ITP Aeroren akziodun egin da Jaurlaritza, %6 erosita

aitor biain
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza ITP Aeroren akziodun bilakatu da, Bain Capital egungo jabearekin akordioa eginda. Akzioen %6 bereganatu ditu Finkatuz funtsari esker, zeina Finantzen Euskal Kontseiluak kudeatzen duen. Ohar bidez jakinarazi duenez, helburua da aeronautika konpainia horren «industria eta enpresa proiektua bermatzea eta babestea». Dena dela, ez du esan zenbat ordaindu duen akzio horiengatik.

Partaidetza horri esker, ordezkari bat izango du administrazio kontseiluan, Jaurlaritzak berak baieztatu duenez; aurrez behin eta birritan eskatu du hori. Modu horretan, hitza izango du enpresaren erabakietan eragiteko, eta, besteak beste, enpresaren erroei eusteko. Horren garrantzia azpimarratu zuen Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak atzo.

Zamudion egoitza duen hegazkin turbinen enpresa «estrategikoa» dela berretsi zuen Tapiak, «epe luzerako proiektuak dituelako». Hain zuzen ere, ITP Aeron sartuta, enpresak martxan duen hazkunde plan «anbiziotsua» babestu nahi du Jaurlaritzak, eta «kalitatezko» enplegua sortzen lagundu, baita ikerketaren eta garapenaren aldeko apustua sustatu ere. Izan ere, uste du horrek erraztu egingo duela inguruko enpresa txiki eta ertainekin izan dezakeen elkarlana, «negozio eta proiektu berriei bide emateko».

Bain Capital AEBetako funtsarena da ITP Aero egun, hark erosi zion hegazkin turbinen enpresa Rolls Royceri 1.700 milioi euroren truke. Orduan adierazi zuen Jaurlaritzak enpresaren jabetzaren zati bat eskuratu nahi zuela, eta iazko irailean akordio baten aurrekoa egin zuen funtsarekin. Orduan ez zen kopuru ofizialik jakinarazi, baina Jaurlaritza prest zegoen 60 milioi euroko inbertsioa egin eta akzioen %3-4 bereganatzeko. Beraz, baliteke 90 milioi euro inguru ordaindu izana orain.

Edonola ere, ez da Eusko Jaurlaritzak euskal enpresa baten partaidetza eskuratzen duen lehen aldia. Aurrez, Kaikuren %7 bereganatu zuen Finkatuz funtsaren bidez, eta, irailean, CAF konpainian zuen jabetza publikoa %1,76tik %3ra handitzea erabaki zuen.

Finkatuz funtsa 160 milioi euroko kapital sozialarekin abiarazi zuen Jaurlaritzak, eta 300 milioi euroraino handituz joateko borondatea azaldu zuen. Iaz 260 milioira iritsi zen jada, eta beste 60 milioi jarri ditu gobernuak datorren urteko aurrekontuen bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.