Eusko Jaurlaritzak «behin betiko bultzada» eman nahi dio legealdi honetan pentsio osagarrien sistemari. Noel d’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak iragarri duenez, datorren urtetik hasita «urrats garrantzitsuak» egingo dira sistema hori Bizkaira hedatzeko eta langile autonomoentzako borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakunde (BGAE) bat eratzeko. Legealdirako dituen asmoak azaltzeko Eusko Legebiltzarrean egin duen estreinako agerraldian eman du horren berri sailburuak.
D’Anjouk gogorarazi du azken urteetan «asko aurreratu» dela bide horretan. Hain justu, aurreko legealdiaren hondarrean onartu zuen Jaurlaritzak BGAEen jarduera arautzen duen dekretua. Arau horren helburua da pentsio osagarrien sistema Arabara eta Bizkaira ere hedatzea, Gipuzkoan ez bezala gutxi hedatuta daudelako. Kontsentsu «handiarekin» onartu zela azpimarratu du sailburuak, pentsio osagarrien sistema kudeatzen duten talde guztiek onetsi baitzuten.
Jaurlaritzak enpleguari lotutako pentsio osagarriak bultzatu nahi ditu. Eta, batez ere, lehentasuneko BGAEak; hau da, enplegatzaileen eta langileen ekarpenarekin hornitzen diren pentsio planak. Hala ere, soldatapeko langileek ez ezik langile autonomoek ere BGAE propioa izatea nahi du Jaurlaritzak. Beraz, sailburuak hitzeman du horiek sortzeko bidea errazten jarraituko duela datozen urteetan ere.
Ekarpen lege berria
Beste konpromiso batzuen berri ere eman du sailburuak agerraldian. D’Anjouk esan du autogobernu ekonomikoa eta finantzarioa garatzeko lan egingo duela, eta eskura dituen tresnak erabiliko dituela horretarako. Bide horretan, iragarri du lehentasun izango duela Ekonomia Ituna «eguneratzea», eta kupoa zehazteko erabiltzen den metodologia berritzea; bi urte barru egingo du hori. Halaber, «2026an edo 2027an» Ekarpen Lege berria ere onartu nahi du Jaurlaritzak —2021ean berritu zuten azkenekoz, hamar urtez luzatuta egon ondoren—.
Dena den, aldarrikatu du finantza tresna berriak ere beharko direla. Hor kokatu du funts subirano bat sortzea, finantza klusterrak bultzatuko lukeena. Esan du helburua dela «finantza muskulua sortzeko estrategia bat artikulatzea», enpresen hazkunde ekonomikoa eta errotzea indartzeko. Diru publikoa eta pribatua batu nahi ditu egitasmo horretan, hala nola bankuen fundazioak, familia ondareak kudeatzeko zenbait bulego, BGAEak eta banku sektorea, baita Finantzen Euskal Institutua ere. Finkatuz funtsa bultzatuko dutela ere esan du sailburuak.
Nabarmendu du fiskalitatea ere tresna garrantzitsua izango dela trantsizio energetiko, digital eta sozialari aurre egiteko. Eta esan du aldundiekin batera lan egingo duela zerga sistema berrikusteko eta egin beharreko aldaketak adosteko.
Erakundeen arteko harremanei dagokienez, Espainiako Gobernuarekin etengabeko harremana izan nahi du sailburuak, eta, horretarako, eskatu du Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa «beharrezkoa den guztietan» biltzeko. Gernikako Estatutua osatzeko falta diren eskumenak ekartzen lagunduko duela ere aldarrikatu du.
«Azken urteotan aldaketa haizea sentitzen ari gara. Aldagai horiek ikuspegi zabala eskatzen digute, eta eskatuko digute»
NOEL D'ANJOU Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua
D’Anjouk ohartarazi du nazioartean giro nahasia dela oraindik, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia ez dagoela testuinguru horretatik salbu: «Azken urteotan aldaketa haizea sentitzen ari gara guztiok, eta mundua astintzen ari diren ziurgabetasun globalen lekuko gara», esan du sailburuak, eta aitortu du egoera horretara egokitu beharko duela bere egitekoa ere: «Aldagai horiek ikuspegi zabala eskatzen digute eta eskatuko digute».
Hain zuzen ere, Europako Batasunak agindutako arau fiskalak bete beharko ditu datorren urteko aurrekontuetan. Sailburuak esan du defizit eta zor mugak zintzo beteko dituela, eta aurreratu du urriaren 29an onartuko duela proiektua Gobernu Kontseiluak.
Aurrekontuak onartzeko babes nahikoa du Eusko Legebiltzarrean, baina d'Anjouk esan du oposizioarekin «akordioak egiten» saiatuko dela. Jaurlaritzaren zorra txikia dela eta, esan du bonu jasangarriak merkaturatzen jarraituko duela, bere aurreko sailburuak egin bezala.