Ituna duten langileen kopuruak hazten jarraitu du lehen seihilekoan

Urtarriletik ekainera arte 149 lan hitzarmen erregistratu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; horietatik 54, azken bi hilabeteetan

Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Gero eta langile gehiagok daukate lan hitzarmena indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Pasa den urtera arte blokeatuta egon zen negoziazio kolektiboa, eta sindikatuak zein patronalak elkarri egozten zioten itunak ez berritzearen ardura. Korapiloa askatzen hasi zen iaz, eta itun gehiago sinatzen hasi ziren. Bada, bide beretik doa aurtengo urtea ere. Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) atzo argitaratu zuen txosten soziolaboralaren arabera, urte hasieran 206.762 langilek zeukaten indarrean euren hitzarmena, eta ekainera arteko epean 250.240 beharginera igo da kopurua. Dagoeneko, langileen %41,4k dute bere lan hitzarmena eguneratua, %40,7k indarraldia luzatua, eta %17,9k ez dute itunaren babesik.

Denetara, 149 lan hitzarmen gehiago erregistratu dira urtea hasi denetik ekainaren 30era arte. Horietako 129 enpresako itunak izan dira, eta gainontzeko hogeiak sektorekoak. Azken bi hilabeteak emankorragoak izan dira enpresa esparruan (51 itun), sektorekako negoziazio kolektiboan baino (hiru itun).

Sektoreko bi itun nagusiak, langile gehiagori eragiten dietenak, blokeatuta daude aspaldi: Bizkaiko eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenak. Bizkaian,maiatzaz geroztik sindikatu denek bat egin dute plataforma komun batean, eta, bost greba egunen ondoren, urrian beste horrenbeste egingo dute. FVEM patronalak dei egin die sindikatuei gatazka alboratu eta negoziazio mahaian esertzeko, baina gatazkak luze iraungo duen itxura dauka. Gipuzkoako metaleko azken ituna 2011koa da; iraungita dago, eta egoera desblokeatzeko saio guztiek huts egin dute.

Arabako metalgintzako ituna ere berritu beharrean dago, eta negoziazioetan ez dute aurrera egiten bi aldeek. LABek atzo bidalitako oharrean SEA patronalaren jarrera salatu zuen, eta mahai gainean «benetako edukiak» jartzeko eskatu zion. Ituna lortu ahal izateko, sindikatua mobilizazioak egiten ari da sektorean.

Gipuzkoako papergintzan ere sei greba egun egin zituzten ekainean, eta horien ondoren akordio batera iritsi ziren uztailean Adegi enpresaburuen elkartea eta LAB eta CCOOsindikatuak. ELAk ez zuen bat egin, akordio «historiko bat» lortzeko aukera galdu zela argudiatuta. Hitzarmen hori Gipuzkoan aurten egindako sektoreko lehenengoa da, eta hurrengo txostenean erregistratuko du LHK-k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.