean aurkeztu zuen Jaurlaritzak, eta harekin bat egin zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek. Besteak beste, laguntzak sinplifikatzeko eta otsoaren babesa murrizteko konpromisoa hartu zuten.
Horiek izan duten garapena izan du hizpide ENBAk, eta kontatu du ez dela inolako lanik egin «baserritarrak itotzen dituen burokrazia murrizteko eta sinplifikatzeko, ezta landa koaderno digitala abian jartzeko ere».
Zerrenda luzea
Otsoei dagokienez, ontzat jo du Amaia Barredo Nekazaritza sailburuak animalia hori LESPRE Babes Bereziko Erregimenean Dauden Basaespezieen Zerrendatik ateratzeko egindako eskaera. Aldi berean, ordea, Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak otsoa kudeatzeko planaren proiektua ondu du, eta hori kontraesana da sindikatuaren iritziz. Gehitu du fauna basatiak eragindako kalteen ebaluazio integralerako lanak ere ez direla hasi.
Bete gabeko konpromisoen zerrenda luzea da. Elikagai katearekin lotuta, ENBAk esan du Jaurlaritzak hitzeman zuela jarraipen batzorde bat sortzea, eta ustiategien errentagarritasunari buruzko aldizkako txostenak egitea.
Nekazariek eta erakundeek osatutako lantalde bat «berehala» martxan jartzeko eskatu du ENBAk, «sektoreak behar dituen neurriak aktibatzeko»
Familia Nekazaritzaren Legea ere iragarri zuen Tapiak, baina nekazariek ez dute haren berririk. «Nekazaritzako Aseguruen Mahaia ere ez da sortu, eta ez da handitu nekazaritzarako aseguruetarako laguntza», jarraitu dute.
Kontrara, sindikatuak aitortu du harrera ona izan dutela lehen sektorearen gaineko zergen inguruko proposamen berriek, «baina oraindik itxaron egin behar da araudietan islatzen diren ala ez ikusteko».
Amaitzeko, ENBAk, salaketa egiteaz gain, lanerako eta ekarpenak egiteko prest dagoela berretsi du. Horregatik, eskatu du nekazariek eta erakundeek osatutako lantalde bat martxan jartzeko «berehala», «sektoreak behar dituen neurriak aktibatzeko».