Jaurlaritzak Europako laguntzetako 1.047 milioi euro kudeatzeko eskatu du

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalek bat egin dute eskaerarekin.

Jaurlaritzak Europako diru laguntzak kudeatzeko eskatu du
Ezkerretik, Pedro Azpiazu sailburua eta Tamara Yague Confebaskeko presidentea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko abenduaren 11
17:40
Entzun

Espainiako Estatua diru mordoa jasotzen ari da Europako erakundeetatik proiektu estrategikoak garatzeko Next Generation EU programaren karietara, eta orain arte Espainiako Gobernuak kudeatu ditu funts horiek, ESEPE Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoen bidez. Baina Eusko Jaurlaritzak ere parte hartu nahi du diru horien kudeaketan eta banaketan, eta, Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazuren bitartez, proposamen bat egin du Jaurlaritzak, eta horrekin batera gainerako autonomia erkidegoetako gobernuek ere, esku har dezan eginkizun horretan.

Zehazki, aurreikusita dago 24.496 milioi euro jarriko dituztela proiektu estrategiko horietarako. Horietatik, 18.141 milioi banatu gabe daude oraindik; Europak ezarritako epea 2026an amaituko da, eta, ordurako kopururen bat banatu gabe geldituko balitz, Espainiak itzuli beharko luke hori.

Jaurlaritzaren proposamena da oraindik banatu gabe dauden 18.000 milioi horietatik %65, hau da, 11.792 milioi euro, autonomia erkidegoen esku uztea. Azpiazuk uste du banaketa horretan %8,8 legokiokeela EAEri, horixe baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriaren pisua Espainiaren menpeko lurraldeetako industria arloan. Kalkulu horien arabera, Jaurlaritzak 1.047 milioi euro izango lituzke eskura proiektu estrategikoak garatzeko.

Proposamena onartuz gero, diru laguntzak nora bideratu ere erabakita dauka Jaurlaritzak. Azpiazuk zehaztu duenez, hauek dira Europako funtsen bidez sustatu beharreko esparruak: bizitzaren luzerari, ongizateari eta erresilientziari dagokien arloa, banaketa sare adimendunak, itsas jatorriko energia berriztagarriak, trebakuntza zientifikoa eta teknologikoa, adimen artifizialaren eta zibersegurtasunaren inguruko arloa, Euskadi Sortzailea egitasmoa, hiri jasangarriak, klima aldaketaren kontrako lana, ekoberrikuntza eta Basque Mobility programa.

Maileguak ere bai

Beste esparru batean ere egin du Jaurlaritzak ardurak banatzeko proposamena: autonomia erkidegoen jasangarritasunerako funtsari dagozkion maileguetan, hain zuzen ere. 20.000 milioi euro da funts horren gehieneko kopurua, eta Jaurlaritzaren asmoa da Finantzen Euskal Institutuak horren kudeaketan parte hartzea bitartekari gisa.

Azpiazuk azaldu duenez, Jaurlaritzaren proposamena ez da asmo politiko hutsez egindakoa: aitzitik, «pragmatismo, eraginkortasun eta efizientzia auzi bat» da, haren esanetan. «Ez da logikoa baliabide horiek Espainiako Gobernuak kudeatzea autonomia erkidego bakoitzaren politika ekonomikoak aintzat hartu gabe».

Azpiazuk esan du EAEko erakundeek dakitela hobekien zein diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ehun ekonomikoaren egoera eta beharrak, eta, beraz, egokiagoa litzatekeela baliabideen banaketa erakunde horiek kudeatzea, baina nabarmendu du proposamena onartuz gero onuragarria izango litzatekeela gainerako autonomia erkidegoentzat ere. Esan duenez, horietako zenbaitekin hitz egin dute jada, eta «harrera ona» egin diote proposamenari. Azpiazuk ez du zehaztu zer erkidegorekin hitz egin duten, baina Valentzia eta Katalunia (Herrialde Katalanak) aipatu ditu, eta proposamena «begi onez» ikusi dutela erantsi du. Madrileko Autonomia Erkidegoarekin ez dute horretaz hitz egin.

Sailburuaren ustez, «porrot itzela» eta «aukera historiko bat» galtzea izango litzateke laguntzak Europara itzuli behar izatea orain arteko kudeaketa ereduarekin jarraitzearen ondorioz. «Bada garaia lankidetza eraginkorrari ekiteko, horrek ondorio positibo izugarriak izango bailituzke ekonomia ehunarentzat».

Jaurlaritzaren proposamenak patronalaren babesa jaso du. Confebaskeko presidente Tamara Yaguek parte hartu du aurkezpenean, eta Cebek, SEA eta Adegi hiru herrialdeetako patronalen ordezkariak ere han izan dira. Yaguek esan duenez, «kudeaketa deszentralizatuagoa eta gertukoagoa lagungarri izan daiteke Europako diru horiek erabat balia daitezen bultzatzeko. Ezin dugu onartu euro bakar bat galtzea autonomia erkidegoen parte hartze aktiboagoarekin konpon litekeen zerbaitengatik».

Yagueren ustez, Jaurlaritzak «hurbiltasuna eta esperientzia» erakutsiak ditu «enpresa eta industria politikak aplikatzeko eta hobetzeko orduan», eta eskarmentu luzea du «esparru publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan» ere. Haren esanetan, diru laguntzen banaketa ez da «behar bezalakoa»: «Laguntzak ez dira iristen euskal enpresetara». Jaurlaritzak produkzio ehuna ondo ezagutzeak eta enpresaburuen erakundeekiko tratuan lortu duen «konfiantzak», berriz, lagunduko lukete «banaketa arinagoa eta egokiagoa» lortzen, Confebaskeko presidentearen aburuz.

proposamena aurki aurkeztuko dute

Azpiazuk iragarri du proposamena aurki aurkeztuko dietela Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei: «Ez dugu uste Bruselak oztoporik jarriko duenik; azken finean, Europako erakundeak ez dira sartzen estatu bakoitzeko gobernantza ereduaren auzian, eta haien ardura nagusia da ezarritako xedeak betetzea». Beraz, Espainiako Gobernuaren oniritzia funtsezkoa izango litzateke eskaerak aurrera egin dezan.

 

Espainiako Gobernuaren jarreraz galdetuta, Azpiazuk gogorarazi du proposamena ez dela berria, Jaurlaritza 2021eko maiatzetik ari baita eskatzen diru laguntzen kudeaketan parte hartzeko: «Oraingo berritasuna da enpresaburuen elkarteen sostengua dugula, eta orduan baino denbora gutxiago geratzen zaigula». Sailburuak ez daki zein izango den erantzuna: «Gu optimistak izatera behartuta gaude. Gure betebeharra da proposamenak egitea eta horien alde lan egitea».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.