Ostegunaz geroztik, nazioarteko musikari ezagunenen topagune bilakatu da Bilboko Kobetamendi. Rosalia, The Strokes, Suede eta Liam Gallagher igaro dira dagoeneko BBK Live jaialdiko taula gainetik, eta gaur oraindik talde gehiago ikusteko aukera egongo da. Antolatzaileek jaialdia hasi aurretik egindako aurreikuspenen arabera, 120.000 pertsona batuko dira jaialdiak iraungo duen hiru egunetan, musika egarriz horiek denak. Eta jendetza horrek jaialdiko tabernetan kontsumituko duena asetzeko, ehunka zerbitzari arituko dira barraren atzealdean. Baina oholtza gainean taldeek edukiko duten distirarik ez dute izango eurek.
Antolatzaileak, gainera, arazoak izaten ari dira zerbitzariekin. Eragin gazte prekarioen plataformak jakinarazi duenez, behargin askok uko egin diote lan egitera joateari. Zerbitzarientzako ez baitago jaialdirik; plataformako kideen arabera, BBK Live antolatzen duen Last Tour konpainiak lan baldintza «prekarioak» ezartzen dizkie zerbitzariei.
Sare sozialetan kanpaina bat abiatu dute kritika hori zabaltzeko, eta «erantzun positiboa» izan duela azaldu du Mikel Ruiz Oar-Arteta Eragin plataformako kideak. Kanpaina horren eraginez, 40 garbitzaile inguru ez baitira Kobetamendira igo, eta hainbat zerbitzarik ere uko egin diote lanera joateari. Ondorioz, Eragin-ek esan du antolatzaileak azken unean jendearen bila ari direla. Plataformako kide batzuek Last Tourrekoei idatzi diete jakiteko zer baldintzatan ari diren zerbitzari horiek bilatzen, eta zeuzkaten susmo denak argitu dizkiete kontaktu horiek: «Ez diete kontraturik ere eskaintzen». BBK Liveko prekaritatearen aurka abiatu duten kanpainak, beraz, oihartzuna izan duela nabarmendu du.
Lan egitera joateari uko egiteaz gain, Eraginek jaialdian lan egin duten eta egiten ari diren pertsonen testigantzak bildu eta zabaldu ditu sare sozialen bidez. Hala dio bildutako testigantzetako batek: «Bilera eduki berri dugu Kobetamendin, lan baldintzen berri jasotzeko, eta hamar, hamabi eta hamazazpi ordu arteko lan txandak eman dizkigute; azaldu dutenez, gainera, ikuskariren bat baldin badator, gezurra esan behar diegu, esanez kontratua daukagula eta zortzi orduko txandak egiten ditugula».
Atzo lanean hasi eta dagoeneko Kobetamendira gehiago ez igotzea erabaki duen beste behargin baten mezuaren arabera, hamabi orduko lanegunak ezarri dizkiote, eta, kontratua eskatu arren, ez du ezer sinatu. «Lankide batek bero kolpe bat izan du, eta arduradunak ez dira gai izan bisera bat eta botila bat ur eramateko, ezin zutelako euren postua utzi; DJ batek bere emanaldia geratu eta bere bisera utzi behar izan dio. Oso surrealista izan da dena».
Prekaritatearen aurkako plataformak jaso dituen mezu gehienetan antzeko baldintzak deskribatzen dituzte: «Hamabi edo hamalau orduko ordutegiak dituzte; langile gehienak kanpotik etorritakoak dira; kanpinean egiten dute lo, eta lau edo bost euro artean kobratzen dute orduko. Bizkaiko ostalaritzako itunak hamar euro inguruko ordaina jasotzen du».
Last Tourrek salaketa horiei erantzun die komunikazio bulegoaren bidez: «Inguruko jendea kontratatzen saiatzen gara, eta, kanpotik baldin badatoz, aukera eskaintzen diegu nahi izanez gero kanpinean lo egiteko, doan». Lan baldintzei buruz galdetuta, argi azaldu dute langileek hasieratik dakitela zer lan ordutegi izango duten, eta zenbat irabaziko duten lanaren truke. «Hau da, inork ez dauka aurretik hitzartu gabeko lan baldintzarik; ez dute ordu gehiagoz lan egiten, eta ez dute kanpin batean lo egiten derrigortuta». Lanordu bakoitzeko zenbat ordaintzen duten galdetzean, erantzun dute informazio hori eskura ez dutela. Bilatu eta bidaliko dutela hitzeman arren, BERRIAk ez du informaziorik jaso.
Laguntza publikoa
Lan baldintza horien gordina salatu du Eragin taldeak, baina BBK Livek diru laguntza publikoa jasotzen duela kontuan hartuz gero egoera are larriagoa dela esan du Ruiz Oar-Artetak. Jaialdiak izenean Bilbao hitza eramateagatik 1,4 milioi euro jartzen ditu udalak, «baina ez dute bermatzen bertan lan baldintza duinak egongo direla». Horregatik, erakunde publikoei gutxieneko berme batzuk ezar ditzatela eskatu die plataformak. «Eurekin zerbait egitea pentsatzen ari gara».
Eraginek jakinarazi dituen lan baldintzetatik tiraka, Bilboko EH Bilduk galdera egingo dio Bilboko Udalari, jakiteko zenbatekoa den jaialdira bideratzen duen diru laguntza, eta zer neurri hartzen duen lan baldintza duinak bermatzeko. «Diru publikoa erabiltzen den heinean, uste dugu beharrezkoa dela Bilboko Udalak enpresa antolatzaileei eskatzea lan baldintza duinak bermatzeko; badakigu ekitaldi handien ondorioz sortzen diren lanpostuak kasu askotan prekarioak izaten direla, eta BBK Liven kasuan, salaketak egon dira».
LAB sindikatuak ere bere egin du Eragin plataformak egindako salaketa BBK Liveko langileen baldintzen inguruan, eta Bilboko Udalaren jarduna kritikatu du. «Azpikontratazioa eta prekarizazioaren finantzaketa dira EAJk eta PSE-EEk gidatutako instituzio publikoen ohiko praktika», esan du sindikatuak. Era berean, lan ikuskaritzari eskaera egin dio «hartu beharreko neurriak har ditzan». Gaur itzaliko dira BBK Live jaialdiko argiak, baina bertako lan baldintzek soka luzea ekarriko dute datozen hilabeteetan.
Jaialdirik ez barraren atzean
BBK Liveko zerbitzarien lan baldintzak salatu ditu aste honetan Eragin plataformak. Bilboko Udalari kargu hartu diote, 1,4 milioi euroko diru laguntza ematen diolako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu