Jasangarritasuna sustatzeko arloa aurkeztu du Kutxabankek

'Kutxabank Eragin' du izena, eta haren egoitza Bilbon egongo da. Gizarte eta ingurumen jasangarritasunari lotutako 25 ekinbide inguru jarriko ditu abian.

Juan Maria Aburto, Anton Arriola eta Arantxa Tapia, Kutxabank Eraginen egoitzaren inaugurazioan, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Juan Maria Aburto, Anton Arriola eta Arantxa Tapia, Kutxabank Eraginen egoitzaren inaugurazioan, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko maiatzaren 27a
13:15
Entzun

Aurrerantzean, gizarte eta ingurumen jasangarritasuna sustatzeko xede duten proiektuak Kutxabank Eragin izenpean egingo ditu Kutxabankek, hori izango baita bankuaren jasangarritasun arlo berria. Bankuaren Jasangarritasun zuzendari Fernando Lopez de Egilazek esan duenez, Kutxabankek orain arte alor horretan zituen ekinbideak bateratu eta proiektu berriak sustatzea izango da horren helburua: «Gure bazkide diren banku fundazioen orain arteko lanari segida eman nahi diogu arlo berri honen bidez».

Kutxabank Eraginek Bilbon izango du egoitza, eta egitasmo berria aurkezteaz batera, haren inaugurazio ekitaldia ere egin dute. Ekitaldian Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak, Juan Maria Aburto Bilboko alkateak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak parte hartu dute.

Lopez de Egilazek azaldu duenez, sail berriak bost jarduera arlo izango ditu: gizarte garapena, ingurumena, finantzaketa jasangarria, finantza prestakuntza eta hustutako lurraldeei zerbitzua ematea. Alor horietan 25 egitasmo baino gehiago prest ditu Kutxabank Eragin-ek, eta aurrerago beste zenbait proiektu ere sustatzeko asmoa dute.

Mikrokredituak

Gizarte garapenari dagokionez, Kutxabank Eraginek erraztu nahi du bezero partikularrei mikrokredituak emateko bidea, jasangarritasuna sustatuko duten jardueretarako: energia eraginkortasun handiagoa lortzeko etxebizitza moldatzea, auto elektrikoa erostea, hipoteka berdeak, eta abar.

Bezero partikularrekin ez ezik, enpresekin ere lan egin nahi du sail berriak: alde batetik, kredituak eskainiz «egin behar duten trantsizio ekologikoaren bidea samurtzeko», eta, beste aldetik, langintza horretan adituak diren eragileekin lankidetza akordioak eginez, enpresei aholkularitza zerbitzua emateko xedez.

«Soldata justizia» sustatzeko, Kutxabanken behar egiten duten langile gazteei soldata igoko dietela iragarri du Lopez de Egilazek, eta sindikatuekin adosturiko Berdintasun Plana gauzatzeari ekingo diotela.

Ingurumen arloko zenbait ekinbide ere abian jarriko ditu Kutxabank Eraginek. Kutxabankek 982 hektarea baso kudeatzen ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; kanpoko espezieak, batez ere gaixotasunak jotako pìnuak, kendu eta bertako zuhaitzekin ordezkatzea aurreikusi dute, eta zenbait alderditan «ekosistemaren erabateko biziberritzeari» ekin nahi diote.

Finantzaketa jasangarria ere landu nahi du Kutxabank Eraginek. Kreditua lortzeko zailtasunak dituzten bezeroei, bereziki enpresa txikiei, bidea erraztu nahi diete, eta bazterketan erortzeko arriskuan dauden pertsonekin lan egiten duten elkarteei ere. Helburua da datozen bi urteetan finantzaketa jasangarriko 10.000 milioi euro lortzea.

Bestalde, eskoletako ikasleei eta 55 urtetik gorakoei finantza prestakuntza ematen jarraitu nahi dute sortu berri duten sailaren bidez.

Horrez gain, herri txikiei zerbitzua bermatu nahi diete, horietan dauden bulego eta kutxa automatikoak sustatuz eta bulego ibiltariak erabiliz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.