Nastat estatistika erakundeak urteko lehen hiruhilabeteko datuak aurreratu ditu. Nafarroako ekonomiak azeleragailua zapaldu du. Jarduera ekonomikoa %0,8 handitu da, urritik abendurako epearekin alderatuta. Uztailetik irailera %0,2 handitu zen, eta urritik abendura, %0,6. Goranzko joerari eutsi dio, hortaz, jarduera ekonomikoak, batik bat industriak bultzaturik.
Duela urtebete, lehen hiru hilabeteetako epearekin alderatuta, %2 egin du gora ekonomiak. Hain zuzen ere, hazkunde ekonomikoaren erritmoari eutsi egin dio, Iaz %1,9 handitu zen-eta ekonomia. Dena den, hamabi hilabete atzera joz gero, %1,5 izan zen urte arteko hazkunde tasa.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiarekin alderatuta, bizkorrago hazten ari da Nafarroako BPG. Dena den, joera antzekoa da. Iragan astean Eustatek aurreratutako datuen arabera, urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra doan tartean %0,5 hazi da BPG barne produktu gordina, 2023ko laugarren hiruhilekoan bezain beste.
Ikusi gehiago
Industriaren portaera ona
Eskaintzaren aldean Industriaren dinamismoari egotzi dio goranzko joera hori Nastatek. Atzo bertan kaleratu zuen martxoko industria giroaren adierazlea, industria jardueraren gaineko enpresen konfiantza neurtzen duena. Adierazlearen arabera, irailetik abendura bitartean industriako enpresen inguruneari buruzko ikuspegia hobetu egin zen, eta ordutik baikortasun horri eutsi diote.
Zurgintza eta altzarigintza, papergintza eta inprimaketa, garraio material eta produktu metalikoen adarretan nabaritu da batik bat giro baikor hori. Aitzitik, elikagaien industria, kimika, mineralak, ehungintza, eta bestelako manufakturak adarretan iritzi ezkorragoak bildu dituzte. Industria jardueraren gaineko adierazleek ere joera on hori adierazten dute. Otsaileko datuen arabera, industria ekoizpenaren indizea %5,7 igo da urtebetean.
Eskariari dagokionez, estatistika erakundeak azpimarratu du sendien barne kontsumoak ekonomiatik tiraka jarraitzen duela. Apirilaren hasieran kaleratu zen sendien konfiantza neurtzen duen adierazlea. Hiru hilabete lehenago egindako inkestarekin alderatuta, iritzi baikorragoak bildu dituzte oraingo honetan. Ikuspegi hobeago hori galdetutako adierazle ia guztietan islatu da: hala nola aurrezkia, enpleguari buruzko aurreikuspena, egoera orokorra edo erosteko perspektiba.
Iritziez harago, etxebizitzen gastu indizeak hobera egin du, apur bat bada ere. Inflazioaren eragina kenduta, duela urtebeteko egoerarekin alderatuta, familiek %0,1 gehiago gastatu dute.
«Ekialde Hurbilean tentsioek gora egin dute eta arriskuan jartzen duten nazioarteko jokaleku makroekonomikoa. Begi guztiak hara begira daude, gatazka horrek baldintzatuko duelako munduko ekonomiaren bilakaera datozen hilabeteetan».
JOSE LUIS ARASTINafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilaria
Kanpo merkataritzari dagokionez, esportazioek hobera egin dute, Nastaten arabera. Hiruhileko osoko daturik ez badago ere, lehen bi hilabeteetan esportazioak %6,4 handitu dira; inportazioak, berriz, %1,5. Hortaz, esportazioen eta inportazioen arteko aldeak, 334 milioi euroko emaitza positiboa izan du Nafarroan urte hasieran. Aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, baina, %3,6 jaitsi da kanpo merkataritza.
Nastatek aurreratutako datuak behin-behinekoak dira, eta ekainaren 25ean argitaratuko ditu behin betikoak, behin koadro makroekonomikoa guztia osatuta duenean.
Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasunaren arabera, ikuspegia baikorra da, eta urte osorako aurreikuspen ekonomikoek hobera egin dute: %1,3ko aurreikuspena zuen eta orain %1,5era igo du.
Dena den, zuhur jokatu nahi izan du nazioarteko egoera geopolitikoaren ondorioz, «Ekialde Hurbilean tentsioek gora egin dute, eta arriskuan jartzen duten nazioarteko jokaleku makroekonomikoa. Begi guztiak hara begira daude, gatazka horrek baldintzatuko duelako munduko ekonomiaren bilakaera datozen hilabeteetan».
Alemaniak atzeraldia saihestu du
Nafarroako datuez harago, euroaren eremuko hainbat herrialdeetako datu ekonomikoak ezagutu dira. Alemaniak, kasurako, atzeraldia saihestea lortu du, lehen hiru hilabeteetan %0,2 hazi baita ekonomia —adituek aurreikusitakoa baino hamarren bat gehiago—. Europako motor ekonomikoak urte amaiera zaila izan zuen. %0,5 atzera egin zuen jarduera ekonomikoak urritik abendura bitartean. Eraikuntzak eta esportazioek bultzaturik egin du gora urte hasieran; aldiz, kontsumo pribatuak behera egin du. Alemaniako Gobernuak espero du udaberria mugarri izango dela eta datuek hobera egingo dutela, kezka baitago herrialdean Europako hazkunde apaleneko herrialdea delako.
Frantzian, berriz, lehen hiruhilekoan ekonomia %0,2 handitu da. Alemaniaren aldean, frantziarren kontsumoak (+%0,4) sustatu du jarduera ekonomikoa. Inbertsioak ere %0,3 hobetu dira, nahiz eta gorabehera handiak izan azkenaldian —urteko azken hiru hilabeteetan %0,9 egin zuten behera—. INSEE estatistika erakundeak espero zuen lehen hiru hilabeteetan ekonomia bere horretan geratuko zela eta udaberritik aurrera hasiko zela hobetzen. Hortaz, emaitzak uste baino hobeak izan dira. Bruno Le Maire Ekonomia ministroak joera on horri erreparatu nahi izan dio: «Gure ekonomia geldirik dagoela esaten duten horiek diotenaren kontra, datuak burugogorrak dira».
Espainian, berriz, azkarrago hazten ari da ekonomia. INE estatistika erakundearen arabera, %0,7 handitu da BPG urteko lehen hiru hilabeteetan, batik bat inbertsioak eta esportazioek bultzaturik. Frantzian bezala, urte amaieran inbertsioek behera zuten, baina urte hasieran %2,6 hobetu dira. Urte osorako %2ko hazkunde ekonomikoa aurreikusi du Espainiako Gobernuak eta Carlos Cuerpo Ekonomia ministroaren arabera «bide onetik» doa.