Mamian sartu gabe itxi du epaileak Xabier Iturbe Kutxako presidenteren izendapenaren auzia. Donostiako zortzigarren epaitegiaren arabera, EH Bilduko kideek epez kanpo eskatu zuten Iturbe izendatu zuen batzarraren erabakiak ezerezean uzteko. Gaine- ra, epaileak zalantzan jarri du salatzaileen legitimotasuna afera horretan esku hartzeko. Salaketa ontzat hartu izanez gero, Kutxak azken bi urte eta erdian hartutako erabakiak kolokan gera zitezkeen, haien artean kutxa desegin eta banku fundazio bihurtu zuena. Halaber izango ziren auzitan Kutxabankek hartutakoak, Iturbe Kutxako presidente den heinean delako banku horretako lehendakariordea.
EH Bilduk berak eman zuen atzo arratsaldean epailearen erabakiaren berri, eta bere haserrea erakutsi zuen. Batetik, koalizioak azaldu zuen salaketa «epaitegi batetik bestera» ibili zela eta horrek baldintzatu duela afera. Berez, EH Bilduko ordezkariek batzarra amaitu eta berehala jakinarazi zuten auzitara jotzeko asmoa zutela.
Baina epeena baino larriagoa iruditu zaio EH Bilduri epailearen beste argudioa, koalizioa ez dela inor auzi horretan. «Kutxako Batzar Nagusiaren erdia ez bada nor gai honen inguruan demanda bat aurkezteko, nork dauka ahalmen hori?». EH Bilduk ziurtatu zuen «Gipuzkoako gizartearen zati handi bat» ordezkatzen zuela Kutxako erabaki organoetan; «horiek ere ordezkatzen ditugu gure demanda aurkeztean». Gauzak horrela, honako hau galdetu zuen: «Beren aurrezkiak Kutxan dituzten herritar horiek ez dira nor Kutxak hartutako erabakiekin zerikusia duten auziak judizialki zalantzan jartzeko?».
Epaileak auziaren mamiari erreparatu ez dioenez, EH Bilduk berretsi du Iturberen izendapena«irregulartasun agerikoez» egin zela, eta helburu bakarrarekin: «Kutxaren eta Kutxabanken pribatizazio prozesuari ekitea». Prozesu hori geratzeko dei egin zien beste indar politikoei. «Sinetsita gaude Euskal Herriak eta euskal gizarteak finantza erakunde publiko eta indartsua behar duela, etorkizunera begira dituen erronkei aurre egin ahal izateko».
Martxoaren 25ean aztertu zuen Donostiako zortzigarren epaitegiak Iturberen izendapenaren auzia. Salatzaileek, EH Bilduko Ainhoa Beolak eta Jesus Mari Larrazabalek, ziurtatu zuten Iturbek eta haren taldeak Kutxaren barne araudia bihurritu zutela Gipuzkoako finantza erakundearen buruzagitzari eusteko. Irregulartasunik ez zutela egin erantzun zuten Kutxaren abokatuek.
Batzar polemikoa
Gatazkatsua izan zen 2012ko azaroaren 21eko Kutxaren administrazio kontseilua. Bezperan, Kutxako hauteskunde batzordeak baliogabetu egin zuen eragile sozialen hautagaitza, Paul Bilbao Kontseiluaren ordezkariaren ordezkoak —Xabier Irazusta Alcer-eko ordezkariak— 70 urteko muga gainditzen zuelako. Iturberen taldeak uste zuen Bilbaok Antton Izagirre EH Bilduren presidentegaiaren alde egingo zuela. Haren ordez, Iturbek zuzenean DYAko Javier Barazea izendatu zuen eragile sozialen ordezkari. Kutxako presidentea izendatzeko bozketan, zazpi boto lortu zituen Iturbek —EAJ, PSE eta CCOO eta Pixkanaka sindikatuen ordezkarienak—, eta beste zazpi Izagirrek; Barazea abstenitu egin zen. Bigarren bozketan hautsi zen berdinketa, Iturberen aldeko kalitatezko botoa eman baitzuen mahaiko kide zaharrenak, Jacinto Hernandez PSEko ordezkariak (69 urte).
Epailearen aurrean lekuko gisa egindako deklarazioan, Iturbek zehaztu zuen ez zuela parte hartu Bilbaoren hautagaitzaren baliogabetzean, eta hauteskunde batzordeak aho batez hartu zuela erabaki hori. Barazea, berriz, erakundea ongi ezagutzen zuelako izendatu zuen, hainbat urtez izan zelako Kutxako giza baliabideetako arduraduna. Koalizioaren izenean, Oscar Padura abokatuak «irregulartzat» jo zuen ez abisatu izana Bilbaori bere ordezkoak ezin zuela hautagai izan.
2012ko Kutxa ez da existitzen: hura aurrezki kutxa bat zen, finantza erakunde bat. Oraingoa, berriz, finantza erakunde baten —Kutxabanken— akzioen %33 dituen banku fundazio bat da. Iturbe da fundazio horren burua, sortu zenetik, 2014ko urritik.
Iturberen izendapenaren auzia itxi du epaileak, prozedura kontuengatik
Donostiako epaileak esan du EH Bilduk epez kanpo eta legitimotasunik gabe aurkeztu zuela Kutxako batzarraren aurkako salaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu