Jaurlaritzak eta bederatzi finantza erakundek bat egin dute industrian 4.000 milioi inbertitzeko

Gobernua 1.000 milioi euro zorpetuko da, eta finantza erakundeek 3.000 milioi jarriko dituzte. Pradalesen hitzetan, «finantza gihar propioa» aktibatu nahi dute.

Pradales lehendakaria Industria eta Ogasun saialburuekin eta finantza erakundeetako ordezkariekin batera, elkarlanerako protokoloaren sinaduran. MIGUEL TOÑA / EFE
Pradales lehendakaria Industria eta Ogasun sailburuekin eta finantza erakundeetako ordezkariekin batera, elkarlanerako protokoloaren sinaduran. MIGUEL TOÑA / EFE
jokin sagarzazu
2025eko martxoaren 3a
13:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken urteotako inbertsiorik handienetako bat iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Legegintzaldi honetan 4.000 milioi euro mobilizatu nahi ditu «eraldaketa ekonomikoa eta industriala bultzatzeko». Horretarako, 1.000 milioi euro bideratuko ditu Finantzen Euskal Institutuaren bidez, eta asmoa da finantza erakunde pribatuek beste 3.000 milioi euro banatzea. Koordinazio protokolo bat sinatu dute horretarako.

Egitasmoa aurkezteko agerraldia egin du Imanol Pradales lehendakariak Bilboko Burtsan. Han izan dira proiektuarekin bat egin duten bederatzi erakundeetako ordezkariak: BBVAkoak, Laboral Kutxakoak, Kutxabankekoak eta haren fundazioetakoak, Euskadiko BGAE Federaziokoak, BasqueFik finantza klusterrekoak eta Elkargikoak.

«Euskal Finantza Aliantza» izena jarri diote egitasmoari. Ez da hauteskunde kanpainan Pradalesek aipatu zuen funts subiranoa, baina badu antzekotasunik. Lehendakariaren hitzetan, aliantza horren helburua da «finantza gihar propioa» mobilizatzea, «Euskadi Europaren berrindustrializazioaren punta izan dadin». «Une historiko honetan ezinbestekoa da lankidetza publiko-pribatutik ditugun finantza gaitasunak aktibatzea». Azaldu duenez, Jaurlaritzak egingo du lehen urratsa, bere «ereduarekin» kapital pribatua mugiarazteko.

Zorpetzeko baimena

Pradalesen arabera, Jaurlaritzaren egitasmoa bat dator Mario Draghi Italiako lehen ministro ohiak Europako Batzordearentzat eginiko lehiakortasun txostenean zehaztu duen bidearekin. Azterketa horretan dio, besteak beste, sektore estrategikoetako inbertsioak areagotu behar direla.

«Guk Draghiren batetik hiru araua aplikatu dugu: 1.000 milioi euroko inbertsio publiko bat egingo dugu eta, horren bitartez, espero dugu gutxienez beste 3.000 milioi euroko kapital eta aurrezki pribatu mobilizatzeko gai izatea, horrela 4.000 milioiko finantza indarra lortzeko legegintzaldi honetan», azaldu du lehendakariak, «arriskatzeko garaia» dela nabarmenduta. «Gu horretarako prest gaude. Izan ere geldi egotea da atzerako bidea hartzeko lehen pausoa».

«Arriskatzeko garaia da, eta gu prest gaude. Geldi egotea da atzerako bidea hartzeko lehen pausoa»

IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria

Horren harira, adierazi du gobernuak astelehen honetan bertan hasi dituela Finantzen Euskal Institutuari 1.000 milioi euroko finantza ahalmen gehigarria emateko izapideak. Horrek eragingo du Eusko Jaurlaritzaren 2025eko aurrekontuak aldatu behar izatea eta, horretarako, lege proiektu bat aurkeztu beharko du legebiltzarrean, luzera begira 1.000 milioi euroko zorpetzea handitzea baimentzeko.

Hain justu, Noel d’Anjou Ogasun sailburuak duela bi aste Eusko Legebiltzarrean azaldu zuenez, Espainiako Gobernuak baimena eman dio horretarako. Kontzertuaren Ekonomikoaren Batzorde Mistoan egin duten azken akordioak bidea libre utzi dio 2025ean beste 1.500 milioi euroko zorra pilatzeko.

Talgoren bidetik

Jaurlaritzak 2009an sortu zuen Finantzen Euskal Institutua eta 2023an haren araudia aldatu zuen. Orain hara bideratuko dituen 1.000 milioi euroekin datozen lau urteetan orain arte erabili duen adinako diru kopurua kudeatuko du.

Haren menpe dago, esaterako, Finkatuz funtsa, Jaurlaritzak enpresa batzuen kapitalean sartzeko erabiltzen duen erreminta. Besteak beste, hala egin du Kaikun, CAFen eta ITP Aeron, eta laster erabiliko du Talgon ere.

Hain zuzen ere, Talgoren operazioa finantzen arloko elkarlan publiko-pribatuaren eredu gisa jarri dute Jaurlaritzako kideek azken asteetan. Sidenorrekin eta BBK eta Vital fundazioekin batera partzuergo bat osatu du tren ekoizlearen akzioen %29,7 erosteko eta enpresaren egoitza soziala Euskal Herrira itzularazteko.

Lehendakariak azaldu duenez, Finantzen Euskal Institutura bideratuko den diru gehigarria bakarrik erabiliko da «Euskadiren eraldaketa ekonomikoari lotutako finantza inbertsioak egiteko», bereziki teknologiaren eta industria sektoreetan eta azpiegitura zientifikoetan eta energetikoetan.

Zehazki, helburu hauek aipatu ditu: enpresen errotzea bultzatzea; enpresak hazteko aukerak aprobetxatzea, inbertsio handitze edo eskuratze eragiketen bidez; eta tresna mistoak sortzea, kanpo kapitala erakartzeko eta proiektu estrategikoak bultzatzeko.

Pradalesek adierazi duenez, astelehen honetan sinatutako koordinazio protokoloa «lehen urratsa» da, eta gaineratu du Jaurlaritzak egitasmo gehiago bultzatuko dituela aliantza horretako kideekin.

Adibidez, iragarri du Jaurlaritza EAEko BGAEak arautzen dituen araudia berrikusten ari dela, haien baliabideek «askoz ere rol aktiboagoa eta garrantzitsuagoa joka dezaten». Lehendakariak gogoratu duenez, gizarte aurreikuspeneko erakundeek 30.800 milioi euroko ondarea kudeatzen dute, baina bezeroen aurrezki horiekin egin ditzaketen inbertsioek muga batzuk dituzte.

EH BIlduk «begi onez» hartu du egitasmoa

EH Bilduk Pradalesek aurkeztutako egitasmoaren irakurketa positiboa egin du. «Aliantza horren zehaztasunak ezagutu zain, begi onez ikusten dugu, EH Bildutik behin eta berriz aldarrikatu dugun norabidean doalako».

Dena den, uste du «ekimen publiko sendoago bat» behar dela. Horren harira, oposizioko lehen alderdiak gogoratu du Eusko Legebiltzarrean ostegun honetan egingo den osoko bilkurara «euskal funts subirano» bat sortzeko bere proposamena aurkeztuko duela.

«Funts horrek euskal ekonomian estrategikoki garrantzitsuenak diren sektoreak babestuko lituzke, epe luzerako inbertsio publiko sendo baten bidez, eta, aldi berean, euskal enpresen sorrera, garapena eta sendotzea sustatuko luke. Halaber, enpresa txiki eta ertainentzako finantzazio bide sendo bat ziurtatuko luke eta langileen ekimenezko proiektuei ere laguntza emango lieke», azaldu du EH Bilduk ohar batean.

Funts hori kudeatzeko mekanismoak «profesionalak eta gardenak» izan behar dutela nabarmendu eta, horren kudeaketan, Jaurlaritzarekin batera, enpresarien elkarteek, kooperatibek, finantza eta banku erakundeek eta sindikatuek parte hartu behar dutela.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.