Zuzendari berrien txanda da Euskal Herriko portu nagusietan. Eusko Jaurlaritzak baieztatu du Izaskun Goñi Razkin (Iruñea, 1972) izango dela Pasaiako Portuko lehendakari berria, Joakin Telleriaren ordez. Bilboko portuan, berriz, aste honetan jakinarazi dute Ricardo Barkalak kargua utziko duela. Ez dute haren ordezkoaren berri eman ofizialki, baina El Correo egunkariak dio Ivan Jimenez bizkaitarra izango dela.
Pasaiako portua gidatuko duen lehen emakumea izango da Goñi. Ekonomialaria da ikasketaz, eta esperientzia handia du sektore pribatuan eta publikoan. Oiartzungo Docuworld enpresako esportazio arduradun gisa hasi zuen ibilbide profesionala, eta Bizkaiko Parke Teknologikoko Optima Comunicacion enpresako zuzendari nagusi ere izan zen, beste zortzi urtez. Azken bi urteotan NHOD Industries Frantziako berrikuntzako ingeniaritzako presidente ez exekutibo kargua izan du, eta SRT Automotiveko enpresako aholku batzordeko kide izan da.
Tartean Nafarroako Gobernuan aritu zen. Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoaren Departamentuko zuzendari nagusi izan zen zortzi urtez, eta Industria, Digitalizazio, Politika Ekonomiko, Nazioarteko Merkataritza, Europako Funts eta Lan arloez arduratu zen.
Jaurlaritzak nabarmendu duenez, «bere ibilbide profesional garrantzitsuari esker, badu beharrezko ezagutza Pasaiako portuaren hurrengo hazkunde faseari aurre egiteko eta Euroeskualde Atlantikoko nodo logistikoekin lankidetzan sakontzeko».
Erreleboa Bilbokoan ere
Telleriak erretiroa hartuko du, baina Barkalak ez du oraindik bere asmoen berri eman, hura ere erretirorako adinera iritsi den arren. Joan den asteartean jakinarazi zuen Bilboko Portuko lehendakaritza utziko zuela ekainean, bere borondatez, «beste tripulazio bati leku egiteko».
Talde horren buru Jimenez izango dela dio El Correo-k. Bizkaiko Foru Aldundiko Bizkaia Talent agentziako arduraduna izan da Jimenez azken hamar urteetan, eta haren helburua zera izan da, maila handiko profesionalak Bizkaira erakartzea. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasitakoa da Jimenez, eta aurretik Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ikaskide izan zen Portugaleteko Asti Berri ikastolan.