Aurrenekoz emakume batek gidatuko du Adegi Gipuzkoako patronala: Isabel Busto donostiarrak. Euskal Herriko enpresaburuen elkarteen artean hirutan dago andre bat buruan. Iaz, Tamara Yaguek hartu zuen Confebask Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundearen gidaritza, eta, 2021etik, Carolina Perez de Toledo da Cebek Bizkaikoaren lehendakaria.
Bustok ostegun honetan hartu du aginte makila, Eduardo Junkeraren eskuetatik —Junkerak bi agintaldi egin ditu jarraian, hiru urtekoak—. «Harro» agertu da lehen emakumea izango delako, eta nabarmendu du horrek modua emango duela enpresaburuen elkartera «beste ikuskera bat» ekartzeko, «ez hobea, ez okerragoa, bateragarria baizik». «Nahiko nuke nire erabakia beste emakume batzuentzat eredu izatea, eta ateak irekitzeko balio izatea». Gaztelaniaz egin du hitzaldi guztia, hasierako eta amaierako agur hitzak izan ezik.
«Gero eta ohikoagoa da entzutea Gipuzkoan ez dela erakargarria enpresaburu izatea, ezta hainbeste esfortzu eginarazi diguten enpresei eustea ere»
ISABEL BUSTO Adegiko presidentea
Adegi 1983an sortu zuten, eta, orain arte, 11 gizonezko izan dira agintean: Antxon de la Cava, Jose Maria Vizcaino, Anton Marquet, Jesus Maria Agirre, Tomas Arizeta, Joxe Mari Korta, Jose Alberdi, Jose Etxeberria, Eduardo Zubiaurre, Pello Gibelalde eta Eduardo Junkera. Horien artean baten izena azpimarratu du patronaleko buru berriak: Joxe Mari Kortarena; ETAk hil zuen, 2000. urtean. Hura bezala «terrorismoaren biktima izandako enpresari guztiak» gogoratu ditu.
Busto ez da berria enpresaburuen elkarteetako agintaritza postuetan. Azaldu duen moduan, Adegin Junkeraren eskutik sartu zen, duela sei urte, eta haren ondokoa izan da. Zuzendariorde aritu da, halaber, Confebasken, eta urtebetez lehendakaria ere izan zen, 2022ko maiatzetik 2023kora, behin-behinean Eduardo Zubiaurre ordezkatu baitzuen hark kargua utzi behar izan zuenean gaixotasun bat tarteko.
Bustoren kezkak
Adegiko presidentea oso gutxitan mintzatu da komunikabideen aurrean. Hala egokitu zitzaion aldi bakarrenetako batean, Confebaskeko buru gisa, gogor mintzatu zen sindikatuen aurka, «lan gatazkak bultzatzeagatik». Elkarrizketa gutxi eman ditu, gainera. Horietako batzuetan adierazi du zer kezka nagusi dituen enpresari gisa, eta horietako batzuk nabarmendu ditu gaur: lan kostuen igoera, langile kualifikatuak aurkitzeko arazoak eta absentismoa. Horiei «lau trantsizioak» gehitu dizkio: digitala, ekologikoa, demografikoa eta kulturala.
Azken horri buruz, nabarmendu du Gipuzkoan enpresaburuei buruzko ikuskera aldatu beharra dagoela. «Gero eta ohikoagoa da entzutea Gipuzkoan ez dela erakargarria enpresaburu izatea, ezta hainbeste esfortzu eginarazi diguten enpresei eustea ere. Hori eragotzi behar dugu. Enpresei eta enpresaburuei prestigioa itzuli behar diegu».
Gaur egun Zucchetti Spain software enpresako zuzendariordea da Busto. 1988an hasi zuen ibilbide profesionala, I68 taldean, analista programatzaile gisa. 2015ean enpresako zuzendari nagusi izendatu zuten, eta, 2018an, Administrazio Kontseiluko presidente. 1990eko hamarkadaren hasieran, enpresaren kapitalean sartu zuen eta partaidetza hori nabarmen handituz joan zen, 2018ko urrian Zucchettik konpainia erosi zuen arte.
Bustok Ingeniaritza Informatikoa ikasi zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, MBA Executive titulua lortu zuen Deustuko Unibertsitatean, eta doktorea da Enpresa Lehiakortasunean. Gaia teknologia elektronikoen eta informazioaren industrien klusterreko presidenteordea ere izan da.
Haren izendatzearekin batera, Adegik artezkaritza kontseilua berritu du. Honako enpresa hauek parte hartuko dute: Savvy Data Systems,Irisbond, Gisma Asesoramiento, Graphenea, Artadi Alimentacion, Cementos Rezola, Kirolbet, Lacor, CAF Power, Super Amara, Bellota Herramientas, Tecnalia, Laulagun, CIE Legazpi, Euskabea, Construcciones Mecanicas Jose Lazpiur, Hine Renovables Cadinox, Leku-Ona, Gurutzpe, Durr Systems, Obe-Hettich, Vivebiotech, Hispavista, Ayesa, Hotel Arima, CEI Servicio de Prevencion, Kutxa fundazioa, Altuna y Uria, TTT, VASA, Elkar Spanset, Gureak Lanean, S.D. Eibar, Iberdrola, Lagumar Seas eta Mercadona.