Itxaropena badute Corrugadoseko langileek, fiskala alde jarri zaielako

Auzitegi Nazionaleko epaia aldekoa izango balitz ere, Gallardo taldearen aldetik ez dute ezer espero ELAko eta LABeko ordezkariekIncoesako langileek ohartarazi dute enpresa aurki ixtekotan dagoela

Azpeitiko Corrugadoseko langileak, iazko urtarrilean, greba amaitutakoan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Urola Kostako Hitza
2014ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Zuhurtzia osoz, baina itxaropentsu itzuli ziren atzo MadrildikAzpeitiko eta Lasaoko Corrugados lantegiko ELAko eta LABeko ordezkariak eta haien abokatuak. Bi lantegietako langileen kaleratzeak bidegabeak izan ote ziren erabaki behar du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek; lehen zantzuak ez dira txarrak, fiskalak berak kaleratzeak bertan behera geratzeko eskatu baitzuen.

Madrilgo Auzitegi Nazionalean 09:45ean hasi zen saioa eta, epaileak hala eskatuta, bi alderdien desadostasunetan oinarritu ziren abokatuen mintzaldiak. Izan ere, froga dokumentalez gain aldeek zituzten argudioak entzun nahi izan zituen, epaia dokumentu horietan oinarriturik hartuko duen arren.

Epaiketa amaieran, fiskalak hitza hartu eta langileen alde egin zuen, Gallardo Taldeak Espainiako Konstituzioaren artikulu baten aurka egin duela argudiatuta; ez zuen zehaztu, ordea, zein artikuluri buruz ari zen.

Epaiaren zain dira, beraz, aldeak. Fiskalak euren alde eginda ere, langileak jakitun dira erabakia, azkenean, epailearen esku dagoela. «Irabazita ere, badakigu enpresa honekin ez goazela inora, Espainiako Auzitegi Gorenera joko bailuke, orain arteko epaiekin egin izan duen bezala».

Epaiketan izan zen hutsunerik. Bestalde, Azpeitiko Corrugadosen sortu zen Corrugados Bai langile batzordeko ordezkaririk eta abokaturik ez zen agertu epaiketara. «Horrekin erakutsi dute ez zutela epaiketa honetaz ezer jakin nahi», azaldu zuten ELAko eta LABeko ordezkariek. Beste hutsunea Extremadurako lantegiko langileen ordezkariena izan zen. Azken horiek Azpeitiko eta Lasaoko langileen enplegua erregulatzeko espediente berean sartuta lortu zuen Gallardok dosierra Gipuzkoan ez aztertzea, Madrilen baizik, Auzitegi Nazionalaren esku geratzen baitira bi erkidego edo gehiagoko langileei dagozkien txostenak.

Gallardo, «argudiorik gabe»

Bi lantegietako abokatuek orain artekoa defendatu zuten atzokoan ere: lantegien bideragarritasuna eta enpresaren negoziaziorako blokeoa: «Hasieratik, nahitaez onartu beharreko klausulak inposatu dizkigutela adierazi dugu, eta negoziatzeko aukerarik ez digutela eman», ohartarazi zuten ELAko eta LABeko langile ordezkariek. «Haiek gure greba hartu dute blokeorako aitzakiatzat». Klausula horiek izan ziren ekainaren 15ean hasi eta sei hilabetez jarraitu zuten grebaren arrazoi nagusiak: 60 langile kaleratzea, soldatak %35 jaistea, urtean 49 lanordu gehiago izatea eta enpresan geldituko liratekeen langileei urte bukaera arteko suspentsioko lana erregulatzeko txosten bat ezartzea.

Langileen ordezkariek adierazi zutenez, Gallardo taldeko abokatuek «argudio ahulak eta faltsuak» eman zituzten epaiketan. Azpeitiko langileen kasuan, abokatuek gogora ekarri zuten enpresak material eskaerei uko egin izan diela, Paraguaitik jaso zuten 150.000 tona materialeko eskaerari, kasu. Gallardoren abokatuak argudiorik gabe ikusi zituztela adierazi zuten langileek.

Bestalde, Gallardok Lasaoko lantegia Espainian saltzen duen enpresa modura aurkeztu zuela adierazi zuten. Hori okerra dela dio: «Lasaoko salmenten %87 Frantzian egiten dira». Argudio horrekin, langileen ustez, «argi ikusten da gezurretan ari direla eta aitzakia horrekin kaleratu zituztela Lasaoko langileak».

Incoesa, ixtekotan

Iaz itxi zuten Azpeitiko Corrugados, ixtekotan dagoela dirudi Lasaokoa, eta behin betiko ixteko zorian dago Incoesa, Bedian (Bizkaia). Atzo azaldu zutenez, epaitegiaren jakinarazpen ofizialaren zain daude kaleratzeak eta enpresaren itxiera baieztatzeko. Enpresak asmo horiek dituela esan zien konkurtsoaren administratzaileak. Duela bi aste epaitegi batek baliogabetu egin zuen hainbat langile Soriara eta Extremadurara eramateko erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.