Legealdiko azken urtean inoiz baino diru gehiago gastatu nahi du Eusko Jaurlaritzak: 15.025 milioi euro. Iaz baino 774 milioi gehiago da hori (+%5,4). Zerga bilketa errekorrari esker aldundien ekarpenak handitu izana eta kontuak orekatzeko arauak oraindik indarrean ez egotea baliatu nahi du Iñigo Urkulluren gobernuak gizartearen eta ekonomiaren beharrei diru publikoarekin erantzuteko.
Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan sindikatuek deitu duten grebaren testuinguruan aurkeztu dute gaur datorren urterako aurrekontu proiektua, eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak nabarmendu du langile publikoei bideratuko zaiela igoeraren parte handi bat. Kopuru bat nabarmendu du horri lotuta, hain zuzen ere: 300 milioi euro. Soldata igoerak eta kontratazio berriak leudeke zenbateko horren atzean. Administrazio osoa aintzat hartuz gero, dena den, 5.900 milioi jarriko dira nominak ordaintzeko, hots, hamar eurotik ia lau.
Igoera nabarmena DSBEan
Autogobernu Sailak eta Turismo eta Merkataritza Sailak ez beste guztiek izango dute diru gehiago gastatzeko. Dirutan, igoeraren parterik handiena Osasun Sailarentzat izango da: 246 milioi gehiago izango ditu; 4.896,6 milioiko aurrekontua denera (+%3,7). Igoera horren zatirik handiena Osakidetzarentzat izango da (206 milioi euro), eta lehendik sail horri dagokion diru sailetik hamar eurotik zortzi harentzat dira.
Hezkuntza Sailak 3.672,9 milioi euroko aurrekontua izango du, 190,2 milioi gehiago (+%5,5). Soldatetara joango da diru gehigarriaren parterik handiena. Diru gehiago izango dute, halaber, Haurreskolak partzuergoak (+%17) eta EHUk (+%6,2).
Lan eta Gizarte Politiken Saila da zerrendan hirugarrena: 1.177,4 milioiko aurrekontua izango du. 68 milioi gehiago izango ditu 2024an (%6,1). DBSE diru sarrerak bermatzeko errentaren lege berria indarrean den lehen urtea izango da, eta horrek eragin nabarmena izango du hartarako diru sailean; izan ere, lege berriak laguntzen zenbatekoa KPIaren arabera eguneratzea ekarriko du. Horiek horrela, 70 milioi gehiago jarriko dira DSBErako, eta beste 76 milioi bizitzeko gutxieneko diru sarrerarako. Lanbidek ere ia 70 milioi gehiago izango ditu.
Ehunekotan igoerarik handiena, ordea, Lehendakaritza Sailak izango du, bikoiztu egin baitu aurrekontua 2023koaren aldean. Gazteria Zuzendaritza bere gain hartu du sailak, eta horri lotuta dago igoera. 58 milioi euro bideratuko ditu gazteei emantzipatzeko diru laguntzak emateko (300 euro hilean). Etxebizitza eta Garraio Sailaren aurrekontua ere %22,9 handituko da. Europako funtsei lotuta dago igoera hori (iaz baino 81 milioi euro gehiago jasoko ditu Jaurlaritzak funtsetatik aurten).
Handitu egingo dira, halaber, Ertzaintzaren (+29 milioi), EITBren (+11,4 milioi), HABEren (+12,6 milioi), Eustaten (+1,1 milioi) eta Emakunderen (+0,3 milioi) diru sailak.
Bultzada inbertsioei
Aurrekontuen beste berrikuntza nagusia inbertsioei dagokie. Izan ere, 2.000 milioi eurotik gora bideratuko du horretara Jaurlaritzak, 2023an baino %13,5 gehiago. Bereziki deigarria da berrikuntzarako zenbatekoa: 701 milioi, hau da, 2023an baino %6,5 gehiago, eta legealdiko lehen urtean baino ia %31 gehiago. Batez ere, garapen ekonomikorako eta hezkuntzarako erabiliko da diru hori.
Aurreikuspen makroekonomikoei eutsi egiten die Jaurlaritzak (%1,7ko hazkundea aurten, eta %2,1 datorren urtean), baina Azpiazuk aitortu du ziurgabetasuna handia dela nazioartean, gerrak eta inflazio handia tarteko, eta ekonomiak ere hasi direla moteltze bat igartzen. Hala ere, zerbitzu publikoei erantzuteko dirua badagoela azpimarratu du. «Apustu sendoa dira Euskadiko bizi kalitatea bermatzeko eta hobetzeko, eta haren garapen ekonomikoa eta enpleguaren sorrera sustatzeko», esan du sailburuak.
Proiektua ostiralean bidaliko du Eusko Legebiltzarrera, onartua izateko bidea has dezan bertan. Ez du beste alderdien babesik behar horretarako, gehiengo osoa baitute EAJk eta PSE-EEk. Gainera, hauteskundeak ate joka diren honetan, ez dirudi oposizioko taldeek aurrekontuak babestuko dituztenik. Edonola ere, Vox ez beste alderdiekin saiakera egingo duela ziurtatu du Azpiazuk.