Espainiako Gobernuak 16.000 milioi euroren funts berezi bat sortu du bere menpeko erkidegoei osasun gastu gehigarriak eta beste gastu batzuk ordaintzen laguntzeko. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere jasoko dute dirua COVID-19 Funtsetik, baina oraindik ez dakite zehazki zenbat. Jaurlaritza, berez, oso haserre azaldu da Madrilekin, funtsaren banaketa «aldebakarreko planteamenduarekin» egin duelako, aurrez aurreko negoziaziorik gabe, legeak horretara behartzen duen arren.
Espainiako Gobernuak hiru ataletan banatu du funtsa: 9.000 milioi izango dira osasun gastuak ordaintzen laguntzeko, 2.000 milioi hezkuntza gastu gehigarrietarako, eta gainontzeko 5.000 milioiak, berriz, zerga bilketan izandako jaitsieraren zati bat konpentsatzeko.
Azken atal horretatik kanpo geratuko dira Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, foru ogasunen bitartez biltzen baitituzte zergak, eta ez Espainiako Ogasunak jasokoetatik.
Edonola ere, Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak iragarri du EAE eta Nafarroa «konpentsatu» egingo dituela, eta bi erkidegoekiko harremanetarako batzorde mistoan hitz egingo dutela gai horri buruz.
Batzorde horretan epelak entzun ditzake Monterok, baldin eta elkartzen direnerako ez bada baretu Jaurlaritzak atzo erakutsitako haserrea. Monterok azalpenak eman eta gutxira, agiri bat argitaratu zuen Jaurlaritzaren Ogasun Sailak, Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren premiazko bilera bat eskatzeko. Izan ere, Pedro Azpiazuren sailak uste du kupoa zehazteko metodologiari buruzko legearen «urraketa nabarmena» egin duela Espainiako Gobernuak. COVID-19 Funtsa aurrekontu izaera duen ezohiko funtsa dela eta horrelakoak berarekin negoziatu behar duela esaten du Kupoaren Legearen 11.4 artikuluak, «hitzez hitz».
Gainera, Gasteizko gobernua ez dago ados Madrilek foru erkidegoak funts horren azken ataletik baztertu izanarekin. Zehazki, erkidegoen konpentsazio funtsaren 5.000 milioiren artean 800 milioi daude garraio publikoek jaso ez dituzten diru sarrerak konpentsatzeko. Madrilek azaldu du sistemak ez direla «homologarriak», baina Jaurlaritzak ez du azalpena onartu: «Inolako oinarririk ez duen motibazio bat da, sistema fiskalen arabera ez baitago alderik transferentziak dituzten banaketarako irizpideetan, garraio arloko diru sarreren jaitsieretan ezta funtsaren nondik norakoetan ere».
Superabita, gastatzeko
Arazo gutxiago izango ditu Jaurlaritzak Monteroren beste erabaki batekin: 2019an izandako superabita gastatu ahal izatea krisiaren kalteak konpontzeko. 328 milioi euro dira Jaurlaritzaren kasuan, eta 101 milioi Nafarroaren kasuan. Superabita zorra txikitzeko baliatu behar zuten lehen derrigorrean, eta zati bat horretara bideratu dute dagoeneko.
COVID-19 Funtsaren lehen zatia, 6.000 milioi euro, uztailean ordaindu nahi du Madrilek, eta erkidego bakoitzak egindako gastua izango da irizpide nagusia. Osasunaren atalaren bigarren zatia, 3.000 milioi, azaroan banatuko du. Hezkuntzari dagozkion 2.000 milioiak, berriz, irailean iritsiko dira, eta biztanleria izango da irizpide nagusia. Abendurako geratuko dira 5.000 milioi, baina poltsa horretan ez dago ezer Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat.
Jaurlaritzak eta Nafarroak dirua jasoko dute 16.000 milioi euroren funtsetik
Azpiazu oso haserre azaldu da Espainiako Gobernuarekin, kopuruak nola banatu erabaki duelako batzorde mistoan negoziatu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu