Jaurlaritzak 774 milioi gehiago ditu gastatzeko legealdiko azken urtean

Inoizko aurrekonturik handiena proposatu du datorren urterako: 15.024 milioi euro. Diru gehigarri horren ia erdia langile publikoentzat izango da. Osasun eta Hezkuntza sailek ere jasoko dute zati bat

aitor biain
Gasteiz
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Legealdiko azken urtean inoiz baino diru gehiago gastatu nahi du Eusko Jaurlaritzak: 15.025 milioi euro. Iaz baino 774 milioi gehiago da hori (+%5,4). Zerga bilketan izandako errekorrari esker aldundien ekarpenak handitu direnez, eta kontuak orekatzeko arauak oraindik indarrean ez daudenez, hori guztia baliatu nahi du Iñigo Urkulluren gobernuak diru publikoarekin erantzuteko gizartearen eta ekonomiaren beharrei.

Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan sindikatuek deitu duten grebaren testuinguruan aurkeztu zuten atzo 2024rako aurrekontu egitasmoa. Bada, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak azpimarratu zuen langile publikoei bideratuko zaiela igoeraren parte handi bat, eta kopuru bat nabarmendu zuen: 300 milioi euro. Soldata igoerak eta kontratazio berriak leudeke zenbateko horren atzean.

Bi sailek, gutxiago

Autogobernu Sailak eta Turismo eta Merkataritza Sailak ez beste guztiek izango dute diru gehiago gastatzeko. Dirutan, igoeraren parterik handiena Osasun Sailarentzat izango da: 246 milioi gehiago izango ditu; 4.896,6 milioiko aurrekontua denera (+%3,7). Igoera horren zatirik handiena Osakidetzarentzat izango da (206 milioi euro).

Hezkuntza Sailak 3.672,9 milioi euroko aurrekontua izango du, 190,2 milioi gehiago (+%5,5). Soldatetara joango da diru gehigarriaren parterik handiena. Diru gehiago izango dute, halaber, Haurreskolak partzuergoak (+%17) eta EHUk (+%6,2).

Lan eta Gizarte Politiken Saila da zerrendan hirugarrena: 1.177,4 milioiko aurrekontua izango du. 68 milioi gehiago izango ditu 2024an (%6,1). DBSE diru sarrerak bermatzeko errentaren lege berria indarrean den lehen urtea izango da, eta horrek eragin nabarmena izango du hartarako diru sailean. Izan ere, lege berriak laguntzen zenbatekoa KPIaren arabera eguneratzea ekarriko du. Horiek horrela, 70 milioi gehiago jarriko dira DSBErako, eta beste 76 milioi bizitzeko gutxieneko diru sarrerarako. Lanbidek ere ia 70 milioi gehiago izango ditu.

Ehunekotan igoerarik handiena, ordea, Lehendakaritza Sailak izango du, bikoiztu egin baitu aurrekontua 2023koaren aldean. Gazteria Zuzendaritza bere gain hartu du sailak, eta horri lotuta dago igoera. Etxebizitza eta Garraio Sailaren aurrekontua ere %22,9 handituko da, Europako funtsei esker.

Handitu egingo dira, halaber, Ertzaintzaren (+29 milioi),EITBren (+11,4 milioi), HABEren (+12,6 milioi), Eustaten (+1,1 milioi) eta Emakunderen (+0,3 milioi) diru sailak.

Inbertsioak, %13,5 gehiago

Aurrekontuen beste berrikuntza nagusia inbertsioei dagokie. Izan ere, 2.000 milioi eurotik gora bideratuko du horretara Jaurlaritzak, 2023an baino %13,5 gehiago. Bereziki deigarria da berrikuntzarako zenbatekoa: 701 milioi, hau da, 2023an baino %6,5 gehiago, eta legealdiko lehen urtean baino ia %31 gehiago. Batez ere, garapen ekonomikorako eta hezkuntzarako erabiliko da diru hori.

Aurreikuspen makroekonomikoei eutsi egiten die Jaurlaritzak —%1,7ko hazkundea aurten, eta %2,1 datorren urtean—, baina Azpiazuk aitortu zuen ziurgabetasuna handia dela nazioartean, gerrak eta inflazio handia tarteko, eta ekonomiak ere hasi direla moteltze bat igartzen. Hala ere, zerbitzu publikoei erantzuteko dirua badagoela azpimarratu zuen.

Proiektua ostiralean bidaliko du Eusko Legebiltzarrera, onartua izateko bidea has dezan. Ez du beste alderdien babesik behar horretarako, gehiengo osoa baitute EAJk eta PSE-EEk. Edonola ere, Vox ez beste alderdiekin saiakera egingo duela ziurtatu zuen sailburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.