Diru laguntzak

Jaurlaritzak «ezohiko» beste inbertsio plan bat onartu du: 250 milioi eurokoa

101 milioi digitalizazioa bultzatzeko dira, 41 epaitegiak berritzeko eta 26 Alokabidek etxeak eros ditzan. Aurrekontuetatik kanpo onarturiko sorta bat da.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. MIKEL ARRAZOLA
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko irailaren 28a
19:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak estalkia kendu dio berriz itsulapikoari, eta beste 250 milioi euro atera ditu inbertsioak egiteko. Aurrekontuetan agertzen ez zen diru sorta bat da, eta hiru arlotako azpiegituretarako erabiliko du: gizarte mailakoak —epaitegiak, etxebizitzak...—, ekonomikoak eta energetikoak. Jaurlaritzak berehalako eragina izan dezan nahi du, eta 170 milioi aurten bertan erabiliko ditu. Beste 80 milioien banaketa hiru urteko epean tartekatuko du.

Jaurlaritzak, eskuak patriketan sartu, eta diruzaintza eta erkidego autonomoetako traspasoetako geldikinak aurkitu ditu, eta sos hori gizarteratzea erabaki du. Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du gobernuaren asmoa inbertsio publikoa ahalik eta gehiena handitzea dela, «baimenduriko mugak errespetatuz». Muga horiek, baina, aurreko urteetan baino lasagoak dira aurten. Jaurlaritzak BPGaren %2,2rainoko defizita adostu zuen Espainiako Gobernuarekin, eta malgutasun horrek ahalbidetu du inbertsio programa berezi berria onartzea.

2021erako aurrekontuak egitean Jaurlaritzak 1.000 milioi euro jarri zituen inbertsioetarako, eta, orain, 250 milioi gehituko dizkio, «plan gehigarri eta ezohikoan». Besteak beste, gastatu gabeko diru sortekin eta aurreikuspenen gainetik bildutakoarekin hornitu dute funtsa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek espero baino 537 milioi euro gehiago bildu zituzten iaz, eta 375 milioi Jaurlaritzarentzat izan dira.

Eta zertan inbertituko du diru hori? Erdia «gizarte azpiegituretarako» izango da, eta beste erdia industriaren eraldaketarako, azpiegitura energetikoetarako eta portu zein trenbideetako egitasmoetarako. Gizarte azpiegituretara bideraturiko sortarik handiena epaitegiak berritzeko izango da: 41 milioi euro guztira. 26 milioi Alokabiderentzako etxeak erosteko izango dira; 29 milioi Osakidetza ekipamendu berriekin hornitzeko; lau milioi Visesak etxebizitzak eraikitzeko lur berriak lor ditzan; eta 3,3 milioi EITBko azpiegitura batzuk berritu eta euskal artisten artelanak erosteko.

Zupiriak azaldu duenez, 101 milioi euro «eraldaketa digitalarekin harremana» duten proiektuetarako erabiliko dira. Horietatik 70 milioi industria eremuko egitasmoetarako erabiliko dituzte—hori da planeko sailik handiena—, eta beste 35 milioiak hezkuntza arlokoetan. Enplegua sor dezaketen inbertsioak lehenetsi dituzte.

Plana ez da Eusko Jaurlaritzak 2021ean indarrean dauden aurrekontu orokorren inguruan egin duen inbertsio publikoen arloko lehen esku hartze gehigarria. Iragan maiatzean, 180 milioi euroko beste sorta bat onartu zuen Enkarterri, Ezkerraldea, Meatzaldea, Oarsoaldea eta Aiaraldea eskualdeetan inbertitzeko.

Elikadura eta egurra
Plan oparoa ez da izan Gobernu Kontseiluak onarturiko laguntza bakarra, milioi bat euroko beste bat bideratu baitu berrikuntza sustatzeko elikaduraren eta egurraren sektorean. 800.000 euro sektore horietako enpresetan ikerketa departamentuak bultzatzeko dira, eta beste 200.000 Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko enpresak erakartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.