Imanol Pradalesek inoiz baino diru gehiago gastatu nahi du bere agintaldiko lehen urtean: 15.728 milioi euro. Iaz baino 703 milioi gehiago da hori (%4,7). Errekorreko aurrekontu hori bereziki zerbitzu publikoak indartzeko eta etorkizuneko erronkei erantzuteko baliatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta, horretarako, bultzada handi bat eman nahi die inbertsioei. Baliabide propioekin egingo du, gainera: lehen aldiz 1.500 milioi euro baino gehiago jarriko baititu gobernuak bere kutxatik. Kopuru horri Europako funtsak eta AHTaren lanetarako aurreratutakoa gehituz gero, 1.800 milioi euro baino gehiago dira, hots, iaz baino 124 milioi gehiago (+%8,8).
Noel d’Anjou Ogasun eta Finantza Sailburuak azpimarratu du aurrekontu «ausartak» direla, eta ekonomiaren testuinguruarekin bat datozela. Datorren urtean EAEko ekonomia %2,1 handitzea espero baitu, eta 15.000 lanpostu sortzea. Hala ere, zerga bilketari esker 1.400 milioi euro gehiago jasotzea espero bada ere, Jaurlaritzak zorra %53 handituko du inbertsioak egiteko: iaz baino 1.285 milioi euro denera.
119 milioi, energia enpresen eta bankuen zergatik
Eusko Jaurlaritzak 2025eko aurrekontu proiektua egiteko orduan, aintzat hartu du energia enpresa handiei eta bankuei ezartzen zaizkien zerga bereziak. Zehazki, 119 milioi euro jasotzea espero du, 2024an jasotakoa beste. Jaurlaritzak Madrilekin hitzartu baitzuen bildutakoaren %6,24 jasoko zuela. Zerga berezi hori luzatzearen alde agertu da Espainiako Gobernua, baina ez du azken erabakia hartu oraindik. Sailburuak azpimarratu duenez, tasa horiek zerga bilakatuz gero, horien kudeaketa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunen esku utzi beharko litzateke.
Horrez gainera, aurrekontuek %0,3ko defizita izango dute, kopurua oraindik Madrilekin hitzartu ez badu ere. Sailburuak esan du, halere, «zentzuzkoa» dela zenbateko hori, iazko bera delako. Horri esker, Jaurlaritzak eutsi egingo dio ikerketaren eta berrikuntzaren aurrekontua urtero %6 handitzeko konpromisoari. 680 milioi euro jarriko ditu 2025ean, hain justu ere.
Osasuna lehentasuna
Eusko Jaurlaritzak argi du osasuna dela aurrez aurre dituen erronka nagusietako bat, eta horri erantzuteko baliabide gehiago jarriko ditu datorren urtean. Zehazki, 215 milioi euro jasoko ditu Osasun Sailak (%4,4), eta 5.115, 9 milioi euroko aurrekontua izango du denera. Igoera horren zatirik handiena (172 milioi) Osakidetzarentzat izango da, eta, horrenbestez, 4.000 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du lehen aldiz. Batez ere osasun sistema publikoa «modernizatzeko» erabiliko da diru gehigarria.
Dirutan, Osasun Saila handituko da gehien, baina aurrekontuak baino bi hamarren gutxiago handituko da haren diru saila. Aurrekontuan duen pisua ere zertxobait jaitsiko da, beste urte batez. Sailburuak ez dio garrantzirik eman horri, edonola ere: «Botila erdi hutsik ikusteko modu bat da».
Hezkuntza Sailak, berriz, 121,6 milioi euro gehiago jasoko ditu (%3,9), eta 3.247,5 milioi euroko aurrekontua izango du. 168 milioi euro bideratuko ditu ikaskuntzarako espazio malgu berriak eraikitzeko, eta 137 milioi euro gehiago jarriko ditu unibertsitateaz kanpoko bekak handitu eta garraio zerbitzuak indartzeko. Langileen soldaten diru saila ere 47 milioi euro handituko da, sare publikoko eta itunpeko ikastetxeetako irakasleen soldatak parekatzeko konpromisoari erantzuteko.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sail berriak ere 50 milioi euro gehiago jasoko ditu, eta ehunekoetan gehien handituko den saila izango da. Bereziki EHUren aurrekontua handitzeko erabiliko dute sailaren aurrekontuaren zati handi bat, unibertsitateak aurten baino 400 milioi euro gehiago jasoko baititu (%4,1).
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontua ere %6,1 handituko da, eta bereziki euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko erabiliko da diru gehigarri hori. HABEk 59 milioi euro gehiago jasoko ditu, eta 35 milioi euro gehiago emango zaizkie sortzaileei laguntza zuzenetan.
Etxebizitzari garrantzia
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 1.224,9 milioi euroko aurrekontua izango du, eta ia dena Lanbide finantzatzeko erabiliko da (1.135,5). DSBE diru sarrerak bermatzeko errentarako 400 milioi euro gehiago jarriko du Jaurlaritzak, datorren urtean %1,5 handituko baitira prestazioak, iraileko KPI kontsumo prezio indizea aintzat hartuta.
Etxebizitza eskasiari eta gazteak emantzipatzeko duten arazoei aurre egiteko ere diru gehiago jarriko du Jaurlaritzak. Sail batzuen artean banatuko du diru hori. Hala, Etxebizitza Sailari dagokionez, %35,9 handituko du etxebizitza bat eskuratzeko programetara bideratutako dirua. Ogasun Sailak ere abalen programa bat ere jarriko du martxan, sailburuak iragarri duenez. Emantzipa programa garatzeko 53 milioi euro jarriko ditu, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailaren bitartez.
Jaurlaritzak 57 milioi euro gehiago emango dizkio Finantzen Euskal Institutuari —haren menpe dago enpresen errotzea bermatzeko Finkatuz funtsa—, eta 10,5 milioi euro jarriko ditu Euskal Administrazioaren Datu Zentroarentzat. Emakundek ia zortzi milioi euroko aurrekontua izango du, eta 1,8 milioikoa sexu indarkeriaren biktimentzako laguntza programa berriak.
Aldiz, apenas izango du igoerarik Segurtasun Sailak (+%0,8); aurrekontu berdintsua izango du Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak ere. Langile publikoen soldatak %2 handituko dira.
Aurrekontuak abenduaren 20an bozkatuko dituzte, Eusko Legebiltzarrean. Ostegunean hasiko dute tramitazioa, eta datorren astean aletuko ditu sailburu bakoitzak bereak.
EGUTEGIA
- Urriak 31. Aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dute, tramitazioari ekiteko.
- Azaroak 4-7. Sailburuek beren sailari dagokion aurrekontuak aletuko dituzte.
- Azaroak 7. Vox ez beste alderdi guztiekin bilera sorta abiatuko du Ogasun sailburuak.
- Abenduak 20. Aurrekontuak bozkatu eta onartuko dituzte Eusko Legebiltzarrean.