Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua izan da gaur hizlari nagusia Adegik eta Kutxabankek urtero antolatzen duten lan gosarian, mahaikide zituela Isabel Busto Adegiko presidentea eta Anton Arriola Kutxabankeko presidentea.
Haren hitzaldian, Jauregik euskal ekonomiaren bi argazki aurkeztu ditu. Batetik, argazki finko bat, zeinetan datuak «onak» diren: per capita errenta eta ongizatea inoizko handienak dira, pobrezia gutxienekoetan da, hazkundea espero da ekonomian —«%1,9koa aurten eta %2,1ekoa hurrengo urtean»—, eta hazkundea izan da enpleguan ere.
«Baina argazki dinamikoa konplexuagoa da», sailburuak esan duenez, eta gogora ekarri du Mario Draghik Europako Batasunaren lehiakortasunari buruz egindako txostena. Alde horretatik, Draghi bezala, Jauregi ere kezkaz mintzatu da, ikusten baitu AEBen eta Europako Batasunaren arteko arrakala digitala handituz doala. «Nahiz eta Europako lidergoari eutsi alor tradizionaletako teknologia eta manufakturetan, atzera egiten ari gara Txinarekin alderatuz. Duela 25 urte, Txinak hondartzako baloiak eta kirol jertseak saltzen zizkigun; orain, punta-puntako auto elektrikoak inportatzen ditugu».
«Europak pisu ekonomikoa eta protagonismo ekonomikoa galdu ditu. Nazioartean garrantzi gutxikoak bihurtzen ari gara»
MIKEL JAUREGI Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua
Lehiakortasuna galtzeari ziurgabetasuna gehitu zaiola azaldu du Jauregik, nazioarteko ordena hausten ari dela, eta Europa bakarrik geratu dela klima akordioen defentsan eta nazioarteko merkataritza librerako politiketan. «Horren ondorioz, Europak pisu ekonomikoa eta protagonismo ekonomikoa galdu ditu. Nazioartean garrantzi gutxikoak bihurtzen ari gara».
Panorama horretan, «banandutako mundu honetan, bloke antagonikoen arteko lehia tartean dela, Europa behartuta egongo da apustuak egitera, subiranotasun handiagoa izateko energian, industrian, defentsan eta logistikan», sailburuaren esanetan; are, Bruselatik industria politika aktiboago baten aldeko mezuak entzuten hasi diren honetan, zera uste du: «Konbentzituta gaude industria izango dela irtenbidea, bai hemen, bai Europan».
Frantziari eta Alemaniari kezkaz begiratzen die Jauregik, baina, «hodei ilunen harira», uste du ezkortasuna alde batera utzi behar dela, eta «Euskadik protagonista» izan behar duela Europa berrindustrializatzeko egingo duen apustuan. «Jauzi kualitatiboa egin behar dugu hor abangoardian egoteko».
Zerga sistemaren obsesioa
Fiskalitatea hizpide hartuta, sailburuak azaldu du zerga berrikuspena bide onetik doala, eta uste du moldaketa horiek egiteko orduan lagungarria izan dela lankidetza publiko-pribatua, besteak beste, industria hobea lortzeko.
Hala ere, zerga politikarekin obsesionatzearen kontra agertu da, eta iradoki du produktibitatearen gaiak garrantzi handiagoa izan beharko lukeela. Arlo horretan, absentismoari lotutako «ezohiko datuak» azpimarratu ditu. «Hori bai, hori palanka bat da lehiakortasunerako». Industria sailburuak uste du datu horiek hobeto ulertzeko modua egin behar dela.
KONTRAESANAK energia trantsizioan
Jauregik hiru tarte edo hutsune agerrarazi ditu trantsizio energetikoaren gaian. «Batetik, berriztagarrien kontsumoari dagokionez geure buruari legez herrialde gisa jarri dizkiogun anbizioak oso handiak dira, eta, gero, kopuruak oso txikiak dira errealitatean». Bigarrenik, «inguruko beste herrialdeekin alderatuta, energia eoliko eta fotovoltaiko gutxi sortzen dugu, baita metro koadroei erreparatuta ere». Eta hirugarrenik, tarte soziala dago: «Legez, anbizio handiak jarri dizkiogu geure buruari, eta, abian jartzen ari garen honetan, ezezkoak datoz». Jauregik uste du irtenbide orekatuen alde egin behar dela, eta «eztabaida bare eta arrazionala» izatea proposatu du, «herrialde gisa dugun kontraesanari buruz».