«Euskadiko lehen sektorearen oraina eta etorkizuna argi eta irmo babesteko», zortzi programa jarriko ditu martxan Eusko Jaurlaritzak. Bittor Oroz Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen arabera, guztira 28 milioi euro baino gehiago jarriko ditu gobernuak programa horietarako. Orozen esanetan, honako hauek dira helburuak: «Nekazaritzako, arrantzako eta elikagaien industriako sektoreko enpresetan inbertsioa erraztea, asoziazionismoari laguntza ematea, landa eremuetako biztanleen bizi-kalitatea hobetzea eta Euskadiko landa eta itsasertzeko ingurua modernizatzea».
Iñigo Urkulluren gobernuak uztailaren 15eko gobernu kontseiluan onartu zituen zortzi programak, eta horietako bostetan izena emateko aukera zabalik dago uztailaren amaieratik. Horietako bat da, adibidez, Lehiatu programa: 5,6 milioi euroko aurrekontua izango du, eta nekazaritzako eta elikagai produktuen transformaziorako, merkaturatzerako eta sustapenerako erabiliko da. Elkarteak programak, berriz, EAEko nekazaritza, arrantza eta elikagaien sektoreetako elkarte eta federazio profesionalentzako 782.000 euroko laguntza izango du.
Lehen sektorean ikerkuntza, garapena eta berrikuntza bultzatzeko, 1,6 milioi euroko Berriker programa sortu du Jaurlaritzak. Mahastizaintza eta ardogintza sektoreko ekoizleen lehiakortasuna sustatzeko, bestalde, zazpi milioi euroko programa jarri du martxan. Hauxe da, hain zuzen, aurrekontu handiena duen programa, «euskal ekonomian duen pisuagatik». Bosgarren programa «animalien ongizatea hobetzeko» izango da; 500.000 euroko aurrekontua izango du, eta bereziki esnetarako behi azienden abeltzaintzako ustiategientzat da.
Horiez gain, beste hiru programa ere onartu ditu Jaurlaritzak, eta abuztuaren 22tik aurrera egin ahalko dira eskakizunak. Erein programa da horietako bat: 6,6 milioi euroko aurrekontua du, «landa ekonomiarako eta landa inguruneko biztanleentzako oinarrizko zerbitzuak hobetzeko eta sortzeko», besteak beste.
Leader programak, berriz, garapen sozioekonomikoa ahalbidetzea izango du helburu, herri txikietan biztanleriak behera egin ez dezan; 4 miloi euroko aurrekontua izango du programak. Azkenik, Itsaspen programak 2,3 milioi euro emango ditu «itsasertzeko eskualdeen sustapena eta garapena bultzatzeko».
Arrantza eta ehiza
Zortzi programa horiei gehitu behar zaie uztailean izena emateko epea itxi zen arrantzako FEP 6 milioi euroko laguntza. Eta baita beste bi programa txiki ere: Euskadiko Ehiza Federazioak espezie migratzaileen (pagausoa eta galeper arrunta) ehiza iraunkorrerako nazioarteko proiektua babesteko jasoko dituen 50.000 euroak eta nekazaritza ekologikorako 25.000 euroko laguntza.
Orozen hitzetan, diru laguntzen xedea lehen sektorea indartzea eta herri txikietan biztanleria ez galtzea da. «Zerbitzu eta azpiegiturez gain, jarduera ekonomikoa bultzatu behar da landa eta itsasertzeko herri txikietan».
Jaurlaritzak 28 milioirekin lagundu nahi du «lehen sektorearen geroa»
EAEko landa eta itsasertzeko herri txikietan jarduera ekonomikoa indartu nahi du gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu