Jaurlaritzak 300 milioi jarriko ditu kalteak arintzeko

Pedo Azpiazu Ogasun eta Ekonomia ailburua. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 17a
13:17
Entzun

Koronabirusaren krisiak ekonomian izan duen eragin «izugarriak» arintzeko, Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri adostu ditu gaurko Gobernu Kontseiluan. Enpresak laguntzeko eta herritarren beharrizanei erantzuteko programak garatzeko, 300 milioiko aurrekontu bat onartu du, beharrezkoa izanez gero 500 milioira arte handituko duena.

Horrez gain, Finantzen Euskal Institutuaren premiazko finantzaketa lerro bat aktibatuko du aste honetan, 25 milioikoa, produkzio ehunari likidezia emateko, batez ere enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei.

Aurreko neurriekin batera, zirkulatzailearen finantzaketa lerroak ahalik eta lasterren artikulatzea aurreikusten du Jaurlaritzak. Horretarako, 500 milioiko abalak emango ditu, bost urterako eta zero kostuan, urte bateko gabealdiarekin. Halaber, finantza baldintzak malgutu eta egokituko ditu, hau da, aurrerakin itzulgarriak, maileguak edo abalak, Gauzatu, Bideratu edo Indartu programetan.

Laguntzak nola gauzatuko diren galdetuta, sailburuak esan du koordinatzen ari dela sail guztiekin, ikusteko zer behar dauden, horiek zenbatu eta herritarren eskura jartzeko laguntza horiek.

«Berehala erantzutea da kontua: Eusko Jaurlaritzak krisi hau gainditzeko eskura dituen baliabide ekonomiko eta giza baliabide guztiak eskura jarriko ditu», adierazi du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak.

Zaintzarako laguntzak

Azpiazuk azaldu duenez, neurri horien bidez enpresak lagundu nahi dituzte, osasun sistema indartu, eta krisiaren kalteak jaso dituen pertsonak eta familiak babestu.

Azken kasu horretan, lana eta familia bateragarri egiteko programa «modu zabalean» aplikatuko dela jakinarazi du, eta aurreratu du lanaldia murrizteko laguntzak emango dituztela adingabeak eta koronabirus bidez kutsatutako edo isolatutako pertsonak zaintzeko, bai eta ikastetxeak eta eguneko egoitzak ixteak eragindako adingabeak eta adinekoak zaintzeko ere. Hori nola egingo duten ez du zehaztu. Iragarri du, halaber, Jaurlaritzak lanaldia malgutzea ere sustatuko duela laguntza publikoekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.