Ugari izan dira azken urteetan Laboral Kutxaren egoitzen aurrean egin diren mobilizazio eta protestak. Pankarta eskuan dutela, Eroski eta Fagorren ekarpenen kaltetuek kontzentrazio ugari egin dituzte euren egoera salatzeko. Tartean pentsiodunak. 40.000 inguru pertsonak erosi zituzten bi erakunde horien ekarpenak, eta horietako batzuk erosketa prozesuan engainatu zituztela salatu dute. Esaten dute uste zutela gordailuak erosi zituztela, hau da, jarritako dirua edo haren zati bat nahi zutenean berreskuratuko zutela, baina produktua ez zen horrelakoa. Ekarpenek ez daukate epe mugarik, eta jaulkitzaileak erabakitzen duenean iraungitzen dira, edo enpresak porrot egiten duenean. Hori gertatu zen Fagor Etxetresnen kasuan, baina Eroskiren ekarpenek bere bidea egin dute; akordio eta epaitegien artean. Urtebete igaro da auziari nolabaiteko irtenbide bat eman zitzaionetik, baina, oraindik, Laboral Kutxaren egoitzen aurrean mobilizatzen jarraitzen dute kaltetu batzuek.
Eroskiko ekarpenak erosi zituztenei mahai gainean eskaintza jakin bat jarri zien kooperatibak, auzia behin betiko amaitzeko asmoz. Ekarpenak bonu berri batzuen truke eskaini zitzaizkien, baina baldintza berriekin. Inbertsioaren %30i uko egingo zioten trukea onartzen zutenek; %15 dirutan jasoko zuten, eta gainerako %55 hamabi urteren ondoren ordainduko den zor bihurtuko zen. Bitartean, Eroskik euriborra gehi %3 ordainduko diebonu berri horiek eskuratu zituztenei, interes altua diruaren egungo balioa ikusita. Egindako inbertsioaren herenari uko egitea eskaini zien kooperatibak, euren kalkuluen arabera ekarpenak 2002an erosi zituztenek inbertsioaren %70 jaso dutelako interesetan. 2003koek, %63,4; 2004koek, %57,8; eta 2007koek, %36,4. Kaltetuen elkarteek esan izan dute, ordea, diru hori hitzartutako interesen ordaina besterik ez zela, eta oraindik ez dutela aukerarik egindako inbertsio osoa eskuratzeko, produktua halakoa baita.
Eroskiren ekarpenak 30.000 inguru pertsonak erosi zituztela kalkulatzen da, eta horietatik %62k onartu zuten proposamena, hau da, hirutik bik. Ekarpenak zituztenen %10ek epaitegien bidea hartu zuten, eta gainerako %28ek lehen bezala jarraitzea erabaki zuten. Hau da, kooperatibak hala nahi duen arte, euren inbertsioari eutsiko diote, eta, bitartean, merkatuko interes handienetakoak kobratzen jarraituko dute.
Urtarrilaren amaiera iristearekin batera, Eroskik urteko balantzea egingo du, eta ekarpenetan egindako inbertsioaren truke euren interesak jasotzen jarraituko dute. BERRIA egunkariak galdetu dio Eroskiri ea zenbatekoak izango diren aurtengo interesak, baina ez du erantzunik jaso. Edozein modutan, datozen asteetan emango dute horren berri.
Epaiketen bide emankorra
Epaiketen bidea hartu zuten kasu gehienetan, epaileek arrazoia eman diete bezeroei, baina bankuak egin dituzte errudun, ez Eroski, produktua oker saltzeagatik. Eroski errugabetu egin dute, finantza produktua legezkoa zelako.
Bide hori hartu zuen Joxemari Amundarain Eroskiko ekarpenen kaltetuen elkarteko Gipuzkoako bozeramaileak. Lehenetarikoa izan zen ekarpenen auzia auzitara eramaten, eta oraindik behin betiko epaiaren zain dago. «Lehen epaiketa irabazi genuen, baina hiru helegite jarri zizkidaten, eta orain [Espainiako] Auzitegi Gorenean dago kontua; hasieran, bankuek helegiteak jartzen zituzten ondoren etor zitezkeen kaltetuak beldurtu eta salaketarik jar ez zezaten, baina geroago abiatu ziren epaiketetan akordioak lortzen saiatu dira».
Eta, kasu horietan, dirua itzuli izan diote bezeroari. Horregatik, Eroskiren ekarpenen auzia amaitutzat eman du Amundarainek. 2017an itxiko dira, haren arabera, oraindik irekita dauden epaiak, eta horrekin bukatuko litzateke milaka herritarri eragin dien auziaren zati bat.
Pozik agertu da horregatik Amundarain, orain arte egin duten bidea emankorra izan delako. «Lau katu gara, eta bankuak bere tokian jarri ditugu», esan du. Minduta azaldu da, ordea, komunikabide eta alderdi politikoekin, «auzia isilarazi egin nahi izan dutelako»; «milaka langileri lana ematen diotelako, ematen du Mondragon taldea eta bankuak ukiezinak direla». Alderdi denekin egon direla dio, eta inork ez diela jaramon berezirik egin.
Eroskik kaltetuei egin zien proposamena negoziatzeko garaian ere, eurekin hitz egin gabe egin zela salatu du. Ez zuten eskaintza hori onartu, erdibideko irtenbide bat zelako. «Ikusi genuen bide bakarra epaitegiena zela, eta arrazoia eman digute kasurik gehienetan». Horregatik, uste du indarturik atera dela «engainatuak» izan zirelako ildoa.
Ixteko bidean dagoen auzia
Eroskiko ekarpenak erosi zituztenen %62k kooperatibak egindako eskaintza onartu zuten, eta %10ek auzitara jo dute. Hala egin dutenetan, epaileak kaltetuei eman die arrazoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu