Baliteke Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmenaren negoziazioa beste fase batean sartzeko zorian egotea. Aste honetan, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari eskatu diote bitartekaritza lanak egiteko. Izan ere, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta enplegu sailburuak abenduan adierazi zuen bere saila prest zegoela lan hori egiteko. FVEMek ere onartu du bitartekaritza. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak lehenengo bilerara deitu ditu sindikatuak eta patronala. Datorren astelehenean bilduko dira, arratsaldeko hiruretan.
CCOOk, LABek eta UGTk «begi onez» ikusi dute bitartekaritza. ELAren ustez, baina, bilerak «negoziazio mahai ofizialean» egin behar dira; alegia, Lan Harremanen Kontseiluaren babesean. Gainera, salatu duenez, komunikabideen bidez izan du bitartekaritza eskaeraren berri. Hala ere, sindikatuak «prestasuna» adierazi du Jaurlaritzak bideratuko dituen bileretan parte hartzeko: «Metalgintzako lan baldintzak jorratuko diren edozein esparrutan egongo gara».
Elkarretaratzea egin zuen atzo goizean ELAk, FVEM Bizkaiko metaleko patronalaren egoitzan, eta bertan eman zuen bere jarreraren berri. FVEMek ekoizpen prozesuen birkokatzeari buruzko jardunaldiak antolatu zituen bertan, eta egun hori baliatu nahi izan zuen sindikatuak. Sarreraren aurrean egin nahi zuten, baina Ertzaintzak ez zien utzi. Hori dela eta, albo batean geratu ziren. «Ertzaintzaren jarrera salatu nahi dugu, beti patronalaren eta enpresen alde egiten baitu», adierazi zuen Mikel Etxebarria ELAko Industria arduradunak. FVEM: aberastasunaren banaketa justua gabe, borrokak jarraituko du! lelopean, mobilizazioekin jarraitzeko nahia adierazi zuten bertaratutakoek.
Bizkaiko metalgintzako sektoreak 11 greba egun egin zituen 2022an. Etxebarriak gogoratu zuenez, hilabete baino gehiago igaro da azken greba egunetik. «Garaia da berriro ere sektorea mobilizatzeko eta grebara joateko». Etxebarriaren ustez, «borroka eta grebak» dira patronala mugitzeko modu «ia bakarra» eta egokiena.
«Hobekuntza nabarmenak»
Patronalaren eta sindikatuen arteko azken bilera abenduaren 21ean egin zuten, eta ez zuten zehaztu noiz egingo duten hurrengoa. «Orain arte patronalak egin dituen proposamenak ez dira nahikoa», azpimarratu zuen Etxebarriak.
ELAren lehentasuna da sortzen den aberastasuna modu «justuan» banatuko duen hitzarmen bat lortzea; eta «hobekuntza nabarmenak» izango dituen hitzarmen bat sinatzea. Besteak beste, hauek dira sindikatuaren eskaerak: soldata igotzea KPIaren arabera, aldi baterako laneko enpresen bidezko kontratazioa mugatzea, zortzi orduko lanaldimurrizketa eta subrogazioa sektore gehiagotara zabaltzea. «Hitzarmena aplikatuko den bermea ere nahi dugu».
Jaurlaritzak bilerara deitu ditu Bizkaiko metaleko patronala eta sindikatuak
Astelehenean bilduko dira, ituna negoziatzeko. ELAk uste du mahai ofizialean negoziatu behar dela ituna; hala ere, parte hartuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu