Precision Castings Bilbaoren (PCB) erregulazio espedienteko negoziazio epea enpresaren eta langile batzordeko kideen arteko akordiorik gabe bukatu da. Horiek hala, eta ITP Aeroren barnean dagoen enpresako zuzendaritzak esanikoa betetzen badu, 136 langile kaleratuko ditu. Negoziazio epean, kopuru hori 77raino jaisteko prest agertu da, hamar erretiro aurreraturi eta aldi baterako erregulazio luze bati lotuta. Horretarako, baina, langile batzordeak akordioa sinatu behar zuen, eta ez du sinatu. Sindikatu bakar batek ere ez du onartu zuzendaritzaren proposamena. Enpresak, orain, hamabost egun ditu kaleratzeen berri emateko, eta ikusi beharko da erregulazioa osorik gauzatzen duen. Langile batzordea prest dago erabakia auzitara eramateko.
Ezkerraldeko industria bizkarreko handia hartzeko zorian dago. 505 langilek dihardute egun PCBk Sestaon eta Barakaldon dituen plantetan (Bizkaia), eta %30ek lanpostua gal dezakete aurki. Horiei urtarriletik hona kalean geldituriko behin-behineko 120 langileak gehitu behar zaizkie, enpresak ez baitzien kontratua berritu. Sindikatuak oso haserre irten ziren atzo enpresarekin izandako azken bileratik, eta protestan jarraituko dutela aurreratu dute. Hasteko, beste hiru greba egun egingo dituzte Gabonetako zubiaren ondoren.
Langile batzordeko kideek esana zuten ez zutela kaleratzerik onartuko, eta jarrera horri eutsi zioten azken egunera arte. Bilera EHUk Leioako campusean duen eraikin batean izan zen, kanpoan protesta egiten ari ziren langileen zarata ozenaren soinu bandarekin. Enpresako zuzendaritzak azken astean egindako eskaintza mantendu zuen: 77 kaleratze, hamar erretiro aurreratu, eta bi urterako aldi baterako erregulazio espedientea lantalde guztiarentzat: %25ekoa 2021ean; eta %20koa 2022an. Haren kalkuluen arabera, ekoizpena erdira jaitsiko da hurrengo urtean, eta 2024ra arte ez da aurrekora itzuliko.
Kaleratzeak, garestiagoak
Sindikatuek badakite ez direla garai onak hegazkigintzarentzat ITPk turbinak egiten ditu, eta PCBk, haientzako piezak, baina krisi iragankorra dela uste dute, eta enpresaren iragarpenak ezkorregiak direla. Horiek hala, bi eskaintza berri egin zituzten atzo: ELAk eta LABek bi urteko aldi baterako erregulazio batean oinarrituriko proposamen bat egin zuten. Haien kalkuluen arabera, aldi baterako erregulazioa kaleratzeak baino merkeagoa da enpresarentzat, eta hori bada zerbait, PCBk arrazoi ekonomikoetan oinarritu baitu erregulazioa.
CCOOk eta UGTk, berriz, erretiro aurreratu batzuk eta irteera boluntarioen aukera eskaini zuten. Enpresak, baina, entzungor egin zien biei, eta horrekin bukatu zen bilera. PCBk, orain, hamabost egun ditu argitzeko zer egingo duen eta ea 136 kaleratzeen asmoari eutsiko dion.
Langileak neurria auzitara eramateko prest daude, eta indartsu sentitzen dira. Udazkenean beste epaiketa bat irabazi zuten, epaileak bertan behera utzi baitzuen PCB egiten saiatu zen aldi baterako erregulazioa. Enpresaren egoera ikusita, horrelako neurri bat hartzeko arrazoirik ez zegoela ebatzi zuen. Izan ere, eta sindikatuen datuen arabera, ITP taldeak 95 milioi euro irabazi zituen 2019an. Auzi honen korapiloak, gainera, beste hari bat du: Rolls Roycek, ITP Aeroren jabea denak, turbina enpresa osoa saldu nahi du, eta multzo barneko plantetako batek horrelako auzibide bat irekia izateak erosleak uxa ditzake.
ITP Castingsen ez da akordiorik izan, eta baliteke 136 langile kaleratzea
Enplegu erregulazioa negoziatzeko epeak ez du fruiturik eman, eta orain enpresari dagokio erabakitzea osorik gauzatuko duen. 77raino jaitsi zuen kopurua, baina langileek ez dute onartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu