CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak 24 milioi euroko isuna jarri die Sidenor, Arcelormittal eta Balboa altzairugileei, uste baitu txatarra erosteko prezioan ados jarri zirela.
Agiri baten bidez CNMCk azaldu duenez, Balboak eta Sidenorrek elkarri eman zieten informazioa, eta gauza bera egin zuten Sidenorrek eta Arcelormittal Aceralia Basque Holding (Arcelormittal). Salatzaile anonimo batek eman zion informazioa Europako Batzordeari, eta hark jarri zuen jakinaren gainean CNMC.
Lehia agintaritzak egindako ikerketak dio hiru enpresek elkar trukatu zituztela txatarra hornitzaileei zer prezio eskaini behar zieten eta noiz egin behar zituzten geldialdi teknikoak. Horri esker, enpresak gai izan ziren txatar eskariaren beherakada aurreikusteko eta prezio txikiagoak eskaintzeko.
Gainera, merkatuan jakinak ez ziren prezioei buruzko informazioa elkar trukatu zuten.
«Horrekin guztiarekin, enpresa zigortuek, beren artean lehiakideak izan arren, jarrera antzekoa hartu ahal izan zuten, eta txatar hornidura ziurtatu zuten merkatuaren diziplinari jarraitu gabe», azaldu du CNMCk agirian.
Sidenorren helegitea
Agiri baten bidez, Sidenorrek azaldu du ez dagoela ados CNMCren ebazpenarekin, eta ez zuela legerik urratu. «Beti bete dugu legea, baita lehengai gisa txatarra erosi dugunean ere». Auzitegiek erabaki bitartean, isuna ez ordaindu behar izatea eskatu du Bizkaiko altzairugileak.