ITP Aeron ere kaleratzeak iragarri dituzte: lantaldearen %15

Konpainiak ez du zehaztu zenbat diren Euskal Herrian: 1.900 behargin ditu, Bizkaiko lau lantegitan. Uda ondoren aldi baterako enplegu erregulazioak amaitzean hasiko litzateke

Carlos Alzola ITP Aeroko zuzendaria, enpresak ekoitzitako pieza baten ondoan, Zamudioko lantegian. MIGUEL TOÑA / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Tubacexen ondoren beste bat etor zitekeela eta hori ere ez zela azkenengoa izango aurreratu zuen herenegun Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuak. Bada, atzo iritsi zen ITP Aeroren oharra, hori esan eta hurrengo egunean. Hegazkinentzako motorrak eta osagaiak ekoizten dituen Bizkaiko enpresak ez du gehiago itxaron, eta jakinarazi du guraizeak aterako dituela sektorearen krisiari erantzuteko: aurreratu du lantaldearen %15 murriztuko duela, eta enplegua mantentzeko gaur egun indarrean dauden ezohiko neurriak amaitzen direnean egingo duela hori; udaren ondoren, ziurrenik.

Rolls-Royce multinazionalaren jabetzakoa da ITP, eta guztira 4.000 langile inguru ditu Euskal Herrian eta beste sei herrialdetan: neurriak seiehun laguni eragingo lieke. Taldeak ez du zehaztu nola Euskal Herrian dituen lau plantetan, Bizkaian denak: Zamudion, Derion, Sestaon eta Barakaldokon. 1.900 behargin, guztira.

Enpresak adierazi du ITP Aeroren kaleratzeek ez dutela lotura zuzenik Rolls-Roycek maiatzaren 20an iragarritakoarekin. Horiek ere eragin dezakete Bizkaiko plantetan, bereziki ingeniari eta bulegoetako langileen artean.

ITP Aerok jakinarazi du bere doikuntza plana langileen ordezkariekin negoziatuko duela aldi baterako enplegu erregulazioak amaitzen direnean; alegia, uda ostean, Madrilek ez baditu gehiago luzatzen. Carlos Alzola zuzendariak ziurtatu duenez, saiatuko dira «inpaktu soziala mugatzen eta lanpostuak ahal den neurrian babesten».

ELA sindikatua gogor mintzatu da erabakiaren aurka. Enpresaren jokamoldea salatu du, langileek ez baitzuten neurriaren berri, eta azpimarratu du komunikabideei informazioa «filtratu» baino ordu batzuk lehenago jaso dutela haiek. «Modus operandi hori lantaldean izua sortzeko interesen ondorio baino ez da». Tapia sailburuari, berriz, egotzi dio «informazioa ezkutatzea» eta enpresen «notario gisa» aritzea, «hain dramatikoak» diren egoeren aurrean.

«Atsekabe handiz»

Ohar batean, ITP Aeroko buru Alzolak azaldu du langileak kaleratzeko erabakia «atsekabe handiz» hartu behar izan dutela. Azpimarratu du hegazkingintzaren industria «inoizko krisirik handienean» dagoela koronabirusaren ondorioz, eta zehaztu du motorren salmenta % 50 inguru jaitsi dela, eta beharrezkoa dela «egiturazko aldaketetara eta tamaina txikiagoko merkatu berrietara egokitzea».

Ziurtatu du neurria hartu aurretik ahal zuten guztia egin dutela. «Krisia hasi zenetik, lan kargaren beherakada ahal den neurrian arintzeko neurriak lantzen aritu gara. Neurri horiek erabilgarriak izan dira epe laburrean enplegua babesteko, baina ez dira jasangarriak epe luzera. Gaur [atzo] iragarritako kopurua ITP Aero enpresa indartsua eta lehiakorra izaten jarraitzeko epe ertainerako plan baten barruan dago», azaldu du.

Horren harira, Alzolak adierazi du enpresak bere produktu eta zerbitzuen teknologian inbertitzen jarraituko duela. Iaz, 95 milioiren irabaziak lortu zituen, aurreko urtean baino %37 gehiago. 983 milioi fakturatu zituen, %11 gehiago. Salmenten %67k aeronautika zibilarekin izan zuen lotura, eta %18k, militarrarekin. Gainerako %15ak, mantentze lanekin. Iazko azaroan lantegi berri bat zabaldu zuen, Deriokoa.

ELAren ustez, zuzendaritzak oharrean aipatzen duen krisia «egoeraren araberakoa da guztiz», eta aurreko urteetan izandako irabaziak eta egindako inbertsioakgogoratu ditu. Salatu du enpresakegungo testuingurua bilatu nahi duela «lan baldintzei eraso egiteko».

1989an sortu zuten ITP Aero, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta Euskal Herriko Sener ingeniaritza enpresaren babesarekin, eta hasierako akziodunen artean, Rolls-Royce multinazionala geratzen da soilik.

Hegazkingintzak indar handia hartu du azken urteetan, Araban eta Bizkaian nagusiki. ITP Aero, Aernnova, Aratz, Alestis, Sener, Aciturri eta beste 50 talde biltzen dituen Hegan klusterreko enpresek 5.000 langile dituzte Hego Euskal Herrian, eta beste 10.000 kanpoan. Apirilean ohartarazi zutenez, krisiak luzarorako kalteak eragingo ditu sektorean. Airbus da haien bezero nagusietako bat, eta heren bat txikitu du ekoizpena, eskarira egokitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.