Jaurlaritzak 500 milioi euroren maileguak lagunduko ditu aurten

2020an, bere gain hartu zituen 725 milioi kredituren finantzaketa gastuak. Denbora gehiago emango die enpresei maileguak itzultzeko

Pedro Azpiazu sailburua eta Josu Sanchez Elkargiko burua, atzo. IREKIA.
Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Koronabirusak eragindako krisiak arrasto sakona utziko duela ikusita, Eusko Jaurlaritzak erabaki du aurten ere finantzaketa lerro berezi bat indarrean jartzea maileguen beharra duten enpresa txiki eta ertainentzat (ETE) eta langile autonomoentzat. Iaz, konfinamendua hasi berritan, 1.000 milioi euroren maileguak finantzatuko zituela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak. Aurten, berriz, 500 milioi euroko finantzaketa lagunduko du Gasteizko gobernuak, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak atzo azaldu zuenez. Horietatik, lehen 250 milioi euroak martxoko bilera batean onartuko ditu, eta aurrerago besteak.

Maileguek Elkargiren bermea izango dute, eta Jaurlaritzak bere gain hartuko du sortuko duten interesa eta mailegua egitearen kostua. Enpresentzat kostu bakarra izango da Elkargiren bermearen komisioaren zati bat ordaintzea —bestea Jaurlaritzak pagatuko du—. Iazko finantzaketa lerroarekiko lehen aldaketa interesean gertatuko da: Euriborra gehi %0,5 izan zen 2020koa, eta Euriborra gehi %0,75 orain. Indize hori -%0,505ean dago gaur, eta, hortaz, mailegua ematen duen bankuak %0,25eko interes erreala jasoko du.

Beste aldaketak maileguak itzultzeko epeetan egin ditu Jaurlaritzak: urte batetik bira luzatu du gabealdia, hau da, mailegua itzultzen hasteko epea. Amortizazio epea, berriz, lau urtetik sei urtera handitu duenez, enpresek eta autonomoek denbora gehiago izango dute maileguan jasotako dirua itzultzeko.

Gainera, 2020ko apirilean eta maiatzean abian jarritako finantzaketa programan dirua jaso zutenek aukera izango dute beren mailegua berritzeko.

121,5 milioiko kostua

Programako maileguen interesak eta bermeek 64 milioi euroko kostua izan dute Jaurlaritzarentzat. Horri gehitu behar zaio maileguak finantzatu ahal izateko egin beharreko horniduren kostua,57,5 milioi eurokoa.

Langile autonomoek 5.000eta 100.000 euro arteko maileguak eskatu ahal izango dituzte; ETEek, berriz, 5.000 eta milioibat euro artekoak. «Pandemian kalterik handiena izan duten kolektiboen likidezia eta zirkulatzailea finantzatzeko beharrei azkar eta premiaz erantzuteada helburua», adierazi du Azpiazuk.

Abenduaren 31 arte, 725 milioi euroren maileguak eman zituzten, 8.313 eragiketatan. Zenbateko horren %35 industriara bideratu zen 2020an, eta ondoren etorri ziren merkataritza (%24), zerbitzuak (%15), eraikuntza (%10) eta ostalaritza (%8); gainerako %8 garraioetarako, kulturarako eta lehen sektorerako izan zen.

Pandemiako lehen planean bezala, bigarrenean ere parte hartuko duela iragarri du Kutxabankek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.