Eusko Jaurlaritza lanean ari da Uvescok —BM eta Super Amara— eta Talgo tren ekoizleak Euskal Herrian errotuta jarrai dezaten. Gobernu Bileraren osteko prentsaurrekoan, Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu du Jaurlaritza operazioren batean sartuko balitz ez lukeela berak bakarrik egingo Finkatuz funts publikoaren bidez, eta azpimarratu du lankidetza publiko-pribatua beharrezkoa izango dela, baina ez du xehetasun gehiago eman nahi izan. Esan du bertako inbertitzaile batzuekin «modu diskretuan» hitz egiten ari direla.
Uda honetan jakin da Uvesco eta Talgo atzerriko beste enpresa handi batzuen esku gera daitezkeela: Talgoren kasua aurretik egin zen ezagun, baina uda osoan ibili da bolo-bolo, eta, azkenean Espainiako Gobernuak Magyar Vagon Hungariako Gobernuarekin lotura zuzena duen talde batek erosteko ahalegina blokeatu egin duen arren, mamu horrek oraindik hor jarraitzen du. Izan ere, Talgok 4.000 milioitik gorako eskaera zorroa dauka gaur egun, baina itota dago. Daukan lan guztiari aurre egiteko arazoak ditu, eta, besteak beste, eskulan eta produkzio planta gehiago behar ditu.
Ikusi gehiago
Astelehenean, Imanol Pradales lehendakariak adierazi zuen Jaurlaritza lanean ari dela bazkide industrial bat bilatzeko. Horren harira, astearte honetan Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ziurtatu du aldundia Jaurlaritzarekin «modu koordinatuan» ari dela sozio horren bila, «Talgoren jarraipena bermatuko duen beharrezko inbertsioei helduko dien proiektu bat eraiki ahal izateko, eta enpresak etorkizunean aurre egin beharko dien eskaera garrantzitsuei heltzeko».
Azpimarratu duenez, Talgo «enpresa garrantzitsua» da Arabarentzat. Gogoratu du bertan sortu zela, nahiz eta aspalditik egoitza nagusia Madrilen duen, eta Ribabellosako plantan 700 langile inguru. Horrez gain, Talgok enpresa hornitzaile ugari ditu Araban.
Berriz itzuli
Antzekotasun batzuk izan arren, oso bestelakoa da Uvesco supermerkatu taldearen kasua. Ekain amaieran jakin zen Frantziako Carrefourrek erosteko asmoa duela, eta, asteon ezagutarazi dutenez, bertako talde bat —tartean taldearen jabe izandako Fernandez de Barrena familia— operazio hori gelditzeko lanean ari da, eta Euskal Herrian akziodun bila ari dira.
Zenbait informazioaren arabera, horien artean leudeke Kutxabank, Eusko Jaurlaritza, eta Artizarra fundazioaren Stellum Capital funtsa —horko kide dira Teresa Madariaga Ingeteameko presidentea, Jose Galindez Euskal Enpresarien Zirkuluko burua eta Solarpackeko presidente ohia, eta Ignacio Martin Gamesako presidente ohia—.
PAI Partners funtsak duela hiru urte 500 milioi euro inguru ordaindu zuen Uvescoren akzioen gehiengoarengatik, eta, orain, 700-800 milioi euroren truke saldu nahi dizkio Carrefourri
Aurreko jabeek —Fernandez de Barrena familiak— akzioen gehiengoa (%70) Frantziako PAI Partners funtsari saldu eta hiru urtera berreskuratu nahi dute taldearen kontrola. Garai hartan, enpresako buruek Euskal Herrian eta Espainian hedatzeko estrategia bizkortu nahi zuten, eta plan hori «babestu» eta «indartzeko» asmoz egin zuten operazio hura.
Halako funtsek, baina, beste asmo batzuk izan ohi dituzte. PAI Partnersi dagokionez, esaterako, agerikoa da hori, batez beste sei urte egiten baititu enpresa batean sartu eta handik atera arte. Duela hiru urte 500 milioi euro inguru ordaindu zuen Uvescoren akzioen gehiengoarengatik, eta, orain, 700-800 milioi euroren truke saldu nahi ditu.
Taldeak 300 denda inguru ditu; gehienak Hego Euskal Herrian (216), eta urte hasieran 4.300 langile zituen lau lurraldeetan. Eroskiren atzetik, Uvesco da Hegoaldeko saltoki katerik handiena, %15 inguruko merkatu kuota baitu. Gainera, bertako 460 banatzailerekin egiten du lan, eta horiek 1.000tik gora ekoizle txiki ordezkatzen dituzte. Hego Euskal Herrian 130 milioitik gorako erosketak egin zizkien iaz. Enba sindikatua «zeharo kezkatuta» agertu da jabetza aldatzeak bertako elikagaien erosketan eragina izan dezakeelako.