Jaurlaritzak 600 milioi euroren balioa duten bonu jasangarriak merkaturatu ditu

Gasteizko gobernuak 5.000 milioi eurotik gora bildu du urte hauetan finantza produktu horien bidez.

Pedro Azpiazu
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua. OSKAR MATXIN EDESA/FOKU
aitor biain
2024ko otsailaren 5a
15:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzak merkatuetara jo du berriz ere diru bila: bonu jasangarriak merkaturatu ditu, 600 milioi euro eskuratzeko helburuarekin. Pedro Azpiazu Ogasun sailburua Londresen izan da gaur finantza produktu horiek saltzen, eta Parisen izango da bihar.

Izan ere, zorra saltzeko baldintza egokiak ikusten ditu Gasteizko gobernuak. Interes tasak jaitsi ez badira ere, Jaurlaritzaren zorra nabarmen txikitu da azken urteetan, eta jada inguruko apalena da. Iaz, zehazki, 10.270.731 euroko zorrarekin itxi zuen urtea: barne produktu gordinaren %12,8. 

Horrez gain, kalifikazio agentzien balorazioa ere «bikaina» dela nabarmendu du Jaurlaritzak. Horren erakusgarri da, hain zuzen ere, zorra merkaturatu duen bakoitzean egon den eskari handia. Azken aldian, esaterako, eskaintza halako zazpi izan zen eskaria.

Bada, Jaurlaritzak emandako datuen arabera, bonuen %69 nazioarteko inbertitzaileek erosi dituzte; %16 Espainiako inbertitzaileen esku geratu dira; eta %15 Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako inbertitzaileek eskuratu dituzte. «Hori da euskal zor publikoaren jaulkipen bakoitzak bonu jasangarrietan lortzen duen nazioarteko aintzatespenaren erakusgarririk onena», azpimarratu du Azpiazuk. 

5.000 milioi denera

Eusko Jaurlaritzak 2018ko ekainean jaulki zituen bonu jasangarriak lehenengo aldiz. Arrakasta handia izan zuten orduan, eskaintza halako lau izan baitzen eskaera. Orduz gero, zortzi aldiz merkaturatu ditu Gasteizko gobernuak finantza produktu horiek, eta denera 5.000 milioi euro lortu ditu merkatuetan.

Bonu jasangarrien berezitasuna da bildutako dirua zertarako erabiliko den aldez aurretik jakinarazten zaiela inbertitzaileei, eta zorpetzea atera duen enpresak edo administrazioak xede horiek betetzeko konpromisoa hartzen duela. Kasu honetan, Azpiazuk zehaztu du etxebizitza politiketarako, enplegua sortzeko, energia berriztagarriak sustatzeko eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko erabiliko dutela dirua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.