Jaurlaritzak espero du behartua ez egotea Kutxa fundazio bihurtzera

Gatzagaetxebarriak ohartarazi du Kutxan esku hartzeko eskumena duela.Hilaren 30ean BBK eta Vital fundazio bihurtuko lituzketen batzarren aurkako helegitea iragarri dute ELAk eta LABek

Ainhoa Etxaide, Adolfo Muñoz eta ELAko eta LABeko ordezkari gehiago, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
2014ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
BBK eta Vital Kutxa banku-fundazio bilakatzeko bidean daudela, begirada guztiak Donostiara begira daude. Gipuzkoa Donostia Kutxaren barruan praktikoki berdinduta daude fundazio bihurtzea derrigorrezkotzat jotzen dutenak (EAJ, PSE, PP eta beste batzuk) eta urrats hori eragotzi nahi dutenak (EH Bildu eta sindikatu abertzaleak). Desadostasun horrek Kutxa banku-fundazio bilakatzea eragozten badu esku hartzera behartuta izango dela ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak, iazko abenduko legeak esaten baitu abenduaren amaierarako beren kasara fundazio bihurtu ez direnak «automatikoki» hartuko dutela izaera horri. Jaurlaritzaren arabera, bere eskumena izango da Kutxaren kudeaketa batzordea izendatzea eta patronatua hautatzea. «Gaur egun, ez gaude hipotesia horretan», zehaztu du, ordea, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak. «Kutxak prozesu normal bat izango du, eta akordioa izango da».

Akordio hori lortzeko denbora badago, Kutxak udazkenera arte utzi baitu aurrezki kutxa izateari utzi eta fundazio bilakatzeko prozesua. Tarte horretan bi aukera ditu Xabier Iturbe Kutxako lehendakariak. Bata da lehendakaritza eman zioten talde guztiak berriro bereganatzea, eta horrela ozta-ozta lortzea gehiengoa. Estrategia horretan CCOO da gakoa; banku-fundazio bilakatzea beste erremediorik ez dagoela dio, baina ahalik eta kapital gutxien pribatizatzeko bermeak nahi ditu.

Beste aukera da ezker abertzalea EAJ-PSE-PP itunera batzea, 2011n Kutxabanken sorrera ahalbidetu zenean bezala. Une honetan oso urrun dirudi aukera horrek, abiapuntu desberdina dutelako bi aldeek: fundazioak sortzeko lehen urratsak egin dituzte EAJ-PSE-PPk, eta hori eragotzi nahian dabiltza EH Bildukoak. Atzo bertan oso hitz gogorrak baliatu zituen koalizioak «Kutxabanken pribatizazioaren» aurka. Oskar Matute legebiltzarkideak ziurtatu zuen EAJk, PSEk eta PPk «kudeatzaile mozorroa kendu eta lapurrena jantzi» dutela. «Neurrigabeko iruzur politiko eta soziala» egin nahi izatea egotzi die beste alderdiei, «Nafarroan CANekin egin zuten moduan, Euskal Herriko eta Espainiako finantza eliteen desioak asetzeko». Matuteren arabera, EAJren eta PPren azken helburua Kutxabank pribatizatzea da, eta horretarako, «aitzakia merke bat» asmatu zuten, Espainiako kutxen legea alegia: «Iruzurgile handien moduan, lehenik lege bat egin dute beren helburu ezkutuak gauzatzeko, geroago euskal herritarrei saldu ahal izateko ez dagoela kutxak fundazio bihurtzeko beste erremediorik».

Sindikatuen helegitea

EH Bilduk dei egin die herritarrei larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera, eta berdin egin dute bi deitzaile nagusiek, ELAk eta LABek. Baina kaleetan ez ezik, bulegoetan ere geratu nahi dute prozesua. Atzo jakinarazi zuten helegitea jarriko dietela ekainaren 30erako BBK-k eta Vitalek deitutako batzarrei, haien esanetan, «nahitaez bai» bozkatzeko «xantaia» egin zaielako batzarkideei. Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek azaldu zutenez, batzarkideei igorritako informazioan ohartarazi diete kontrako botoa edo abstentzioa aukeratzen dutenek 500.000 euroko isuna eta inhabilitazioa jaso ditzaketela. Bozketa publiko bakarrarekin fundazio bihurtzea, estatutuak, patronatuaren osaera eta 2013ko gizarte ekintza bozkatzea ere ez dute gogoko. «Juridikoki ezin zaio horri eutsi; aberrazio demokratikoa da», ziurtatu zuen Muñozek. Haren iritziz, Kutxara begira hartutako erabaki bat izan da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.