Iñigo Ansola. Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia

«Itsasoan parke eoliko bat nahiko genuke pare bat urtean»

Itsasoan kokatutako errotei buruz gero eta gehiago hitz egiten ari dira energia berriztagarrien arloan. Euskal industriak sektore horretan bere lekua edukiko duela uste du Ansolak.

BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
Barakaldo
2017ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Aste honetan, Marine Energy Week foroa hirugarrenez egiten ari dira Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia). Munduko espezialista ugari elkartzen ari dira han, eta atzo itsasoko energia eolikoari buruz —offshore energia eoliko gisa ezaguna— hitz egin zuten sektoreko ekoizle handienek. Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia (Markina-Xemein, Bizkaia, 1974) itxaropentsua da negozio bide berriak ekar ditzakeelako hazten ari den sektoreak.

Etorkizuneko energia itsasotik datorrela dirudi. Nola dago une honetan egoera?

Bai, teknikari guztiek diote haize kalitate oso egokia dagoela itsasoan, eta hor aukera garrantzitsu bat ikusten da energia berriztagarrien arloan. Orain, sekulako inbertsioak egiten ari dira aerosorgailu ekoizleen enpresak. Haize errota horietan, bi modalitate daude. Ur sakonera txikitan, 25 eta 30 metroko sakoneran, errotak lurrera lotuta daude. Baina munduko hainbat lekutan itsasoa hori baino sakonagoa denez, teknologia berri batgaratzen ari da, errota flotatzaileena.

Etorkizuna izan daitekeena errealitate bihurtzen ari da?

Ematen du baietz. Jardunaldi hauetan ikusten ari gara enpresa garrantzitsuenak teknologia berri horri buruz asko hitz egiten ari direla.

Eta Euskal Herriko enpresak nola daude kokatuta?

Hemen tradizio handia dago, haize erroten sektorea indartsua delako. Industria oso garatua dago, eta ehun enpresatik gora haize erroten inguruan ari dira lanean. Bilboko Portuan bertan, enpresa garrantzitsuak euren toki logistiko bila sartzen ari dira.

Esan daiteke hub bat bihurtzen ari dela Bilboko Portua sektore honentzat?

Itxuraz bai, eta munduan sekulako indarra daukaten enpresak dira. Kontuan hartu behar da orain 7.500 milioi euro fakturatzen direla sektore eolikoan, eta 3.000 langiletik gora daudela lanean. Zalantza barik, offshore sektorean sekulako atea zabaltzen ari da, eta horri flotatzaileen aukera gehitzen badiogu, badirudi ekonomia garrantzitsu bat sortuko dela hor.

Energia eolikoaren esparruan, Gamesa enpresa garrantzitsuena da hemen. Siemensekin batu da orain...

Sekulako enpresa sortu da hor. Eta euskal industria ere hor egongo da, ziur.

Nagusia, ordea, Siemens izango da, eta itsasoko energia Alemaniatik gidatuko du. Euskal enpresek negozioaren tarta zati bat hartuko dute?

Konpromisoak badaude hemengo enpresek euren lanari eutsi diezaioten. Sektorean hainbeste urtez lan egin ondoren, euskal industria ondo kokatu da, eta hemengo jakituria oso handia da.

Eusko Jaurlaritzak Windbox plataforma jarri du martxan osagaiak testatzeko. Zer eman dezake plataforma honek?

Errotek nolako bizia eduki dezaketen ikertzeko lan handia egiten ari dira enpresak. Puntan egoteko balioko du horrek ere.

Offshore energia eolikoak, hala ere, kostu handiak ditu. Horrek nola eragin dezake bere garapenean?

Offshore-aren arloan erronka nagusia kostuak jaistea da. Osagaien iraupena dela, ala mantentzearen atalean dela. Logistikoki, hala ere,aurrerapen handiak egiten ari dira apurka, eta kostuak ere murrizten ari dira.

Kostuak murrizteaz gain, erroten potentzia handitzen denean errentagarritasuna ere handituz joango da. Megawatt gehiago eskatzen ari dira ekoizleak...

Zenbat eta errentagarriagoa izan, orduan eta gehiago garatuko da atal hori. Ahalik eta isurketa gutxiena edukitzea da helburua, eta bide horretan zenbat eta merkeago izan energia berriztagarria, orduan eta gehiago garatuko da merkatua.

Offshore energia eolikoko plataformak, ordea, kostaldetik gero eta urrunago egiten dira. Negozio aukeren aurka doan bereizgarri bati izan daiteke...

Egia da kostuak gehitu egiten direla urrunago joan ahala, baina zenbakiak egitea da. Teknologia berri honekin ikusten da joera urrunago joatea dela, haizearen kalitatea hobea delako. Merkatuak esango du noraino irits daitekeen, denak gero eta urrunago begiratzen ari baitira.

Euskal kostaldean noiz egon ahalko da halako parke bat?

Oraingoz, ezin daiteke ezer esan. Euskal kostaldea sakonera handikoa da, eta plataformek flotatzaileak izan beharko lukete. Epe ertain batean, pare bat urtean, zerbait ikusteko aukera eduki nahi genuke.

Zerbait egosten ari da orduan?

Bai, zerbait bai.

Mutrikun (Gipuzkoa) eta Armintzan (Bizkaia) energia olatutik lortzeko bi prototipo daude martxan. Zein aukera ematen dute horiek?

Armintzan gutxiago garatutako teknologia bat daukagu, olatuetatik energia sortzearena. Mutrikun ere hala da, baina plataforma estatikoa da, eta Armintzan ur gainean dago. Teknologia bera da batean eta bestean. Armintzakoa datu onak ematen ari da, lehen negua gainditu du, hamar metroko olatuei aurre egiten.

Etorkizunik izan dezake?

Horretan ari gara. Teknologia horretan sinesten dugu, eta garatuz joan behar du. Aurten funtzionatu duela ikusi dugu, eta orduan beste fase batera eraman nahi dugu. Plataforma bakarra eduki beharrean, hiru edo lau eduki, energia gehiago ekoiztu dezatela. Noizko egongo den garatuta? Hori oraindik ez dakigu.

Offshore energiaren plataformen geroa gertuago ikusten duzula, alegia.

Bai, errealitate bat delako. Enpresak hor ari dira inbertitzen, eta beste egoera batean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.