Italia zetaren bidetik irten da

Txinarekin zuen akordioa hautsi du; G7ko herrialde bakarra zen. EBko eta Txinako agintariek goi bilera hasiko dute bihar.

MELONI
Georgia Meloni Italiako lehen ministroa. FILIP SINGER / EFE
jokin sagarzazu
2023ko abenduaren 6a
18:45
Entzun

Italiak ofizial egin du Zetaren Bide Berria deiturikoa utzi duela, 2019an Txinarekin sinatutako akordio ekonomikoa. Duela urtebete, gobernura iritsi zenean, Giorgia Melonik iragarri zuen ituna bertan behera utziko zuela, eta urte amaierara arte zeukan berritu ala ez erabakitzeko. Arrazoi ekonomikoak argudiatu ditu: etekinik ez duela lortu azaldu du. Horrez gain, erabakiak esanahi sinboliko handia du, Italia baitzen G7ko herrialdeen artean akordio horretara atxiki zen bakarra.

Zetaren bidea Xi Jinpingen gobernuaren proiektu estrategiko nagusietako bat da. Kontinenteen arteko azpiegitura sare bat garatzen ari da harreman komertzialak indartzeko. AEBak, Europako Batasunak eta Mendebaldeko beste herrialde batzuek mesfidantza handiz begiratzen diote egitasmoari. Haien ustez, Txinak munduan duen eragin ekonomiko eta politikoa handitzeko saiakera bat da. Besteak beste, errepideak, trenbideak, portuak, zubiak, oliobideak, energia plantak eta horrelako azpiegiturak eraikitzen lagunduko die bat egiten duten herrialdeei, Asiakoei, Afrikakoei eta Europako ekialdekoei.

Italiaren kasuan, Giuseppe Conteren lehen gobernuak sinatu zuen, 5 Izarren Mugimenduaren eta Ligaren babesarekin. Melonirenak atzera egin du. «Zetaren bidea ez da gure lehentasuna», esan du Antonio Tajani Barne ministroak, berri agentzia batean egindako adierazpenetan. Azaldu duenez, proiektuak ez ditu espero ziren emaitzak eman, eta gaineratu du batu ez diren herrialdeek emaitza hobeak lortu dituztela. Azken urteotan, Italiak Txinarekin duen merkataritza defizita handitu egin da. 2019an 13.000 milioi euro esportatu zizkion, eta 16.400 milioi 2022an. Aldiz, Txinatik egindako inportazioak 31.700 milioitik 57.500 milioira handitu dira.

Erabakia ez ezik, hori jakinarazteko momentuak ere esanahi berezia dauka, EBko eta Txinako agintariek Pekinen hasiko duten goi bileraren bezperan egin baita ofizial. Lau urtetik hona aurrez aurreko lehenengo bilera izango dute, eta testuinguru berezi batean gertatuko da. Ukrainiako gerrak hauspotutako krisi energetikoak hurbildu egin ditu Errusia eta Txina, eta horrengatik eta beste erabaki batzuengatik gaiztotu egin dira Pekinen eta Bruselaren arteko harreman komertzialak. EBk fronte bateratua erakutsi nahi du. Mahai gainean egongo dira, besteak beste, EBk berriki hartutako bi erabaki: Txinako auto elektrikoentzako diru laguntzak ikertzeko asmoz Bruselak hasiko duen ikerketa eta ibilgailu horien esportazioei jarriko dien zerga berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.