Itxi egingo dute Mutrikuko Metec Motric lantegia

Foruko Rinder Industrial enpresak 30 behargin kaleratu nahi dituela salatu du LABek

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Material kirurgikoa egiten duen enpresa bakarra dago Euskal Herrian: Mutrikuko Metec Motric. Itxi egingo dute hori ere. Jakinarazte ofizialik ez dute jaso oraindik langileek, baina langile batzordeak baieztatu egin du. 50 langile ditu enpresak, eta gehienek urte asko daramatzate enpresan.

LABeko ordezkariek Lea Artibai eta Mutrikuko Hitza-ri jakinarazi diotenez, Fogasaren bidez lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko ordaina jasoko dute. «Espedienteari dagokion 180 eguneko langabezia saria egoten da, baina hori batzuek agortu dugu jada, eta langabeziako geure dirutik ari gara jaten, baina benetan langabezia egoeran egon gabe, ikastaroetan-eta izena emateko aukerarik gabe. Horrela ezin genuen jarraitu».

Hain zuzen, bi espediente aurkeztu ditu enpresak 2009ko abuztutik. Aurrena sei hilabetekoa izan zen, eta ia lan talde osoari eragin zion, lanaldia erdira murriztuta. Haren luzapena langileek eurek eskatu zuten. Abenduan batere ez kobratzen hasi ziren, ordea, beharginak. Hala, apirilean mobilizazioei ekin zieten. Gaur egun, konkurtso legean dago, eta epeak amaitzen ari dira. Oraindik ez dago argi noiz itxiko duten lantegia, baina laster izango dela uste dute.

Arazoekin dagoen beste enpresa baten berri ere eman du LABek. Foruko (Bizkaia) Rinder Industrialek langileak kaleratu nahi dituela salatu du. Horretaz gain, zuzendaritzak «mobbing-era hurbiltzen diren jarrerak» dituela dio. «Lanik ez dagoen aitzakian ordu batzuetan zenbait langile, gehienak emakumeak, ekoizpen lekuetatik atera eta bulegoetara bidaltzen dituzte, besteak beste, banaka egotera behartuz».

Kudeatzaileak ia milioi bat euro aurreztu nahi dituela jakinarazi die langileei. Horretarako, 30 langile, lan taldearen %30, kaleratzeko aukera jarri du mahai gainean. Norbere borondatez joaten denari 30.000 eta 40.000 euro artean emateko prest agertu da. «Formula hori enpresak planteatu adina jendek onartuko ez duenez, urtebeteko espedientea ipintzeko mehatxua egin du; eta hori ere gutxi izango denez, hainbat langile kaleratu beharko dituela dio». LABek «txeke zuririk» ez duela sinatuko esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.