ITP Aerok planta berria eraikiko du Derion, 14,2 milioi inbertituta

Rolls-Royceren aeronautika enpresak 160 lanpostu izan nahi ditu planta berrian; horietatik 60, enplegu berriak. ITPk eskarien «gorakada esanguratsua» espero du datozen urteetan

ITP Aeroren lantegi berriaren lehen harria jarri zuten atzo enpresak eta instituzioek. Irudian, Carlos Alzola, Arantxa Tapia eta Unai Rementeria, besteak beste. IREKIA.
Jon Fernandez.
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Lantegi berri bat eraikitzeko lehen harria jarri du ITP Aerok Bizkaiko Parke Teknologiko eta Zientifikoan (Zamudion eta Derion). ITPren egoitza nagusitik oso gertu egongo da planta berria, parke berean baitauka egoitza 1991z geroztik. Rolls-Royceren filialak 14,2 milioi euro inbertituko ditu lantegi berria eraikitzeko, eta espero du martxan jartzea datorren urteko udaberrirako. Hegazkinen motorren estalduretarako osagaiak diseinatu eta egingo dituzte bertan.

Bizpahiru urte barru, lantegi berriak 160 lanpostu izango ditu: horietatik 60 enplegu berriak izango dira —erdiak inguru goi mailako ikasketadunak—, eta gainontzeko 100ak Ugaldegurengo zentrotik (Zamudio) eramango dituzte Deriora.

Lehen harria jartzeko ekitaldian izan ziren atzo, besteak beste, Carlos Alzola ITP Aeroko zuzendari nagusia, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburua eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia. Alzolak nabarmendu du lantegi berria bat datorrela ITPren 2020ra bitarteko hazkunde estrategiarekin, eta bi asmori erantzuten diela: batetik, I+Garen inguruko ahalegina indartzea, eta, bestetik, «munduko aeronautika industriaren hazkunde aurreikuspenei erantzutea».

Erabakigunea, Londresen

Alzolak dioenez, datozen hogei urteetan 42.000 hegazkin berri beharko dira, eta, eskariaren igoera aurreikusita, ITP merkatuko posizioa indartzen ari da. Zuzendari nagusiak espero du hegazkinen motorren estalduretako osagaien eskariak «gorakada esanguratsua» izango duela datozen urteetan, hain zuzen ere gero eta gogorragoak direlako hegazkin berriek bete beharreko ingurumen eta teknologia baldintzak.

Zamudioko ITP (Industria de Turbo Propulsores) aeronautika konpainia Sener enpresa bizkaitarrak kontrolatzen zuen 2016ko uztailera arte. Baina, orduan, Ingalaterrako Rolls-Roycek erosi zion ITP, 720 milioi euroren truke. Erosketak zalantzak eragin zituen nagusiki sindikatuengan; izan ere, beste hainbat enpresa garrantzitsurekin gertatu den bezala —Gamesa ere Siemens alemaniarrak bereganatu zuen, esaterako—, erabakigunea Euskal Herritik kanpora joateko arriskua zekarren.

2016ko udan, Jaurlaritzak esan zuen ez zuela ikusten «arrazoi objektiborik» jabe berriengan konfiantzarik ez izateko; hala ere, aitortu zuen nahiago zuela Senerrek akziodun gisa jarraitzea, neurri txikiagoan bada ere. Erresuma Batuko taldea ITPren bazkidea izan da haren sorreratik, Senerrekin batera: 2016ra arte, Senerrek zituen ITPren akzioen %53, eta Rolls-Roycek, %47; 2016ko uztailaz geroztik, konpainia britainiarrarena da %100.

Konpainiaren erabakigunea praktikan Londresera eraman arren, ITPk Zamudion mantendu du egoitza nagusia. Eta lurraldera sustraituta dagoela nabarmendu zuen atzo ITP Aeroko zuzendariak, gogora ekarriz Derioko lantegi berriarena dela britainiarrek enpresa bereganatu zutenetik egindako «lehenengo inbertsio handia».

ITP Aerok eronautikan egiten du lan: salmenten %65 aeronautika zibilera bideratzen ditu; %15, mantentze zerbitzuetara; eta %20, aeronautika militarrera. Konpainiak 3.600 langiletik gora dauzka —2.300 inguru Hego Euskal Herrian eta Espainian—, eta iaz 850 milioi euro fakturatu zituen, 2016an baino %9 gehiago.

Arantxa Tapia sailburuak txalotu egin du ITP Aeroren eredua, «kalitatezko enplegua sortzeko I+Gren aldeko apustu sendoa» egin behar delako. Tapiak nabarmendu du aeronautika sektoreak %8 handitu zuela fakturazioa iaz, eta %6 enplegua, «kalitatezko enplegua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.