Itun bat egin dute Unipapel enpresan, eta greba bertan behera utzi dute langileek

Ekoizpenari Adunan eutsiko zaiola eta kaleratzerik ez duela egingo sinatu du zuzendaritzak

Unipapeleko langileen batzar bat, aste honetan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Tolosaldeko ataria
2014ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Paperaren sektoreak ez du ospakizunerako motibo handirik Tolosandean, baina Adunako Unipapelen zabaldu den lan gatazkak, behinik behin, soluziorako norabidea hartu duela ematen du. Langile batzordeak eta enpresa zuzendaritzak akordio bat egin dute ekoizpenari Adunan eusteko, eta Logroñora lekualdatzeko asmoa baztertu egin da, oraingoz. Langileek bertan behera utzi dute greba, eta gaur bertan beren lanpostuetara joango dira, urtarrilaren 20tik lanuzte mugagabean egon ondoren.

Beharginek atzo eguerdian egin zuten adostutakoari buruzko bozketa, eta zuzendaritzak goizean eskainitako plana onartu zuten: zuzendaritzak urte eta erdian ez ditu soldatak jaitsiko; ez du ekoizpena beste lantegi batera eramango; eta ez du kaleratzerik egingo, haiek eragozteko erretiroak egitea aurreikusten baitu. 56 langile bildu dira batzarrean, eta 51k egin dute proposamenaren alde.

Akordioa ez da erraza izan, eta aurretik egondako beste eskaintza batzuk baztertu ondoren iritsi zen. Zuzendaritzak asteartean konpromisoa azaldu zuen 2014ko abenduaren 31ra arte ekoizpenari Gipuzkoako lantegian eutsi eta soldatarik ez jaisteko, baina, langile eta sindikatuen ustez, ez zen «nahikoa». Konpromiso handiagoa nahi zuten, eta beste bi negoziazio saio izan zituzten herenegun, goizean eta arratsaldean. 10:30ean abiatutako bilera akordiorik gabe iritsi zen eguerdira. Sindikatuek hiru baldintza mahairatu zituzten: soldatarik ez jaistea, enpresako bi makina garrantzitsuenak Logroñora ez eramatea eta kaleratzerik ez gauzatzea. Enpresak ez zituen onartu hiru puntuak, «gehiegi» zirelakoan, eta, bazkaltzeko atsedenaren ondoren, beste proposamen bat jakinarazi zuen.

Bi aldeak hiru orduz egon ziren batzartuta azken proposamenaren inguruan. Langile batzordeak bere eskakizunei eutsi zien, eta enpresak urtebetean produkzioari eutsi eta soldatarik ez jaisteko prestasuna azaldu zuen. Baina hor jarri zuen muga.

Telefono dei bat azken unean

Ordutik aurrera, ez zuten beste konpromisorik hartu, eta akordioa aldendu egin zen. Langileek atzera bota zuten zuzendaritzaren proposamena, «nahikoa» ez zelakoan. Enpresako buruek, hori ikusirik, batzar agiria firmatzeko eskatu zuten, aurrerago batzar gehiago egingo ote zituzten argitu gabe. Iluntzean ordea, abokatuek telefonoz deitu zieten zuzendaritzako sindikatuei, eta atzoko beste bilera batera deitu zituzten. Azkenean, baietza iritsi zen. Langileek mahai gainean jarritako hiru baldintza nagusiak onartu zituzten, eta greba eten egin zen. Adveo taldeak Springwater Capital arrisku funtsari saldu dio planta berriki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.