ITSASOKO AUKERA

Itsasoko egitura eolikoak ugaldu egin dira hamarkada batean, eta horrek negozio aukera berri bat zabalduko du. Gaur egun, 50 euskal enpresa daude sektore horretan murgilduta, baina adituek aurreikusi dute ontzioletan egongo dela negozio aukerarik handiena.

2050. urterako, halako parkeetan sortuko da Europan ekoizten den energiaren laurdena. SIEMENSGAMESA.
Lander Muñagorri Garmendia.
Barakaldo
2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Datu argigarri bat eman zuen ostegunean Javier Garcia Perez Iberdrolako Europako Offshore negozioko arduradunak. Marine Energy Week azoka egin dute aste honetan Barakaldoko BEC erakustazokan, eta itsasoko egitura eolikoek (offshore) itsas sektorean izan dezakeen eraginari buruzko jardunaldia egin zuten egun horretan. Horra datua: offshore parke bat eraikitzeko egiten den inbertsioaren heren bat itsas sektorean bertan inbertitzen da. Eta, portzentaje horren neurria irudikatzeko, jakinarazi zuen zenbat diru inbertitu den Iberdrolak Alemanian eraiki duen Wikinger offshore parke eolikoan: 1.400 milioi euro. Horregatik, azokan behin eta berriro gogoratu zuten offshore merkatua negozioetarako aukera bat dela.

Are gehiago kontuan hartuz gero zer hazkunde izan dezakeen etorkizunera begira. Gaur egun Europan ekoizten den energia eolikoaren %10 itsasoan dauden dorreetatik datoz, eta, 2017an, Europan sortu zen energiaren %18 eolikoa izan zen. Bada, 2050. urterako egindako aurreikuspenen arabera, ekoiztuko den energiaren laurdena offshore plataformetatik iritsiko da Europako lurretara. 2030. urterako, hirukoiztu egingo da itsasoan jarriko diren haize erroten kopurua, eta Asian eta Ozeano Barean hamabost aldiz biderkatuko da. Horregatik, itsasoko sektoreko eragileek itxaropentsu begiratzen diote itsasoari.

Gaur egun, 50 euskal enpresa daude negozio horretan murgilduta, eta horietatik azpimarragarriena Haizea Wind izan daiteke. Iazko maiatzean, dorreen egiturak ekoizteko lantegia zabaldu zuten Bilboko portuan, eta lehen urteurrena baino lehen langileen kopurua nabarmen handitu dela azaldu zuen enpresako kide Allan Ruiz-Rivasek. 50 langilerekin zabaldu zen lantegia, eta 200 behargin ditu gaur egun. «Azkar aldatzen ari den merkatu bat da, gainera; megawatt gehiago ekoizten dituzte dorreek, eta, horren ondorioz, energiaren prezioa ere jaisten ari da». Horregatik, etengabe egokitzen aritu behar dutela azaldu zuen. Iberdrolako arduraduna ere ikuspuntu beretik aritu zen: «3,5 megawatt ekoizten zituzten itsas dorreekin hasi ginen, eta egun 8 megawattera iristen gara; baina, dagoeneko, 10 megawatti buruz hitz egiten ari dira ekoizle asko».

Ontziolen aukera

Etengabe mugitzen eta egokitzen ari den merkatu bat da, beraz, offshore eolikoarena, eta hazten jarraitzeko tartea oraindik handia da. Horregatik, enpresa asko toki egokia bilatzen ari dira, baina ontziolek dituzte denen artean aukera onenak. Garcia Perezek Wikingerren kasuari heldu zion berriz ere: Baltikoan dauden 72 dorre horiek bere lekuan kokatu eta egokitzeko lanetan, itsasontzi gehien erabili ziren momentuan, ehun itsasontzi behar izan zituzten. Kableontziak, garabiak zituztenak, dragaontziak, atoiontziak, hornidura lanak egiten zituztenak... Askotariko eginkizunetarako itsasontziak behar izan ziren. Horregatik, datozen urteetan «ontzioletan lan karga handitu» daitekeela aurreikusi zuen Iberdrolako arduradunak.

Baina ez da hori ontziolen funtzio bakarra offshore sektorean. Antonio Sanchez Perez Navantiako dibertsifikazio arduraduna da, eta azaldu zuen Cadiz (Espainia) eta Ferrolgo (Galizia) ontzioletan egin dituztela Wikingerreko parkerako azpiestazioaren eta 29 dorreren egiturak. «Negozio eredu berrietara egokitu behar dugu, eta offshore eolikoan aukera ikusi dugu ».

Aukera berriak zabaltzeko bide horretan, Javier Zarraonaindia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak ate berri bat zabaldu zuen: itsas sektorean espezializatzeko lanbide heziketako zentro bat zabaltzea Sestaon (Bizkaia). Oraindik garatu gabe dago proiektu hori, baina Navalen moduko ontziola handi bati beste aukera bat irekiko zaio itsasoko zeruertzean. Hango langileak kaleratu bezperan egin zuen adierazpen hori, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.