Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile autonomoek borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakunde (BGAE) berri baten bidez osatu ahal izango dituzte beren pentsioak. Hiru lurraldeetako merkataritza ganberek osatuko dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Asteazken honetan sinatu dute lankidetza hitzarmena, Bilbon.
Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk funtsaren oinarrizko ezaugarri batzuk azaldu ditu: ekarpenak nagusiki aldizkakoak izango dira; dirua errenta moduan itzuliko da — hilero, eta erretiroa hartu ondoren —, eta ez ordainketa bakarrean. Eta erretiro pentsioaren osagarri gisa ez ezik, beste kasu batzuetarako ere erabili ahal izango da: epe luzeko langabeziarako, gaixotasun larri eta baliaezintasun iraunkor kasuetarako eta alargun pentsioetarako, besteak beste. Langile batek bere soldataren %6ko ekarpena egiteak ekarriko du sistema publikotik lortzen duen pentsioaren %20 inguru jasotzea. Trukean, BGAEaren esku geratuko da kudeatutako ondarearen %0,5, «gehienez».
Gaur egun 125.000 autonomo inguru daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horiek, erretiroa hartu ondoren, besteren konturako langile gehienen pentsioa baino askoz txikiagoa jasotzen dute oro har. Azpiazuk azaldu duenez, autonomoen batez besteko pentsioa 944 eurokoa izan zen 2022an; besteren konturako langileena, 1.540 eurokoa.
Sailburuak adierazi du autonomo guztiek izango dutela BGAE berrira atxikitzeko aukera, baina onartu du denek ez dutela egingo. Gaur egun besteren konturako ari diren lau langiletik batek baino ez du enpleguko BGAE bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenaren arabera, erakunde berrian autonomoen elkarteek beren planak egin ahal izango dituzte; adibidez, garraiolarienak berea eduki ahal izango du, edo ostalaritzarenak, berea. Gainera, Jaurlaritzak bultzatutakoa ez da autonomoentzako enplegu BGAE bakarra izango. Besteren konturako langileekin gertatzen den bezala, finantza erakunde pribatuek ere eskaini ahal izango dituzte. Bankuek, gaur egun, pentsio plan indibidualak eskaintzen dituzte, baina enplegu planek baldintza hobeak eskaintzen dituzte.
Egokitu zain
Azpiazuk espero du hiru hilabetean prest egotea BGAE berria, legealdia amaitu baino lehen. Espainiako Gobernuak autonomoentzako pentsio planei estaldura ematen dien legedia onartua du aurten, eta han dagoeneko martxan daude. Jaurlaritzak, berriz, dekretu proiektu bat du, autonomoena eta oro har BGAEekin loturiko beste aldaketa batzuk jasotzen dituena, baina oraindik ez dute onartu Eusko Legebiltzarrean. Horren ondoren, halaber, foru ogasunek beharrezko aldaketak egin beharko dituzte autonomoek funtsetan egiten dituzten ekarpenen kenkari fiskalak jasotzeko. Egutegi eta aritmetika politikoa funtsezkoa izango da horretarako. Azpiazu, hala ere, lasai agertu da: «Aurrera egiteko borondatea dago».
Merkataritza ganberak arduratuko dira erakunde berria martxan jartzeaz, eta lehiaketa publiko bidez adjudikatuko dute. Jaurlaritzak 100.000 euroko diru laguntza bat eman die horretarako.
Azpiazuk nabarmendu du Jaurlaritzarentzat «eztabaidaezina» dela Gizarte Segurantzaren egungo sistema publikoa pentsioen sistemaren «oinarrizko zutabea» dela. «Baina horrek ez du esan nahi sistema kolektiboak edo bigarren zutabeak ere sustatu behar ez direnik, Europako Batasunaren jarraibideek defendatzen duten bezala edo Toledoko Itunean jasotzen den bezala».