Azken egunetan nekazariek egindako mobilizazioek erakundeak mugiarazteko bederen balioko dutela dirudi. Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek agerraldi bateratu bat egingo dute gaur eguerdian, 14:00etan, «hainbat konpromiso hartzeko».
Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak ETB1eko Egun on, Euskadi saioan asteon aipatu duenez, baserritarrekin harremanetan daude protestak hasi zirenetik, eta «lehen eskutik» ezagutzen dituzte horien eskaerak. Azaldu zuen Jaurlaritzak elikadura katearen azterketa egin duela, eta ahal bezain pronto ekingo diela balizko arau hausteak zigortzeko ikuskaritzei. Gaurko agerraldian, Tapiarekin izango dira Amaia Barredo, Arantza Atutxa eta Xabier Arruti, hurrenez hurren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazaritza diputatuak.
Deigarria da erakundeak nekazariekin izaten ari diren gertutasuna. Astelehenean, adibidez, Gipuzkoako nekazarien protesta amaitu bezain pronto, Eider Mendoza ahaldun nagusiak eta Arrutik Whatsapp bidez antolatutako taldearen ordezkariak jaso zituzten aldundian. Mendozak «gertutasuna eta ulermen osoa» adierazi zien; esan zien aldundiak «bere gaitasunen eta eskumenen barruan dagoen guztia egingo» duela, nahiz eta Europako nekazaritza politiketan eragiteko duen ahalmena «oso mugatua» izan.
Lurralde guztietan
Gipuzkoako nekazariak protestetara gehitu diren azkenak izan dira Euskal Herrian. Joan den astean mobilizazioak egin zituzten Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako nekazariek, eta traktoreak Gasteizko, Iruñeko eta Bilboko kaleetan ibili ziren, nekazarientzat eta abeltzainentzat «bizimodu duina» eskatzen. Ipar Euskal Herrian, berriz, orain bi aste baino gehiago egin zituzten protestak.
Askotariko sektorea denez, askotarikoak dira nekazarien eta abeltzainen arazoak eta, ondorioz, aldarrikapenak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, nagusiki, eskatu dute ekoizten dituzten produktuak prezio duinetan saltzeko, burokrazia malgutzeko eta klima larrialdiaren zama euren gain ez jartzeko. Itota daudela salatu dute, eta baserriek gizartean duten garrantzia ere aldarrikatu dute.
Ikusi gehiago
Iruñean, bihar
Nafarroan, bestalde, protestan jarraitzen dute traktoreek, eta gaur ere auto ilarak eragin dituzte Iruñerrian, Tafallan eta Erriberan.
Bihar arratsalderako manifestazio bat deitu dute Iruñean. 18:30etan izango da, oinez, eta Gazteluko Plazan amaituko da. Zabaldu duten kartelak hau dio: «Guztiok batera Nafarroako nekazaritza sektoreakin, guk ez badizuegu jaten ematen, nork egingo du?».