Lan jarduna

Italiak eten egin du ezinbestekoa ez den jardun produktiboa

Euskal Herrian bihar milaka langile aterako dira kalera lantokira joateko. Sindikatuk eskatzen ari dira eteteko hemen ere jardun produktiboa, eta babes neurriak ospitaleetara bideratzeko. Pedro Sanchezek atzo esan zuen datorren aste amaierarako «une oso gogorretarako» prestatzeko.

Koronabirusaren aurkako mezu bat, Italian. CLAUDIO PERI
jon ordonez garmendia
2020ko martxoaren 22a
11:53
Entzun

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak bart agerraldi batean jakinarazi du Italian eten egin dutela ezinbestekoa ez den ekoizpen jarduera oro. Apirilaren 3ra arte luzatuko da neurria. Ezinbestekoak diren sektoreen artean, nekazaritza, arrantza, elikadura eta hedabideak sartu ditu, eta soilik janari saltokiak, farmaziak eta parafarmaziak mantenduko dira zabalik. Banketxeak, posta zerbitzua eta aseguru etxeak ere irekita mantenduko dituzte.

«Bigarren Mundu Gerraz geroztik daukagun erronkarik handiena da. Batuta, lortuko dugu», esan du Contik. Lasai egoteko eskatu die italiarrei. Izan ere, datuak beldurgarriak dira han. Atzo, Italian inoiz baino pertsona gehiago hil ziren egun batean koronabirusagatik: 793. Jada 4.825 dira hilak herrialde horretan, eta 53.578 kutsatuak. Lombardia eskualdeari dagokio Datuen gorakada; atzo, 546 pertsona hil ziren.

Euskal Herrian ere pil-pilean dago jardun produktiboaren inguruko eztabaida, eta osasun sisteman beharrezkoak diren babes neurrien ingurukoarekin gurutzatu da. Koronabirusari aurre egiteko baliabide nahikorik gabe ari dira osasun zerbitzuetan, eta kexua ozendu egin da aste honetan Galdakaoko Ospitaleko erizain bat lanean birusaz kutsatu ostean hil ondoren. Jaurlaritza ari da materiala erosten, «direnak eta ez direnak» egiten ari da, baina erabilera erabat mugatu du. Hegoaldean bihar, gainera, lau eguneko etenaren ostean (jaieguna izanik osteguna, ostegunean ere itxita egon ziren lantoki gehienak), bihar milaka langilek kalera atera beharko dute lantokira joateko. Sindikatuek ohartarazi dute horrek, langileen osasuna arriskuan jartzeaz gain, osasun sistema bera ere kolapsatzera eraman dezakeela, eta eskatu dute eteteko hemen ere jarduera produktiboa. «Gutxieneko zerbitzuak, oinarrizkoak mantendu behar direla diogunon gainetik, elite ekonomiko eta politikoak produkzioari eutsi nahi dio. Eta, hala, langileak lanera joatera behartzen ari dira, segurtasun neurririk gabe, kasu ia guztietan», salatu du LAB sindikatuak, eta «egoera horietan planto egiteko» deia egin die langileei.

Adegik atzo jakinarazi duenez, Gipuzkoako Merkataritza Ganberarekin eta Adegirekin, 350.000 maskara erosi dituzte langileen artean banatzeko. Ikusita zein den ospitaleetako egoera eta okerrera egin dezakeela, sindikatuek eskatu dute baliabide horiek osasungintzara bideratzeko, eta ezinbestekoa ez den ekoizpena eteteko. Osasun etxeetan egon litekeen beharraren adibide, Arantzazuko (Bizkaia) alkateak herritarrei eskatu die eramateko maskarak eta eskuak garbitzeko gela Igorreko osasun etxera.

Italian bezala, Espainian ere Pedro Sanchezek agerraldi bat egin zuen atzo gauean, baina ez du iragarri neurri berririk. Hastear den astearen amaieran «une oso gogorrak» iritsiko direla aurreratu zuen, eta horretarako prestatzeko eskatu die herritarrei. Gaineratu du Espainian zaharrenek ez dutela hau bezalako une zailik gogoratzen 1936ko gerraz geroztik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.