Itsasoko haize erroten zentro bat irekiko du Siemens Gamesak Euskal Herrian

Zamudioko eta Sarrigurengo egoitzetan 50 ingeniari beharko ditu, eta iaz iragarritako 352 kaleratzeak murrizteko asmoa dutela aurreratu dute

Baltikoko itsasoan haize errotak. HANNIBAL HANSCHKE / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Itsasoan jartzeko sorgailu eolikoak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira energiaren sektorean. Haien zabalkundea ikusirik, Siemens Gamesak gune bat irekiko du Hego Euskal Herrian. Zehazki, Zamudioko (Bizkaia) eta Sarrigurengo (Nafarroa) egoitzetan jarriko du abian zentro hori. Siemens Energy taldeko filialaren proiektuen diseinuaz arduratuko da, eta 2025erako 50 ingeniari egongo dira lanean.

Iaz, Siemens Gamesak Sarrigurengo, Zamudioko eta Madrilgo bulegoetako 352 lanpostu kentzeko asmoa iragarri zuen. Abenduan, UGTk eta CCOOk lan erregulazioko espedientea hitzartu zuten enpresarekin. Siemens Gamesa borondatez uzteko baldintzak onartu ziren, erretiro aurreratuen eta enpresa uzteko prest direnentzako kalte ordainen bitartez.

352tik 150era gutxitu da

Prozesuak bi urte iraungo duenez, doikuntzaren nondik norakoez eztabaidatzeko negoziazio mahaia ireki da. Bertako iturriek aipatu dutenez, bitarte horretan enpresak sortzen dituen lanpostuak betetzeko, erregulazioan sarturiko langileak lehenetsiko dituzte. Horien artean daude 50 enplegu berriak. Ondorioz, hasieran iragarritako doikuntza 352 lanpostutik 150era gutxitu da.

Itsasoko erroten zentro horretaningeniariek eta enpresa kudeatzaileek egingo dute lan, eta profil hori betetzen dutenak lehenetsiko dituzte. Ikerketa eta garapen atala indartu nahi du. Egun, Sarrigurenen, taldearen ikerketa atalik handienetako bat dago.

Itsas energia eolikoak garrantzia hartu du Siemens Gamesarentzat. Iaz, itsas proiektuek 143 milioi euro fakturatu zituzten, etanegozio bolumenaren %10era heldu ziren. Oraintxe, Europa iparraldean garatu ditu proiektu gehien; hala nola Danimarkan, Alemanian, Frantzian eta Alemanian. Siemens Gamesak martxoaren 27an egingo du akziodunen batzarra, Zamudion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.