Iturbe Kutxako lehendakari izendatzeko prozesua ikertuko du epaitegi batek

Kutxak 2012ko azaroan egindako batzarrean irregulartasun ugari egon zirela salatu du EH Bilduk

Xabier Iturbe, presidente aukeratu zuteneko batzarrean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2014ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Xabier Iturbe 2012ko azaroan egindako batzar orokorrean izendatu zuten berriro Kutxako presidente. Ez zen batzar normala izan, ordea. Bi hautagaitza zeuden, eta gorabehera handiak egon ziren, «irregulartasunak» eta «mafiarenak diren jarrerak», EH Bilduren ustez. Ainhoa Beola eta Antton Izagirre —EH Bildu buru zuen hautagaitzaren burua—, Iturbe presidentzia hartu zuen batzarra bukatu bezain laster iragarritako salaketa jarri zuten Donostiako epaitegian, eta aretoak tramiterako onartu du eskaera. EH Bilduren ustez, «Xabier Iturbe Kutxaren funtzio sozialaren aurka agintzen duen presidente legez kanpokoa da». Salaketa tramiterako onartzeak Iturberen izendapen prozesuan «susmagarria» badela adierazten du, koalizioaren ustez.

2012ko azaroaren 21ean egin zuten zuzendaritza aukeratzeko Kutxako Batzar Orokorra Donostian. Kutxak eragile sozialen hautagaitza adin epea ez betetzeagatik baliogabetu zuen aurrez; Kontseiluaren ordezkaria, Alcer giltzurrun gaixoen elkartekoa, zaharregia zen itxura batean. Baliogabetze hori izan ez balitz, EH Bilduk Kutxako zuzendaritza lortuko zuen seguruenera.

Inpugnazio baten kontua

Inpugnazioaren ostean, espero zitekeena gertatu zen, ordea. EAJ-PP-PSE koalizioa gailendu zen, CCOO eta Pixkanaka sindikatuek haren alde egin zutelako, eta eragile sozialen ordezkaria aldatu eta DYAko Javier Baraze izendatu zuelako Xabier Iturbek berak; Kutxako giza baliabideetako arduradun ohia da Baraze. Ez zuen ordezkorik, Kontseiluak ordezko izateari uko egin ziolako batzarrean bertan, baina aurrera egin zuen prozesuak. Kutxaren lehendakari Xabier Iturbe aukeratu zuten; lehendakariorde, PSE-EEko Jose Miguel Martin Herrera , eta idazkari Iñigo Barandiaran, EAJkoa.

Hala ere, parez pare geratu ziren indarrak batzarkideek bozkatutako administrazio kontseiluan, eta zazpina berdindu ostean (Baraze bera abstenitu egin zen), bigarren bozketan hautatu zuten Iturbe lehendakari. Mahaiko presidentea ordezkari zaharrena izatea erabakigarria izan zen. Jacinto Hernandez 69 urteko sozialistak —70 urte da muga kontseilari izateko; eragile sozialen zerrendako ordezkoak adin hori gainditzen zuelako baliogabetu zuen Kutxak hautagaitza— hautsi zuen berdinketa EAJ-PP-PSEren alde kalitatezko botoa erabilita.

EH Bilduren arabera, estatutuek ez dute jasotzen adinduenaren kalitatezko botorik; PSE-EEk, berriz, EAEko Kutxen Legean jasota dagoela esan zuen. Epaitegiek argitu beharko dute orain Iturbe izendatzeko prozesuan irregulartasunak egon ziren ala ez.

Azken urtean EAJ-PSE-PPren arteko aliantza hori «mantendu dela» ikusi du koalizioak, «gizarte ekintza eta Kutxaren izaera soziala babesteko eta indartzeko EH Bilduk aurkeztu dituen proposamen guztien aurka elkarrekin arituz». Onkologikoa eta Inbiomed inguruan gertatutakoa aipatzen du EH Bilduren oharrak adibide gisa. «Gai garrantzitsu hauetaz batzarrean eztabaidatzeko aukera ere ukatu digute, Kutxen legea eta Kutxaren estatutuen aurka joz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.