Koronabirusa

Jaurlaritzak 100-150 eurorekin osatuko ditu erregulazio sariak

Urtean 20.000 eurotik behera irabazi eta aldi baterako erregulazioan daudenek jasoko dute. ELAk eta LABek akordioa gutxietsi dute, enpresek ez dutelako ekarpenik egingo

Elkarrizketa Sozialaren Mahaiko kideak, akordioaren berri ematera doazela, atzo, Gasteizen. ASIER BASTIDA / IREKIA.
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Langabezia sari apalekin geratu diren langabeek Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango dute uztailetik irailera. Gasteizko gobernuak hilero 100 euro emango dizkie aldi baterako enplegu erregulazio baten ondorioz lanaldi erdia baino gutxiago txikitu behar izan duten langileei, eta 150 euroko saria, berriz, lanaldia %50 eta %100 artean galdu dutenei. Laguntza horrek ez du atzerako eraginik izango —martxotik ekainera arte erregulazioan izan direnek ez dute jasoko—, eta urtean 20.000 euroren soldata gordina baino txikiago dutenentzat izango da—1.666 euroko kotizazio oinarria—.

Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren eraginkortasunaren ondorio gisa azaldu du neurria Maria Jesus San Jose Lan sailburuak, eta Confebasken eta CCOOren eta UGTren babesa nabarmendu du. Edonola ere, negoziazio prozesua luzea izan den arren —maiatzean egin zuen bere proposamena Iñigo Urkullu lehendakariak—, Jaurlaritzak ez du lortu bere helburuetako bat: enpresek ere ekarpena egitea osagarri horretan. Confebask patronalak Urkulluren eskaerari erantzun zion enpresa batzuek jada osatzen dituztela, eta ez zuela enpresa guztiak behartzerik.

44.000 langilek jasoko dute

San Josek eta Beatriz Artolazabal Enplegukoak azaldu zutenez, Jaurlaritzaren osagarriak balioko du «normaltasunera pixkanaka itzultzeko fasean enplegua sendotzeko eta pertsona kalteberenak babesteko». Kalkulatu duenez, 44.000 langile inguruk jaso dezakete laguntza, eta hilero sei milioi euro jarri beharko ditu sariaren osagarria ordaintzeko.

Osagarriaren zenbatekoa finkoa izango da, eta onuradunaren lan kontratuaren izaera gorabehera emango da. Langileak ezingo du jaso aldi baterako erregulazio aktiboan duen ordainsaria baino handiagoa den laguntzarik. Lanbidek kudeatuko du osagarria, eta, ahal dela, hurrengo bileran onartuko du Jaurlaritzak.

Akordioa izenpetu duen arren, motz geratu dela ziurtatu du Confebaskek: «Enpresei espresuki laguntzeko neurriak falta dira, ulertzen baitugu enplegua babesteko modurik onena zera dela, enplegua sortzen duten enpresak babestea».

Ñabardura gutxiago egin dizkio Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak. «Berri ona da euskal langileentzat, eta bereziki soldata txikienak dituztenentzat», batzuek beren soldataren ia %100 jaso ahal izango dutelakoerregulazioan dauden bitartean. Garciak ziurtatu du aldi baterako lan erregulazio batean dauden langileen erdiek edo jasoko dutela Jaurlaritzaren osagarria. Neurri handi batean ostalaritzarekin eta turismoaren beste sektorearekin lotura duten langileak izango dira, industrian langile askok 20.000 euroren soldata gordina gainditzen dutelako.

Garciak gogorarazi du bere sindikatuak duela bi hilabete proposatu zuela langabezia sariak osatzea, eta orain onartu izanak erakusten duela kontzertazioak balio handia duela. «Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak bere erabilgarritasuna erakutsi du, proposamenetatik ekintzetara igaro delako, langile klaseari mesede egiten dien akordioekin».

Garciaren mezua kritika garbia da sindikatu abertzaleentzat, uko egiten baitiote foro horretan parte hartzeari, argudiatuta ez dituela pisuzko erabakiak hartzen eta «Jaurlaritzak patronalaren alde hartutako neurriak zuritzeko» baizik ez duela balio.

«Aukerarik merkeena»

Atzoko akordioak ez du, ordea, ELAren eta LABen jarrera aldaraziko, batek zein besteak gutxietsi egin dutelako. «Gure herriko langile klasearen soldatak osatzeko zeuden aukeren artean merkeena da. Kostua langileei leporatuko zaie, ordaintzen dituzten zergen bidez, eta ez enpresariei». ELAk proposatu zuen 300 milioi euroren funts publiko bat sor zedila, eta sozietate zergari errekargu bat eginez finantzatzea. «ELA prest zegoen akordio on batera iristeko, baina Eusko Jaurlaritzak oraingoan ere bere estilo sektarioa erakutsi du, baztertu egin baitu euskal gehiengo sindikala, jakinik Elkarrizketa Sozialeko Mahaian ez zuela aurkako iritzirik topatuko eta emaitzarik merkeena izango zela».

LABek ere kritikatu du enpresek beren ekarpena ez egitea. «Patronalak ez du ezer jarriko. Azken urteetan lorturiko irabaziak beraientzat gordeko dituzte». Sindikatuak ziurtatu du hitzartutakoa ez dela nahikoa: «Ez du langileen etorkizuneko enplegua bermatzeko inongo neurririk zehazten. Beharrezkoak dira aldi baterako lan erregulazioak bukatzen direnerako enplegua bermatzeko neurriak, kaleratzerik ez egiteko konpromisoak, aldi baterako kontratua duten langileen egoera zuzentzeko neurriak, 1.200 euroko gutxieneko soldata». Proposamen horiek eta beste batzuk egin zizkien joan den astean Jaurlaritzarieta Confebaski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.