Jaurlaritza pentsio funts publiko bat sortzeko aukera aztertzen ari da

Espainiako Gobernuak bere funtsa martxan jartzeko eginiko urratsek kezka areagotu dute. Jaurlaritzak dio Madrilen oniritzirik ez duela behar. Azken hamarkadan enpresetako pentsio planak eten egin dira

Pentsiodunak eguzkitik babesten, Bilbon eginiko mobilizazio batean. MIGUEL TOÑA / EFE.
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza lanean ari da pentsio funts publiko bat sortzeko. «Eragile askoren adostasuna behar duen lana da, eta horrek denbora eskatzen du. Uste dugu lan diskretuak bere fruituak emango dituela», adierazi diote BERRIAri Ekonomia eta Ogasun Saileko iturriek. Espainiako Gobernuak gisa horretako funts bat sortzeko nahiak berpiztu du Jaurlaritzaren interesa.

Oraindik egitekoa duen pentsioen sistemaren erreformaren bigarren zatiaren harira, Pedro Sanchezen gobernuak lege egitasmo bat aurkeztu zuen otsailean, Espainian borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak (BGAE) bultzatzeko, enpresetan bereziki, egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen sistemaren modukoa. Lege egitasmoan, halaber, zehazten da funts publiko bat sortzeko aukera. Horren kudeaketa erakunde pribatu batek egingo luke, baina gobernuak kontrolatuko luke, CEOE patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin batera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresak funts horretara gehitu ahalko lirateke.

Oinarrian, oso antzekoak izango lirateke Espainiako funts publikoaren eta gaur egungo EAEko enpresa planen baldintzak. Baina Madrilgoak baditu berritasun batzuk: autonomoek bat egiteko aukera izango lukete, eta enpresek pentsio plan horretara egiten dituzten ekarpenak Gizarte Segurantzako kotizazioetatik salbuetsita egongo lirateke.

Gaur egun bi langiletik batek (%51,2) du enpresa plan bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nagusiki sektore publikokoak dira, industriako batzuk, eta Mondragon korporaziokoak. Guztira, 30 erakunde daude. Jaurlaritzak urteak daramatza enpresa eta langile gehiago erakarri nahian —bere helburua da beharginen %70era iristea—, baina sektore jakin batzuei eta enpresa txikiei bereziki kosta egiten zaie halakoak sortzea edo daudenetara batzea. Madrilek eratu nahi duen moduko funts publiko batek animatu ditzake horretan parte hartzera, «hemengoen kaltetan». «Guk blindatze modu bat nahi dugu, horrelako planak egin nahi dituzten enpresek hemengo BGAEen bitartez egin ditzaten», adierazi du Euskadiko BGAE Federazioko presidente Ignacio Etxebarriak.

Enpresa eta sindikatuen arteko negoziazio kolektiboen menpe daude halako funtsak, eta lan hitzarmenetan jaso behar dira. Gaur egun horietako gehienak berritu gabe edo blokeatuta daude. Hala, enpresa edo lurralde hitzarmenik ezean, estatu mailakoen pean geratzen dira, eta gerta liteke Madrilgo eragileek lortutako akordioen bitartez sektore batzuetako enpresak Espainiako funts publikora batzea. Horrek kezka eragin du Jaurlaritzan eta BGAEen Federazioan, eta sindikatu abertzaleetan ere bai. «Estatuak lan harremanetan duen zentralizazio nahiaren beste adierazle bat da», adierazi du Oihana Lopetegik, LABeko Analisi arduradunak.

Horiek hala, Jaurlaritza EAEko sistema indartzeko aukera aztertzen ari da, eta horren barruan ez du baztertzen bere funts publikoa sortzea. Baina ikusteko dago horretarako eskumenik baduen.

«Aterkirik ez dugu behar»

Ekonomia eta Ogasun Saileko iturriek diote arazorik ez legokeela. «Ez dugu Espainiako lege baten aterkirik behar. Eta guri inork ez digu esan halakorik ezin dugunik sortu». ELAren iritzian, hori ez dago hain argi. «Ez dago dudarik talka sor daitekeela. Gainera, Espainiako lege horren inguruan zalantza gehiago ditugu informazioa baino. Zuzenketen garaia da, baina hemengo alderdiek ez digute euren egitasmoen berri eman», adierazi du Joseba Villarrealek, ELAko Sindikalizazio arduradunak.

CCOOren arabera, bateragarriak izango lirateke Espainiako funts publikoa eta EAEko oraingo sistema, eta, kasu horretan, uste du Jaurlaritzak ez duela zertan berea sortu. «Gure iritzian, beharrik ez dago hemen funts bat sortzeko Espainiakoren aurka egiteko», adierazi du CCOOko Erakunde eta Gizarte Babeseko idazkari Oskar Arenasek. Espainiako Gobernuarena bezala, Jaurlaritzarena ere asmo bat baino ez da oraindik; sindikatuek eta BGAEen Federazioak diote ez dutela lehen eskuko informaziorik jaso.

Helburutik urrun

Aurreztea, pentsio publikoak osatzeko. Helburu hori dute gizarte aurreikuspeneko funtsek. «Gaur egungo ibilbide profesionalak kontuan hartuta, pentsioak murriztuz joango dira. Gure gurasoek soldataren %90arekin erretiratzen ziren; guri geratuko zaiguna %65 inguru izango da», azpimarratu du Etxebarriak.

Sindikatuak kritikoak dira tresna horrek hartu duen norabidearekin. «Pentsio publikoak pribatizatzeko bide moduan erabili dira herrialde gehienetan. Guk pentsio sistema publikoa indartu behar dela diogu, eta sistema publiko propio baten eraikuntzan urratsak egin behar direla», azpimarratu du Lopetegik. Antzera mintzatu da Villarreal: «Jaurlaritzaren lehentasuna pentsio publikoak osatzea izan beharko litzateke». Arenasek uste du BGAEak pentsio publikoen osagarri gisa ulertu behar direla, «inolaz ere ordezko bezala».

Gizarte aurreikuspeneko funtsek 35 urteko historia dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Jaurlaritzak bultzatu zituen, Gernikako Estatutuak onartzen zizkion eskumenak hartuta. Baina bilakaera ez da uste zenaren modukoa izan, bereziki enplegukoekin. Aurreko krisialditik eten bat egon da. 2009koa da azken proiektu esanguratsua: Itzarri, Jaurlaritzako langileentzat. Martxan zeudenek jarraitzen dute, baina ez dira berriak agertu, eta zeudenak oso gutxi zabaldu dira. «Langile askorentzat onura indibidualak ekarri badituzte ere, langileriaren zati bat bakarrik babesten dute, lan hitzarmen jakin batzuk dituztenak hain zuzen ere; gainera, oso modu desorekatuan: kasu batzuetan BGAEra bideratzen den ehunekoa hutsaren hurrengoa da», azpimarratu du Lopetegik.

Villarrealen iritzian, garapen handiago izateko baldintzarik ez da egon azkenengo urteetan. «Lan munduaren prekarizazioak dena baldintzatzen du egun. Jende asko dago ezin iritsi hilabete bukaerara, eta orainari lotutako kezkak bihurtzen dira lehentasun. Gainera, patronalaren jarrera ere halakoa da: soldatak KPIaren neurrira igotzeko trabak baino ez baditu jartzen, pentsa bestelakoetarako». Horrez gain, ELAko kideak uste du Jaurlaritzak ere ez duela «benetako interesik», eta «propaganda baino ez» duela egiten. «Noizean behin aipatzen dute gaia, bai, baina sarritan funts horietako dirutik atera dezaketen etekinean baino ez dute interesik».

Enplegu planak dituzten langileek erretiroa hartzen dutenean jaso dezakete jarritako dirua, ordainketa bakarrean, edo hamar urtera norbanako planen kasuan. Eta orduan diru horren zati bat biltzen dute foru ogasunek, zergen bitartez. BGAEen Federazioak kalkulatu duenez, iaz guztira 816 milioi jaso zituzten. «Hori diru asko da», dio Etxebarriak. Haren iritzian, horrek justifikatuko luke erakundeek halako planentzako zerga pizgarriak hobetzea, eta hori litzateke, haren ustez, BGAEei beste bultzada bat emateko bidea. Proposatu du, adibidez, enpresei halako planak izateagatik sozietate zergan kenkariak ematea, duela sei urte arte egiten zen moduan. Gogoratu du, halaber, gaur egun norbanako planek baldintza hobeak dituztela enplegu planenak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.