Jaurlaritzak ez du pentsioen sistema propio bat sortuko, dagoena «indartu» baizik

Gizarte Segurantzari dagokion eskumena lortu nahi du Lakuak, baina ez du hautsiko «erkidegoen arteko pentsioen elkartasun kutxa»

Fatima Bañez Espainiako Lan ministroa eta Maria Jesus San Jose Lan sailburua, artxiboko argazki batean. J. FONTANEDA / ARP.
xabier martin
2017ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Zoru «labainkorra» zapaltzea da Eusko Jaurlaritzarentzat Espainiako pentsioen sistematik atera eta sistema propio bat sortzen hastea. Maria Jesus San Jose Lan sailburuak EH Bilduk egindako galderari erantzunez Eusko Legebiltzarrean esandakoak islatzen du Lakuak ez duela inolako asmorik «erkidegoen arteko pentsioen elkartasun kutxa hausteko». «Jaurlaritzak ez du arriskurik hartu nahi hain gai labainkorrean», esan zuen atzo San Jose sailburuak (PSE).

Lakuak garbi utzi du Gizarte Segurantzari dagokion eskumena nahi duela, Gernikako Estatutuak jasotzen duela, baina Urkulluren gobernuaren bide orrian ez da ageri pentsioen euskal sistema bat sortzen hastea, Espainiakoaren bideragarritasuna oso zalantzazkoa den arren. Gizarte Segurantzaren eskumena lortu nahi du legegintzaldia amaitu aurretik Lan sailburuak, baina eskuduntza hori gaur egun indarrean dagoen Espainiako pentsioen sistema «indartzeko» litzateke, eta ez pentsioen euskal sistema propio bat sortzeko.

«Behiak ez duela gehiago ematen», ohartarazi zion sailburuari EH Bilduko Eva Blanco parlamentariak, eta esan zuen koalizio abertzalea pentsioen sistema propioa eratzearen aldekoa dela. Bideragarria dela ere erantsi zuen, egingarria, euskal ekonomista gehienek horrela babestu dutelako. Ekonometroaren emaitzei erreparatu zien Blancok. 500 ekonomisten artean egindako inkestan, %57k bideragarritzat jo dute euskal sistema bat eratzea.

Txostenak eta zorroztasuna

San Jose sailburuarentzat, ordea, «eztabaida ez dago» pentsioen sistema berri bat eratzearen inguruan, indarrean dagoena babestearen eta indartzearen inguruan baizik; horretarako nahiko luke Gernikako Estatutuak jasotzen duen Gizarte Segurantzari dagokion eskumena. Uste du sistema indartzen bada pentsioen geroa bermatuko dela, eta laguntzen emaria ez dela etengo.

Jaurlaritzak esaten duena bere jardunarekin laguntzen duela ere gogoratu zuen DSBE diru sarrerak bermatzeko errentari erreparatuz; «pentsio txikiak osatzen ditu hark», azaldu zuen. Horregatik, sailburuak egungo sistema babesten jarraituko du, «banaketaren eta belaunaldi arteko eta erkidegoen arteko elkartasunaren oinarriarekin». Hau da, Espainiako erkidego guztien kutxa komun bakarra hautsi gabe.

«Prest gaude sistema jasangarria egingo luketen soluzioen eztabaidan parte hartzeko, baina, horretarako, denbora behar da, txostenak eta zorroztasun handia», azaldu zuen sailburuak. «Estatutuak jasotzen duena oinarri hartuta negoziatuko dugu Espainiako Gobernuarekin», erantsi zuen eskumena lortzeko moduaz aritu zenean. Eskuduntza Euskal Herrira ekartzeko modua ahalbidetuko luketen «hitzarmenak» egin nahi ditu Lan sailburuak, «baina izaera bakarra eta banaketa hautsi gabe, pentsio sistemaren elkartasun printzipioa apurtu gabe».

Ekonometroaren emaitzak errespetatzen dituela gaineratu zuen Maria Jesus San Josek, baina ñabartuz ekonomisten iritzi horiek ez direla nahikoa zio Urkulluren gobernua pentsioen ahalezko euskal sistema baten bideragarritasunari buruzko iritzirik ematen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.