Lanaldia

Islandian lau eguneko lan astearekin egindako esperimentua arrakastatsua izan da

2015 eta 2019 artean aurrera eramandako saiakera zuzendu zuten ikertzaileen arabera, esperimentuaren ondorioz egun herrialdeko beharginen %86k aurrez baino ordu gutxiago lan egiten dituzte soldata beraren truke, edo hori lortzear dira. 35-36 ordu lan eginda ere, produktibitatea handitu da.

Reykjavik hiriburuko etxe batzuk.
Igor Susaeta.
2021eko uztailaren 6a
15:54
Entzun

Islandian esperimentu bat egin zuten 2015 eta 2019 artean. Reykjavikeko Udalak eta estatuko gobernuak hala erabakita, murriztu zituzten 2.500 bat behargin publikoren lan orduak. Horrenbestez, 40 orduko lan asteak 35ekoak edo 36koak bihurtu ziren, eta astean lau egunez lan egin zuten soldata mantenduta. Erresuma Batuko Autonomy think tank-ak eta Islandiarako Association Sustainable Democracy ALDA-k (Demokrazia Jasangarrirako Elkartea) zuzendu zuten saiakera, eta adierazi dute «erabateko arrakasta» eduki zuela. Haien arabera, horren ondorioz sindikatuek berriro negoziatu zituzten lan hitzarmenak, eta egun herrialdeko beharginen %86k aurrez baino lan ordu gutxiago egiten dituzte lansari beraren truke, edo hori lortzear dira. Ikerlariek azpimarratu dute, gainera, esperimentuan parte hartu zuten lanpostu gehienetan handitu egin zela produktibitatea.

Saiakeran parte hartu zuten, besteak beste, haur eskoletako langileek, bulegotakoek, eta zerbitzu sozialetako zein ospitaleetako hornitzaileek. Langileek adierazi zuten estres gutxiago zutela, eta bai haien osasuna, baita lanaren eta osasunaren arteko oreka ere hobetu zela. Esperimentua zuzendu zutenek nabarmendu dute langileek adierazi zutela denbora gehiago zeukatela senideekin egoteko eta etxeko lanak egiteko.

«[Ikerketak] Erakutsi du sektore publikoa prest dagoela lan aste laburragoetan aitzindariak izateko. Beste gobernu batzuek esperimentuaren ondorioetatik ikas dezakete», azaldu du Gudmundur Haraldsson ALDA-ko ikerlariak, BBC hedabidean. Jakinarazi du, bide batez, mundu guztian ari direla antzeko saiakerak egiten; esaterako, Espainian eta Zeelanda Berrian. «Islandiako esperientziak erakusten du ez soilik garai modernoetan lan gutxiago egitea posible dela, baizik eta aldaketa progresiboa gertatu daitekeela», gehitu du ikerlariak.

Ingurumenari ere eragin diezaioke lan astea murrizteak. Erresuma Batuko 4 Day Week Campaign (Lau Eguneko Lan Astea Kanpaina) plataformak maiatzean kaleratutako txosten batek iradokitzen du lan aste laburragoak lagungarriak izan zitezkeela karbono aztarna murrizteko orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.