Jaurlaritzak 160 milioi euro jarriko ditu energia berriztagarrietarako

Mikel Jauregi Industria sailburu berriak esan du energia berriztagarri oso gutxi ekoizten dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta arazo hori konpontzen ez bada masiboki inportatzen jarraitu beharko dela.

Mikel Jauregi sailburua, gaur Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. IREKIA
Mikel Jauregi sailburua, gaur Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. IREKIA
Paulo Ostolaza.
2024ko irailaren 18a
14:30
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren etorkizunerako ezinbestekoa da energia berriztagarria bertan ekoiztea. Hasi da lanean Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu berria, eta bere lehen agerraldian argi utzi du zer politika ezarri nahi dituen energia kontuetan. «Hemen sortzen ez badugu, Aldaketa Klimatikoaren Legea betetzeko modu bakarra izango da kanpotik energia berriztagarria masiboki inportatzea».

Neurri zehatzak iragarri ditu. Datozen lau urteetan, Jaurlaritzak 160 milioi euro jarriko ditu energia berriztagarria ekoizteko azpiegituretarako, industrian zein etxebizitzetan autokontsumoa sustatzeko. Ildo beretik, beste ehun milioi euro erabiliko ditu industrian energia efizientzia hobetzeko eta emisioak murrizteko.

%8,7

EAEn ekoitzi eta bertan kontsumitzen den energia Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren %8,7 soilik ekoizten da bertan, eta horren %7,3 soilik dator energia berriztagarrietatik.

Izan ere, Jauregik nabarmendu du energia berriztagarri oso gutxi ekoizten dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta arazo horrek hausnarketa bat eskatzen duela «herri gisa». Datuak eman ditu: lurraldean kontsumitzen den energiaren %8,7 soilik sortzen da bertan, eta ekoizpen horren %7,3 soilik dator berriztagarrietatik. Horregatik, defendatu du deskarbonizazio prozesuak elektrizitatea sortzeko azpiegitura berriak sortzea eskatzen duela, eta aipatu ditu haize errotak eta eguzki instalazio fotovoltaikoak, baita autokontsumorako instalazio txikiagoak ere.

«Erronka hori sozializatzeko beharra» izan du hizpide, «onuragarria baita herritarrentzat zein enpresentzat». Eragile politikoei ere egin die horretarako deia. EH Bilduko eledunak, Mikel Oterok, «eskua luzatuta» dutela erantzun dio, baina azpimarratu du zorrotzak izango direla ingurumen kontuetan eta esan dio Jaurlaritzaren berriztagarriak ezartzeko orain arteko estrategia okerra izan dela.

Lurren falta

Sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu ditu bere sailak datozen lau urteetarako dituen asmoak, eta ildo orokorren berri banan-banan eman duen arren, behin eta berriz errepikatu du guztiak biltzen dituen ideia: «Industria gehiago, industria hobea eta isuri gutxiago».

Industria gehiago izateko, ordea, lur gehiago behar da, Jauregik aitortu baitu enpresak erakartzeko duten arazo nagusienetako bat dela industriarako lurzoru gutxi izatearena. Horregatik, lurrak berreskuratzeko, iragarri du Jaurlaritzak 123 milioi euro inbertituko dituela datozen bi urteetan. Industriarako 1,2 milioi metro koadro berreskuratu dituztela aurreikusi du, eta beste 2,5 milioi metro koadro berri lortuko dituztela teknologia parkeak handitzeko eta berriak garatzeko. 

Horietan egingo duten esku hartzerik handiena Miñaokoan (Gasteiz) egingo dute. Han, milioi bat metro koadro Basquevolt baterien fabrikarako izango dira. Gainontzean, hobekuntzak iragarri ditu beste teknologia parkeetan, hala nola Zamudion, Abanton, Zorrotzaurren, Ortuellan (Bizkaia), Donostian, Hernanin eta Hondarribian (Gipuzkoa).

«Industria da gure indarra eta motorra, eta ezin dugu pentsatu etorkizuna bermatua dugunik»

MIKEL JAUREGIEusko Jaurlaritzako sailburua

Ezinbestean, industriaz ere hitz egin du. «Lehiakortasunaren erronkan» jauzi bat egin behar dela adierazi du, Europa atzean geratzen ari delako AEB Ameriketako Estatu Batuekin eta Txinarekin alderatuta. Nabarmendu du aurrerantzean ere «industria herria» izatea funtsezkoa dela ongizaterako: «Industria da gure indarra eta motorra, eta ezin dugu pentsatu etorkizuna bermatua dugunik». Industriari buruzko akordio zabal bat osatzeko beharraz hitz egin du, eta ahotan izan du euskal funts subiranoa ere. Horren bidez, «konpainia estrategikoek» lurraldean jarraitzea bermatu nahi du, baina baita «elkarlan publiko-pribatuaz baliatzen diren konpainia berriak» sustatu ere.

Agerraldian, Jauregik alboan izan ditu azken egunetan kargua hartu duten bere lantaldeko kideak: Jaione Ganzarain Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Andoitz Korta Industria sailburuordea, Josu Bilbao Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuordea eta Irantzu Allende Trantsizio Energetikoko sailburuordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.