Mende laurdeneko bidea egin du jada Neiker ikerketa eta garapeneko zentroak, eta urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute gaur Arkautiko egoitzan (Araba). Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza alorretan aritzen da erakundea, sektorea berritzen eta garatzen laguntzeko helburuarekin. Ekitaldian izan dira, besteak beste, zenbait agintari eta nekazaritzako elikagaien sektoreko eragile eta ordezkari.
Duela 25 urte jarri zituzten erakundearen oinarriak, lehen sektoreak aurrez aurre dituen erronkei ikerketaren eta berrikuntzaren bidez aterabideak eskaintzeko. Leire Barañanos Neikerreko zuzendari nagusiak adierazi duenez, «begirada luzera begira jarrita» egin du gaur arteko bidea erakundeak, eta sektorearen «lankidetzari» esker lortu du erreferentzia izatea.
Aurrera begira ere bide horretan jarraitu nahi du zentroak, jasangarritasuna ardatz hartuta. Bada, hiru lan ildo nabarmendu ditu zuzendariak: elikadura jasangarria lortzeko bidean lan egitea, klima aldaketak lehen sektorean izan ditzakeen ondorioei aurre hartzea, eta behar berriek eskatzen dituzten soluzio teknologikoak garatzea.
Izan ere, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ohartarazi duenez, elikadura izango da datozen hamarkadetan gizarteak izango duen «erronka nagusietako bat». Sektoreak«aldaketa sakonak» izango dituela adierazi du, eta azpimarratu Neikerren ekarpena «ezinbestekoa» izango dela aldaketa horiei guztiei aurre egiteko: «Funtsezkoa da sektorea soluzioaren parte izatea. Eta izaten ari da. Neikerren aurrerapenei esker, sektorea eraginkorragoa eta iraunkorragoa izango da».