Itxita bai, baina etsita ez

TS Fundicioneseko langileak Zestoako kiroldegian itxi dira, bideragarritasun plan bat eskatzeko

TS Fundicioneseko langileak, enpresaren jabeen argazkiak erakusten, atzo, Zestoan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Urola Kostako Hitza
2014ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Haien enpresa egun gutxi barru behin betiko itxiko dela dirudien arren, TS Fundicioneseko langileek ez dute amore eman nahi. Zestoako enpresak etorkizuna baduela ziurtatu dute, eta zuzendaritzari eskatu diote bideragarritasun «proiektu alternatibo bat» egitea. «Lantegiaren alde negoziatzeko prest» daudela nabarmendu dute. TS Fundicioneseko zuzendaritzak, hain zuzen ere, azaroan enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik izandako negoziazioen porrota argudiatu zuen enpresa likidatuko zuela iragartzeko. Hirurehun langiletik gora izatera iritsi zen fundizioa, baina, enplegua erregulatzeko espediente sorta baten ondoren, 156 langile geratzen dira gaur egun. Batez ere, sektore eolikorako zatiak egiten dituzte.

Enpresaren iragarpenari ez diote geldirik erantzun TS Fundicioneseko langileek. Atzo goizean, oinez egin zuten Arroa auzoko lantegitik Zestoako erdigunera doan hiruzpalau kilometroko bidea. Martxa kiroldegian bukatu zuten, han 24 orduko itxialdia hasi behar baitzuten. «TSko langileak borrokan» eta gisa horretako oihuak egiten sartu ziren kirol eremuan. Gaur eguerdian aterako dira handik, eta beste manifestazio bat egingo dute Zestoako kaleetan.

Kiroldegian sartu aurretik, prentsaren aurrean agertu ziren langile batzordeko kideak. Haserre zeuden langileak —TSko akziodunen izen-abizenak eta errudunak agertzen ziren esku orriak zituzten—, eta haserre zeuden haien ordezkariak ere. Enpresaren azken urteetako kudeaketan «gezurra gezurraren gainean» entzun dutela salatu zuten. Hain zuzen, gogoratu zuten bi urtetan kaleratzerik ez izatea adostu zutela iaz, eta horri eustea aldarrikatu zuten.

Ziurtatu zuten TS Fundicionesi «kalte egin» diotela jabe berberena den Itziarko WEC enpresaren «mesedetan»: «Bi familiaren arteko eta langileon gatazkaren aurkako mendeku politika baten erdian gaude». Bideragarritasun plan egonkorrik aurkezteko gai ez dela izan egotzi zioten zuzendaritzari. Hori hala izanik, ohartarazi zuten ez dutela onartuko zuzendaritzak errua eurei botatzea.

Langabezia saririk gabe

Zuzendaritzak joan zen ostiralean eman zuen itxieraren berri, «akordioak lortzeko ezintasunak» eta zorrak bultzatuta. 28 milioi euroko zorra du lantegiak. «Gure susmoek pentsarazten ziguten enpresa ixteko aitzakia besterik ez zela akordioa bilatzeko konkurtsora aurkeztu izana. Tamalez, susmoak egia bihurtu dira». Orain, «kale gorrian eta pobrezian» geratuko direla ohartarazi zuten; «bazterketa sozialera eramango gaituzte, izen-abizenekin». Azken urteotako erregulazio dosierren ondoren langabezia saririk ez zaiela geratzen gogorarazi zuten. Kobratu gabe bada ere lanera joaten aritu direla gogoratu zuten, «TSren mesedetan ari ginelakoan».

Urtarrilaren 10ean onartu zuen epaileak 50 langile kaleratu eta aldi batez 48 langileri kontratua etetea. Haren bideragarritasuna negoziatzeko, bilera bat egin zuten duela aste batzuk. «Aurkezpena besterik ez zen izan. Hurrengoan likidatu egingo zutela esan ziguten. Negoziazio erreal batean sinetsi izan dugu beti, baina zuzendaritza itxi bat izan dugu une oro». Zuzendaritzak jada aurkeztu du enpresa likidatzeko eskaera, Donostiako lan arloko epaitegian. Epaileak hori onartzen badu, hilabeteko epea izango dute itxiera negoziatzeko. Kontratuak eteteko, negoziazio mahaia osatzeko dei egin zien herenegun zuzendaritzak.

Jaurlaritzari deia

«Deskapitalizazio beldurgarria» ikusirik, berriz, Eusko Jaurlaritzari dei egin zioten, «gutxi batzuen interesak defendatzeariutzi» eta TSko «injustiziaren aurka» hango langileen alde egin dezan, eta eskualdeko enpresentzat «benetako politika industrialak» martxan jarri ditzan.

Enpresan hartutako neurriak salatzeko, langileek mobilizazioak egin dituzte azken hilabeteetan; alde horretatik, «kriminalizatuta» sentitzen dira: «Ekitaldi bakoitzeko, Jaurlaritzaren indar armatuek zaintzen gaituzte, kriminal hutsak bagina bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.